INFO

Iratxe Sorzabal Madrilera eraman dute, Parisek ezarritako zigorra bete ondoren

Zazpi urte Fresneseko eta Reauko presondegian iragan ondoren, Iratxe Sorzabal euskal presoa espainiar Estatura eraman dute, Estremerara. Joan den otsailean Auzitegi Nazionalak 24 urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri zion irundarrari eta astelehen honetan baieztatu dute bere espetxeratzea.

Iratxe Sorzabal, Reau-ko kartzelan.

Zazpi urte Fresneseko eta Reauko presondegian iragan eta, Iratxe Sorzabal euskal presoa espainiar Estatura eraman dute, Estremerara. Joan den otsailean Auzitegi Nazionalak 24 urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri zion irundarrari eta kondena hori betetzen hasiko da orain. Astelehen honetan bere espetxeratzea baieztatu du.

Etxeratek eman du honen berri.



2015eko irailean Baigorrin atxilotu eta geroztik Paris inguruetako Fresnes eta Reauko presondegietan izan dute Iratxe Sorzabal. Aurtengo urtarrilean Madrilera eraman zuten auzipetua izateko. ETA erakundeak Gijonen 1996an burutu ekintza armatu batean parte hartzeagatik 24 urte eta sei hilabeteko ezarri zioten. Irundarrak 2001ean Guardia Zibilaren eskuetan jasan zituen torturak azaldu zituen epaileen aitzinean, baina entzungor egin zuen auzitegiak.

Epaiketa bukatu eta, Reaura eraman zuten berriz Sorzabal eta orain, frantziar Estatuan ezarri zioten zigorra bukaturik, Madrilera eraman dute aipatu zigorra bete dezan. Estremerako kartzelan sartu dute, Euskal Herritik 520 kilometrora.

Sorzabalek jasandakoa, hala ere, laster izango da albiste Euskal Herrian eta nazioartean. Torturak eta horiez mintzatzeko zailtasuna ardatz dituen ‘Bi arnas’ dokumentala Zinemaldian ikusi ahal izango da, hurrengo astean.

Elkarretaratzeak irailaren 22an

Bestalde, heldu den irailaren 22an ezagutuko da Ion Parot eta Jakes Esnal preso lapurtarren baldintzapeko askatasun eskaerari buruzko erabakia. 32 urtez kartzelan daramatzaten bi militanteek joan den uztailaren 21ean izan zuten audientzia Dei Auzitegian.

Deliberoa ezagutuko den egunerako, hots, irailaren 22rako, Bakegileek eta Bake Bideak elkarretaratzeak antolatu dituzte. 19.00etan izanen dira Baiona, Donibane Lohizune, Donibane Garazi eta Mauleko herriko etxeen aitzinean.