INFO

Osakidetzak irudi proben txostenak euskaraz ere eskaintzea eskatu du EH Bilduk

EH Bilduk ekimen bat aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean, Osakidetzak irudi proben txostenak euskaraz ere eskaintzeko. Izan ere, talde subiranistak adierazi duenez, erresonantziak, eskanerrak eta ekografiak bezalako proben txostenak gaztelaniaz bakarrik ematen ditu Osakidetzak gaur egun.

Rebeka Uberak Donostiako Ospitalearen aurrean. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak ekimen bat aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean «Osakidetzak aurrerapauso bat eman dezan euskararen erabilera normalizatzeko bidean». Zehazki, legez besteko proposamen baten bidez, erresonantziak, ekografiak eta eskanerrak bezalako irudi proben txostenak euskaraz jasotzeko aukera egon dadila eskatu du legebiltzarkide subiranistak.

«Gaur da eguna Osakidetzak proba horien txostenak gaztelaniaz bakarrik ematen dituela, eta bada garaia hizkuntza ofiziala den euskararen normalkuntzan jauzi kualitatiboak emateko», nabarmendu du.

Uberak salatu duenez, «2022an ez da ulergarria proba horien txostenak bi hizkuntza ofizialetan maneiatzeko arazoak egotea. Osakidetzari eskatzen dioguna da txosten horiek euskaraz ere eskaintzeko neurriak har ditzala».

Ratioak

Duela hamar egun legebiltzarkideak beste ekimen bat aurkeztu zuen Lakuak legez zehaztu dezan zein diren osasun sistema publikoan zein pribatuan, kategoria guztietan, bermatu beharreko gutxieneko ratioak.

Salatu zuenez, «osasun profesional nahikorik gabe ezinezkoa da kalitatezko osasun arreta bermatzea eta agintari publikoen ardura kalitatezko osasun arreta bermatzeko baldintzak eta bitartekoak bideratzea da, baina ez da hori, ordea, gertatzen ari dena».

«Asko dugu egiteko eta hobetzeko. Osasun profesionalen artean kexak gero eta gehiago dira, kalitatezko osasun arreta eskaintzeko gero eta zailtasun handiagoak dituztelako, behin-behinekotasuna areagotu duen urteetako kontratazio politikaren ondorioz eta profesional eskasiaren ondorioz, besteak beste», gaineratu du.