INFO

Gaur gaurkoz ezin da otsoa Oztibarren gertaturiko erasoen erantzule egin

Azken astetan 15 bat eraso salatu dituzte Oztibarreko eskualdeko artzainek. 13 kasu aztertu ondoren gaur gaurkoz ezin dela otsoa ardien aurkako erasoen erantzule egin argitu du Pirinio Atlantikoen Prefeturak.

Landibarre herriaren eremuan azaldu den «kanido handi baten» argazkiak aztertuko dituzte adituek Bordelen. (Guillaume FAUVEAU)

Azken astetan hainbat eraso pairatu dituzte Oztibarren. Bistan da egoerak kezka eragin du Nafarroa Behereko eskualdean, bereziki artzainen artean. Gaur asteartean Pirinio Atlantikoen Prefeturak erasoen nondik-norakoak argitzeko abian emandako ikerketaren behin-behineko emaitzak jakinarazi ditu. Salaturiko 15 kasuetatik 13tan otsoa ezin zela erasoen erantzule egin oharrarazi dute ikertzaileek.

Horrendako, gaur gaurkoz, otsoa ezin dela artaldetan gertaturiko sarraski horien erruduntzat jo nabarmendu du Prefeturak.

18 ardi hil ziren

Iragan agorrilaren 12az geroztik 15 eraso salatu dituzte Oztibarren. Orotara 36 ardi jo mugan hartuak izan dira, horietatik 18 hil eta bertze 18 zauritu zirela.

«Bi salaketen gaineko azterketak ez badira oraindik ere bururatu, baina lehenengo 13 kasutan eginiko azterketek otsoaren ardura behinik behin baztertzera eraman dute», zehaztu du agiri batean Paueko erakundeak.

Behin behineko txosten hori erasoa pairatu zuten 28 ardiei dagokio. Horietatik 13 hil ziren eta bertze 15 zauritu ziren.

Hain zuzen, adituak azterketa horiek burutzen ari zirela, agorrilaren 19an, «tamaina handiko kanibo bat» zelatatua izan zela argazki kameraren bidez jakinarazi du Prefeturak. Landibarren atzeman ziren animali horren aztarnak.

Argazkiek kalitate ertaina bazuten ere, dagoeneko Bioaniztasunaren Bulegora igorriak izan dira, Bordelera.

Zakur bat?

Egoera horretan, oraingoz ezin dela argi eta garbi esan «otso bat edo zakur bat» izan den ardien aurkako erasoen egilea berretsi du Prefeturak.

Erakundeak zehaztu duenez, departamenduak estaltzen duen lurraldean «isolaturik eta bakardadean bizi den otso ar baten presentzia baieztatua izan da».

Zehazki, Ossau bailaran, hau da Landibarretik 50 bat kilometrotara, finkatu da «otsoaren behin betiko presentzia gunea».

Estatu frantsesean orotara mila bat otso daude. Prefeturak oroitarazi duenez babestutako espeziea da otsoa.

Ehiza garaia zabaldu berria delarik, ez da soberan oroitaraztea hiru urteko kartzela zigorra eta 150.000 euroko salaketa har dezakeela otsoa hiltzen duen edonork.