INFO

Dena prest dago: Has dadila bertsogintzaren festa handia

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia hastear da. Getxon dago jarria lehen hitzordua datorren irailaren 24an. Abenduaren 18an izango da finala Iruñeko Navarra Arenan, kokaleku berrian. Tartean, Euskal Herrian barnako hamalau saio eta bertsogintza den orkestra handi horren erakustaldia.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko familia argazkia. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Lau urtean behin izaten da Txapelketa Nagusia. Aurten, bost urteren ondoren dator, derrigorrezko geldialdia eta lehortea izan duelako bertsoaren plazak. Plazarik gabe txapelketa ulertzea zaila denez eta iaz bertsoaren plaza apaletik zebilenez –osasun larrialdian jarritako baldintzak tarteko–, itxarotea erabaki zuen talde antolatzaileak. Eta itxaron eta txapelketa bete-betea antolatu dute aurtengo. Euskal Herrian barnako hamalau saio.

Ostegun arratsaldez Amasa-Villabonan izan da aurkezpen ekitaldian eman ditu azalpenak Gontzal Agotek, talde antolatzailearen izenean.

«Poza» zen berez bere hitzaldirako prestatua zuen lehenengo hitza. Aldiz, ekitaldiaren aurretik jakin da Txomin Garmendia bertsolaria hil dela 88 urterekin eta dolumin hitz gozoekin hasi du Agotek aurkezpena. Berrobiko bertsolari eta idazleak lautan kantatu zuen Txapelketa Nagusiko finalean eta 1967an Gipuzkoako txapela jantzi zuen.  

Osteguneko ekitaldia, txapelketaren txupinazoa nolabait, Beatriz Egizabal umoregileak gidatu du, sinadura oso propioz. Ez omen da bertsozalea, ezta bertsoaren kontrakoa ere. ‘Bertsofriendly’ izendatu du bere burua eta ertz horretatik marraztu du ‘unibertsoa’.

Txapelketan parte hartuko duten 41 bertsolariek ere umorea behar izango dute, Egizababalek berak aipatu duenez gauza seguru samarra baita «batzuk dagoeneko lorik egin gabe, hainbat idorreriarekin eta beste batzuk kaka jarioarekin» egongo direla. Gozagarritik adina izan dezake estuasunetik txapelketak bertsolarientzat.  

Txapelketaren korapilo horiek ondo asko ezagutzen dituen Jon Maiak ere izan du ekitaldian bere tartea. Maiak ere umoretik eutsi dio erronkari, txapelketa sasoian bertsolariaren buruan sortzen den armiarma sarearen zatitxo bat erakutsiz. «Zer gertatzen da behin izena emanda/ ondoren ematen duzula izana». «Gaur ematen dizu atzo berriz kendu». «Ahaztu bazaizu ahaztu zaizun hitza/ ez da atzo afaldu zenulako pizza». «Bertsolaria ez da horren atxur-kirten/ gaizki eginez gero ez du nahita egiten». «Ze hitz izango da urte hontako ‘erkin’/ nor sailkatuko da puntu erdirekin/ nor ustekabean ta nor usteekin/ norbait oroituko ote da nirekin».

Eta algarak, Txapelketa Nagusia ospakizun bat delako, atzetik jende askoren lana eskatzen duen ospakizun kolektiboa. Amasa-Villabonako Behar-Zana pilotalekuan nahas-mahasean ikusi ditugu txapelketak beharrezko dituen horiek guztiak; bertso eskoletakoak, aulkiak jarriko dituztenak, bertsolariak, epaileak, gai-jartzaileak, soinu teknikariak, sintonia egin dutenak...

Behin Txapelketa hasten denean, bakoitzak bere tokia eta eginkizuna hartuko du txapelketa den orkestra handi horretan. Getxon abiatuko da datorren irailaren 24an eta Iruñeko Nafarroa Arenan amaitu abenduaren 18an. Hori berritasun nagusietako bat, finalaren kokalekua. Beste berritasuna, kartzelako ariketari izena aldatu diotela da. Aurrerantzean, ganbarako ariketa izango da.
Esandakoa, lehenengo hitzordua irailaren 24an izango dute bertsozaleek Getxon eta, bigarrena, berriz, irailaren 25ean Arrasaten. Dena prest dago. Has dadila bertsogintzaren festa.