INFO

Aroztegiko ermita ez dela proiektu turistikoaren bultzatzailearena berretsi dute epaileek

Aroztegiako ermita ez da egitasmo turistikoa bultzatu duen enpresarena. Horrela berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epai batek. Jabegoa ez duela frogatu ebasten du sententziak. Baztango Udalak herri ondarea dela defendatzen du.

Aroztegian egin nahi duten egitasmoaren kontrako pegatina. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Aroztegiako ermita ez da Lekarozko eremu honetan prroiektu turistiko erraldoia eraiki nahi du Palacio de Arozteguia S.L. enpresarena. Horrela nabarmentzen du Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Zibil eta Zigor Aretoak eman berri duen sententzia batek. Auzitegi berak obrak baimenik gabe hasi zituztela ondorioztatu zuen otsailean.

Epai berri honetan enpresak paraturiko helegite baten aurka egiten du Auzitegia Nagusiak eta Baztango Udalari arrazoia ematen dio, ermita hau (San Martzial bezala ere ezagutzen dena) herritarrena dela nabarmenduz.

Baztango alkate Joseba Otondok NAIZi azaldu dionez, epai honek ez du egitasmo guzia goitik behera geldituk baina agerian uzten du proiektuaren bultzatzaileek bereak ez ziren lurrak bereganatu dituztela. «De facto-z egindako espropiazioa da», azaldu du. Nafarroako Gobernuaren ardura nabarmendu du ere jarduera hau egiten utzi duela PSIS delako tresna bezalakoak erabiliz.

Alkateak azaldu duenez, egitasmoa aurrera eramateko eremua zatitan banatzeko prozedura egin zen. Enpresak jabe txikien eta herri lurrak ziren orubeak beretzat hartu izan ditu, orain ermitaren kasuan Auzitegi Nagusiak berretsi duenez.

Ermitaren jabegoa ez da dokumentutan agertzen. Ezta Joaquin Galve epaileak aretoko presidente bezala sinatzen duen Auzitegi Nagusiaren epaian ere. Halere, usadioak baseliza Lekarozko herritarrena dela dio. Lekarozko herritarrek ermitaren giltzak izan dituzte duela gutxi arte. Baztango Udalaren asmoa ermitaren jabegoari buruzko ikerketa egitea da, horrela baseliza herritarrena dela frogatzeko. Hortik aurrera, ermita publikoa bezala inskribatzea izango zen hurrengo urratsa.

Epaiak argi uzten duena zera da: ermita ez dela egitasmo turistikoa bultzatu duen enpresarena. Idazkian argi eta garbi esaten da ez duela frogatu baselizaren gaineko jabegorik. Gauzak horrela, Palacio de Arozteguia S.L. enpresak kostak ordaindu behar dituela ebasten du.