Euskal gizarte zibilaren ordezkaritza batek jasoko du Bake Eraikuntzaren ICIP 2022 saria
Bakerako Nazioarteko Institutu Katalanak euskal gizarte zibilaren ordezkaritza bati emanen dio aurtengo Bakearen Eraikuntza saria, «bake eszenatokiak sortzeko eta gatazkak eraldatzeko egindako ekarpena» nabarmenduz.
ICIP (Bakerako Nazioarteko Institutu Katalana) erakundeak datorren asteazkenean, irailak 21, Bakearen Nazioarteko Egunean, ICIP Bakearen Eraikuntza 2022 saria emateko ekitaldia egingo du Kataluniako Parlamentuan, 17:30ean. Aurten, sariak Euskal Herriko gizarte zibilaren ekimen multzo anitza aintzatesten du, «bakearen aurrerabideari, indarkeria politikoaren amaierari eta bizikidetzarako eta adiskidetzerako esparru berriak sortzeari egindako ekarpenengatik».
Ekimen horien artean erakunde, talde, GKE eta esperientzia ugari daude, batzuk deseginda eta beste batzuk oraindik indarrean daudenak. Ekitaldian 17 pertsonaz osaturiko euskal ordezkaritza bat parte hartuko du entitate hauen izenean: Gernika Gogoratuz, Foro Sozial Iraunkorra (FSI), Elkarri/Lokarri, Bakearen Aldeko Koordinakundea, Baketik, Bakeola, Eskubidez, Giza eskubideen eta bakearen aldeko hezkuntza erakundeen foroa, Gernikako Bakearen Museoa, Ahotsak, Emagune, Donostiako Herritarren Foroa, herritarren topaketak, MemoriaLAB eta topaketa restauratiboak.
Aktore multzo honekin, sariaren bidez ere, erakunde, elkarte eta ekimen hauek «bake eszenatokiak sortzeko eta gatazkak eraldatzeko egindako ekarpena» nabarmendu nahi da.
ICIP 2022 Saria emateko ekitaldiaren buru Alba Vergés Kataluniako Parlamentuko presidenteordea eta Xavier Masllorens ICIPeko presidentea izango dira.
Euskal ordezkaritza osoaren ordezkari gisa, Maria Oianguren, Gernika Gogoratuzeko zuzendariak, eta Eneko Calle, Paz con Dignidad Elkarteko eta FSIko partaideak, jasoko dute saria.