INFO

Gure Zinema, ikus-entzunezkoen alorreko eragileak bildu dituen plataforma sortu da

Euskal Herrian sortu eta garatutako ikus-entzunezkoen kate osoa indartu eta ekoizpen hauetaz gozatzera zinema aretoetara erakarri nahi ditu ikusleak Gure Zinema plataforma berriak.

Plataforma berria gaur aurkeztu dute Zinemaldian. (GURE ZINEMA)

Gure Zinema, ikus-entzunezkoen sektoreko eragileak biltzen dituen plataforma aurkeztu dute astearte honetan Zinemaldian. Sara Cozar eta Joseba Usabiaga aktoreek azaldu dituzte ekimen honen helburuak: besteak beste, Euskal Herrian sortu eta garatutako ikus-entzunezkoen kate osoa indartzea eta ikusleak zinema aretoetara erakartzea ekoizpen hauetaz gozatzera.

«Sektoreko eragileak hilabetez elkarlanean aritzeari esker sortutako aliantza honek gure zinea indartu nahi du, eta ikusleei abantailak eskaini gure lanez pantaila handian gozatzeko aukera are gehiago izan ditzaten», adierazi dute astearte honetan egindako aurkezpen ekitaldian.

Sektore osoa bateratzeko bokazioarekin jaio da Gure Zinema. Hala nabarmendu dute gaur. Ekoiztetxeak, zuzendariak, gidoilariak, aktoreak eta filmen garapenean esku hartzen duten profesional guztien bilgune izan nahi du. Zinema aretoek ere badute tokirik «lan horien erakusleiho onena baitira», plataformako ordezkarien esanetan.

Sektoreko dozenaka ordezkari elkartu dira Kursaalean familia argazkia ateratzeko. Ekimenaren bultzatzaile dira ekoiztetxeak biltzen dituzten hiru elkarteak (Apika, EPE-APV eta Ibaia), EZAE, EiTB, baita jaialdiak, kultur erakundeak eta elkarteak ere. Esaterako, aktoreen eta gidoilarien elkarteak. Lakuako Kultura Saila da babeslea.

Datozen hilabeteetan hainbat ekimen jarriko dira abian ikusleek egitasmo honekin bat egin dezaten: zozketak, promozioak, aurrestreinaldiak eta VIP esperientziak. Gure Zinemak martxan ditu sare sozialetako profilak eta webgunea, eta horien bitartez emango da lehen ekintzen berri.