INFO

Talaia Ikastolako familiak «oso kezkatuta» daude garbitzaileen gatazka luzatzen ari delako

Bileraz betetako astea izan arren, ez dute aurrerapausorik eman Hondarribiko Talaia Ikastolako garbitzaileen auzia konpontzeko, eta zikinkeria pilatzen ari da. Psikomotrizitate gela itxi behar izan dute. Ostiral honetan manifestazioa egingo dute, ‘Eskolako zaborra, Udalaren ardura’ leloarekin.

Protesta gisa, patioan eman zuten eskola kurtso hasieran. Irudian, Biteri eraikineko ikasle eta irakasleak. (@Talaia_FE)

Joan den ikasturteko apiriletik greban dira Hondarribiko Talaia Ikastolako garbitzaileak. Udalak enpresa baten bidez ematen du zerbitzua (ISS Facility Services), eta enpresa horrek garbitzaile batzuk kontratatzen ditu. Otsailetik ari dira langileak ISSri lan baldintza hobeak negoziatzeko eskatzen, baina diotenez, momentuz ez du horretarako borondaterik agertu. Bitartean, eskolan zikinkeria handitzen ari da eta, horren ondorioz, osasun arazoak sortzen ari dira. Gurasoak «amorratuta eta oso kezkatuta» daude haien irudiz «denbora pasatzen uzten ari direlako».

Guraso Elkartearen iritziz, Hondarribiko Udala da zerbitzuaren arduraduna eta baditu tresnak enpresa presionatzeko, bi aldeekin batera eseri eta bitartekaritza lan bat egiteko eta, hala, akordioa bultzatzeko. «Sentsazioa dugu gaia utzi dela ea bere pisuz erortzen den eta hori ez da modua; heldu behar zaio», adierazi dio NAIZi Julen Luzuriaga aitak.

«Ez da gure zeregina baloratzea langileek ala enpresak duen arrazoia, arduraduna Udala da, kanpo zerbitzu bezala kontratatua duelako garbiketa. Zilegi da hala antolatzea baina arazoak gertatzen direnean esan behar da eredu hau erabiltzen ari delako gertatzen direla».

‘Eskolako zaborra, Udalaren ardura’

Ostiral honetan manifestazioa egingo dute, ‘Eskolako zaborra, Udalaren ardura’ leloarekin. 17.00etan da hitzordua, Biteri eraikinean, eta zarata ateratzeko tresnak eramateko eskatu dute. Mobilizazio jendetsua espero dute, eta datorren astean ere protestan jarraitzeko asmoa dute.

Izan ere, familiek kontatu dutenez, bilera ugari izan da aste honetan, baina ez dute emaitzarik eman. Asteartean langileak eta enpresa bildu ziren eta langileek esan zutenez, enpresa eroso dago eta abenduan kontratua luzatzea bilatzen du.

Hurrengo negoziazio bilera urriaren 4rako edo 5erako jarri izana harriduraz hartu dute familiek. «Denbora asko da, gainera ikusten dugu ez dela aurrera egiten. Gorlizeko eskolan antzeko egoera sufritu zuten eta 18 hilabetez luzatu zen arazoa. Kezkatuta, beldurtuta eta amorratuta gaude», azaldu du Luzuriagak.

Langileekin eta Udalarekin mintzatu dira eta, halakoetan gertatzen den bezala, alde bakoitzak kontuak modu batera kontatu dizkie. «Ulertzen ditugu, baina ez dugu ikusten soluziorik epe laburrean eta Udala presionatzen segituko dugu».

«Erdian gaude, sufritzen»

Nahiz eta Udalak baieztatu enpresaren eta langileen arteko gatazka dela eta ez dela sartuko, bileraren ondotik gurasoek ikusi dute zerbaitetan ari direla. «Baina ez dakigu zertan, ez dira biltzen enpresa eta langileekin batera. Langileen eta Udalaren artean giroa badirudi ez dela oso ona. Udalaren eta enpresaren arteko harremana ez dago hain mikaztua».

Eskolan, bitartean, egoera okerrera doa. Psikomotrizitate gela, 4 eta 5 urtekoena, itxi behar izan dute zikinkeriagatik eta beldur dira halakoak ugarituko diren. Lehenagotik arnas aparatuko arazoak dituzten ikasle eta irakasleen osasuna kaltetu da. Irakasle batek baino gehiagok musukoa berreskuratu du hautsagatik.

Gurasoek hiru agertoki ikusten dituzte gatazka bukatzeko. Bat: langileek greba uztea. Baina garbi dute ez dela gertatuko. Bi: langileak eta enpresa hitzarmena berritzeko ados jartzea eta berritzeak eskatzen duen kostu hori enpresak hartzea bere gain. Hori ere ez dute uste gertatuko denik, multinazional bat baita eta Hondarribiko negozioa ttipia baita berarentzat.

Hirugarren agertokia, azkenean gertatuko dena iruditzen zaiena, hitzarmena berritzean sortuko den kostuen handitze hori Udalak diru gehiago jarrita konpontzea da, lizitazio berri batekin. «Alde guztiek dakite hori iritsiko dela, baina denbora pasatzen da eta ez da aurrera egiten», azpimarratu du Julen Luzuriagak.

«Baten batek amore eman nahi ez duen sentsazioa dugu, eta gu erdian gaude, sufritzen; amore ez ematea ez diogu langileengatik, beste nonbait dago burugogorkeria, ez dakigu enpresan ala Udalean, misterioa da hori guretzat, baina harrituta gaude», adierazi du.