Distira berezik gabe izan bada ere, Jaka-Mariezkurrenak ez dute hutsik egin (22-16)
Aukeran huts gehitxo egin badituzte ere, Binakakoan bikotea osatu zuten lizartzarrak eta berriozartarrak hasieratik izan dute partida kontrolpean.
Gaizki ohituak gintuen aspaldion eta gaur agian ez du halako distirarik erakutsi –jo asko egin badu ere ohikoa baina pilota gehiago huts egin ditu– baina Jon Mariezkurrenak ez du hutsik egingo udako azken feriaren finalera, Jakak lagunduta, 22-16 irabazi baitiete Peña-Albisuri Adarragan, huts gehitxo izan dituen partidan.
Neguan Binakakoan batera aritu ziren bi bikote aritu dira gaurkoan Logroñon, baina batzuen eta besteen sasoiak ez du ordukoaren inolako antzik. Eskuko arazoekin, Jon Mariezkurrena ezinean aritu zen txapelketa osoan eta Jakarekin osatutako bikoak ez zuen funtzionatu. Peña-Albisuk, euren aldetik, bikain jokatu izan dute azken bi neguetan, finalean izan ziren 2021ean eta finalerdietan iaz, baina aurtengo udak ez ditu joko boladarik onenean harrapatu. Aurkaria kolpez behartu izan duten bikotea izan da gipuzkoarrena, baina gaur Adarragan eurak izan dira Jon Mariezkurrenaren erritmora moldatu behar izan dutenak.
Eta hor, dominatzera ohituta, deseroso aritu da Jon Ander Albisu, une oro Mariezkurrenaren bizkarra ikusi behar izan baitu. Opari askotxo egin ditu ataundarrak, zortzi bai azkenerako, eta azkar ikusi dute finalean egoteko behar zuten garaipen erosoa ezinezkoa izango zela eurentzat. Hala ere, borrokan jarraitu dute, etxetik begira Ezkurdia eta Rezustari itxaropen hari bat emanaz, batez ere 7-1 atzetik joan ostean, 11-8 gerturatzea lortu dutenean. Horiexek izan dira Albisuren tantorik onenak, baina kosta egin zaio Peñari aukerako pilotak uztea eta tolosarrak ere ez du bere egunik inspiratuena izan errematean.
Partidaren bigarren zati horretan, Erik Jaka izan da azkenerako pilotalekuari neurria hartu eta tanto piloa batu dituena. Lizartzarra ere txaparekin eta marrekin haserre ibili da uneren batean, baina 10 tanto pilatuta, hauetariko 7 airez, garaipenak ez die ihes egin faboritoei.
Aldaketak Ardoaren Desafioan
Finaleko bikoteak zeintzuk izango diren erabakita, enpresek larunbateko Ardoaren Desafioan parte hartuko duten pilotariak zehaztu dituzte eta azken uneko aldaketak izan dira. Berez, lau eta erdian Peñak eta Peio Etxeberriak jokatu behar zuten, baina tolosarra binakako partidan arituko da eta Dario eta Bakaikoa arituko dira kaiolan. Binaka Peña II.a-Imaz eta Zabala-Zabaleta ariko dira elkarren aurka eta aurreikusi bezala, buruz buru Artolak eta Irribarriak neurtuko dituzte indarrak.
FITXA TEKNIKOA:
Jaka-Mariezkurrena: 22
Peña II.a-Albisu: 16
Pilotakadak: 568. Iraupena: 60,56 minutu. Markagailua: 0-1, 7-1, 7-4, 8-4, 8-5, 10-5, 10-7, 11-7, 11-8, 15-8, 15-11, 17-11, 17-12, 19-12, 19-16, 22-16. Sakeak: 0 Jakak eta 1 Peña II.ak. Egindakoak: 10 Jakak, 3 Mariezkurrenak, 3 Peña II.ak eta 1 Albisuk. Galdutakoak: 4 Jakak, 5 Mariezkurrenak, 2 Peña II.ak eta 8 Albisuk. Gorabeherak: 835 pilotazale Adarragako harmailetan