INFO

Donibane Garazira sartzeko seinaleetan euskara lehenesteko ekintza berria egin du Herribiltzak

Herribiltzak ekintza berri bat egin zuen larunbat honetan Donibane Garazin. Hiriburuko sarrerako kartel elebidunen ordena aldatu dute, euskarazkoa lehenetsiz. Abuztuan halako ekimenak egin zituzten, Ipar Euskal Herrian 1997tik euskarak beheranzko joeran dagoela salatzeko.

Larunbatean egindako ekimenaren argazkia. (HERRIBILTZA)

Herribiltzak ekintza berri bat egin zuen larunbatean Donibane Garazin. Nafarroa Behereko hiriburuko sarrerako kartel elebidunen ordena aldatu zuten, euskarazkoa lehenetsiz.

«Pirinio Atlantikoetako departamenduko Kontseilu Nagusiak ez duenez gure bilkura eskaerari erantzuten, euskararen bizirik irautearen aldeko auzolanekin segitu dugu», nabarmendu dute astelehen honetan komunikabideei bidalitako ohar batean.

Bertan azaltzen dutenez, «joan den ostegunean aldiz, Donibane Garaziko auzapezarekin bilkura bat egin genuen. Herrien izenen bide bazterreko taulen kudeaketa departamenduaren esku dela adierazi zigun eta departamenduari gure bilkura eskaera helaraziko ziola erran zigun».

Udan zehar Herribiltzak halako ekimenak eraman zituen aurrera, 1997tik Ipar Euskal Herrian euskararen erabilera txikitzen jarraitzen duela salatzeko.

Abuztuan nabarmendu zutenez, Pirinio Atlantikoetako departamentuko eta Nafarroa Behereko hiriburuko Herriko Etxeko ordezkariekin harremanetan sartzen saiatu dira martxotik, zehazki herri seinaletikari buruz mintzatzeko.

Erantzunik eza azaldu eta salatu zuten: «Ipar Euskal Herriko erakunde politiko, ekonomiko, sozial eta kultural gehienek, ez diote euskarari lehentasuna eta nagusitasuna ematen, eta ondorioz gure hizkuntza heriotzara kondenatzen dute».