INFO

Uholdeak izateko arriskuagatik abisu laranja piztu dute Ipar Euskal Herrian

Ondoko 24 orduetan azkeneko hilabetean bildu den batezbesteko euri kopuru bera erortzeko arriskuaz ohartarazi ondoren, Meteo Francek uholde arriskuarengatik abisu laranja ezarri du Ipar Euskal Herrian.

Iazko abenduan izan ziren euriteen karietara Errobi ibaiak gainezka egin zuen Bidarrain. (Bob EDME)

Ondoko 24 orduetan irail osoan Ipar Euskal Herrian metatu den euri prezipitazio bera bota dezakeelako abisu laranja ezarri du Meteo Francek eurite eta uholde arriskuagatik.

Hexagono mailan departamendu bakarrari dagokio iragarpen hori. Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen Departamenduan eurite azkarrak espero dira gaur gauetik aitzin eta uholde arriskua handia delako abisu laranja piztu dute.

Horretaz gain abisu horia ezarri du Meteo Francek Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin haize bolada handiak espero direlako. Abisu horia ere badaitsasoan olatu altuak espero direlako eta Lapurdiko kostan bereziki ekaitzak gertatu ahal direlako.

Meteo Francek bere gaurko buletinean jaso duenez, 20 litro metro karratu ur pilatu dira azken 24 orduetan Ipar Euskal Herria barne den departamenduan.

Oroitzearren, uztailaz geroztik Ipar Euskal Herria kolpatzen duen idorte handia izanik astelehenean uraren kontsumoa murrizteko agindutako murrizketak luzatzea deliberatu zuen Pirinio Atlantikoen Departamenduak sorturiko batzorde bereziak.

Eguraldiaren azken iragarpen horren arabera, «gau honetatik landa euri jasak areago egingo dira» lurralde osoan. Meteo Francek aurreratu duenez «60, 80 eta hainbat tokitan metro karratuko 110 litro euri neurtu daitezke» datozen orduetan.