Asier Agirrek Lau eta Erdiko Txapelketa jokatzeko txartela eskuratu du
Iruindarrak 22-13 menderatu du Joanes Bakaikoa Baikoren atarikoan eta kaiolako final-zortzirenetan izango da. Airez hobeto moldatzen dela erakutsi du Arrotxapeakoak eta aurkaria ongi mugituz 15-4 aurreratu da, nahiz eta bigarren erdian sufritzea tokatu zaion, batez ere fisikoki.
Asier Agirrek Lau eta Erdiko Txapelketa jokatzeko aukera izango du, Baikok antolatutako atarikoan Joanes Bakaikoari 22-13 irabazi ostean. Iruindarrak alde handia izan du markagailuan hasieratik eta, bigarren zatian sufritzea tokatu zaion arren, merezita lortu du aurrera egiteko txartela.
Joanes Bakaikoa izan da 0-2 aurreratu dena sakez egindako bi tantori esker. Baina hasierako tentsioak gainetik kendu dituenean, Agirre jokoan nagusitzen hasi da. Airez pilota ongi mugituz, aurkaria etengabe defentsa lanean aritzera behartu du eta errematean ere fin ibili da.
Sakez zuzenean bi tanto bakarrik egin ditu arrotxapearrak, baina sake-errematearekin min handia egin du partidaren lehen erdi luzean, eta horri esker 15-4 egin du ihes markagailuan. Bakaikoa erabat ernegatuta ikusten zen eta egoerari buelta eman ezinik.
Hala ere, markagailuan aldea handia izan arren, egia da neurketa gogorra joan dela hasieratik, tanto gogor eta piloteatu askorekin. Eta beste askotan bezala, fisikoki Bakaikoak hobeto iraun du partidaren bigarren erdian.
Agirre nekatuta ikusi dugu erditik aurrera eta Bakaikoa apurka-apurka tarteak murrizten joan da. Agirreren garaipena ez da arriskuan egon –Bakaikoa sei tantora hurbildu da gehienez, 19-13an–, baina gogotik sufritu behar izan du koltxoi horri eusteko eta aurkariari bizitza ez emateko.
Azkenean, pare bat atseden eskatu ondoren, freskotasun apur bat berreskuratu du iruindarrak eta neurketako azken hiru tantoak segidan egin ditu, hirurak gantxoz.
«Ze gogorra den Joanes!», nabarmenduz hasi du Agirrek partida ondoreneko bere agerraldia. «Ongi hasi naiz, pilotari abiadura emanez. Berak baino abiadura gehiago ematen nion. Baina Joanes oso gogorra da, tantoa egin behar duzu, berak ez duelako ezer oparitzen, eta azkenean kosta egin zait 22ra heltzea».
«Erdialde horretan asko sufritu dut, larri ikusi dut nire burua eta une kritiko bat igaro dut», onartu du Agirrek, lortutako sariarekin oso pozik. «Sari polita da onenekin batera egotea, harro nago nire buruaz», gehitu du.
Joanes Bakaikoa, aldiz, burumakur agertu da. «Sinplea da: nik ez dut nire eguna izan eta Asier hobea izan da», laburtu du norgehiagoka. «Lotuta bezala sentitu naiz, geldo, agure bat ematen nuen, eta maila honetan jokatzen den erritmora hankek ez badute erantzuten alferrik da», gehitu du.
Pilotakadak: 340. Partidaren iraupena: 57 minutu eta 46 segundo. Markagailua: 0-2, 3-2, 3-3, 7-3, 7-4, 15-4, 15-8, 19-8, 19-13 eta 22-13. Sakez: 2 Agirrek eta 2 Bakaikoak. Jokoan eginak: 15 Agirrek eta 7 Bakaikoak. Galdutakoak: 4 Agirrek eta 5 Bakaikoak. Gertaerak: Tolosako Beotibar pilotalekua. Agirrek aita izan du botilero eta Bakaikoak Aranguren. Lehen sakea, urdin.