INFO

Lan mundua hankaz gora jar dezakeen eraldaketa ekosoziala marraztu dute Portugaleten

Zaila da esatea zer epetan eta nolakoa izango den aurreikustea, baina argi dago eraldaketa ekosozialak gatazkak ekarriko dituela, baita horiek beste eredu bat eraikitzeko gakoa izan daitezkeela ere. Lanpostuak galduko dituzten sektoreez hitz egin da Portugaleten, baita sortuko dituztenenaz ere.

Irudian, larunbat honetan Sastrakan ospatu diren hitzaldietako une bat. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Portugaleteko Sastraka espazioan ospatzen ari diren Ekopaketeen hitzaldietako bat lan mundura hurbildu da gaur arratsaldean. “Krisi Ekosozialaren aurrean nola antolatu lana eta enplegua” izan da planteatu duten gogoeta, eta hiru hizlari izan dira gaia jorratzeko gonbidatuak: Luis Gonzalez Reyes Ecologistas en Acción antolakunde ekologistako kidea, Ainhara Plazaola ELA sindikatuko ingurumen idazkaria eta Emilio Santiago Muiño, CSICeko (Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilua) ikertzailea.

Bizi dugun krisi energetiko eta materialen krisi egoera honetan, eraldaketa ekosozialari lotutako desazkundeak ekarriko lituzkeen lanpostuen galeraz eta sorreraz galdetu zaie hiru adituei.

Klima-antropologian aditua, Santiagok lan-merkatuaren eta eraldaketa handia jasango duten sektoreen berdiseinuaz hitz egin du. Testuinguru horretan kokatu ditu nekazaritzako elikadurarena eta mugikortasunari lotutakoa, baina baita enplegu berdeari lotuta aukera gehiago izango dituzten espazioak, eta birziklatzearekin, trenbidearen garapenarekin eta klima-aldaketara egokitzearekin lotutakoak.

Bide berean, Plazaolak onartu du bidezko trantsizio ekosozialak sektore batzuetan enpleguak galtzea ekarriko duela, eta planteatu du irizpideak ere finkatu beharko direla zer enplegu diren onargarriak, beharrezkoak... ebaluatzeko. Argi utzi duena da metalurgia bezalako sektoreak izango direla energiaren eta materialen kontsumo altuak gehien eragingo dien sektoreak, baita automobilgintza ere, «gure herriko sektore nagusi bi», azpimarratu duenez.

Aldiz, lanpostuak sortuko dituzten sektoreen artean, energia berriztagarriena, zaintzarekin lotutakoa, hezkuntza, kulturgintza edo giza jarduerak eragindako kalteak lehengoratzearekin lotutakoak jarri ditu adibidetzat.

Ecologistas en Accion-eko sortzaileetako bat den Luis Gonzalezek nabarmendu duenez, iturri energetiko eta materialenetan oinarrituta dago Hego Euskal Herriko industria eta «horrek inpaktuak ditu eta jasanezina da une historiko honetan».

Adituaren ustez, «gure enplegu-eredua ez da mantenduko enpleguen galera garbi eta handiarekin», beraz industria sektorea izango da «berregituraketa sendo» bat izango duena. Etorriko den errealitate berriari begira, esparru merkantilizatutik ateratzen diren espazio komunitarioak aipatu ditu adibide gisa, ikuspegi komunitarioa eta autonomiaren ideian sakonduz.

Langile klasearen protagonismoa

Eraldaketa ekosozial horretan langile klaseak jokatuko duen paperaz galdetuta, «trantsizioak zer eredura eramango gaituen» erabakitzeko bide horretan duen protagonismoa defendatu du Plazaolak.

Gogora ekarri du Hego Euskal Herriak konfrontazio maila handiak dituela, «eredugarritzat» hartzen den zerbait, eta planteatu du, halaber, azken urteetako hainbat lan gatazka, nagusiki bizitzaren sostengarritasunarekin lotutako sektore feminizatuetan, «asko irakatsi» dutela, sistema kolokan jarri eta jakin izan dutelako zentroan bizitzarako benetan garrantzitsua dena jartzen.

Aipatu duenez, greba luze-luzeak dira horietako gehienak, ez dira bi egunetan langileen alde errotzen direnak, eta beste ezaugarri komun bat dute, ondoan izaten dituzten eragileak, mugimendu feminista kasu. «Intersekzionalitate hori oso garrantzitsua da», nabarmendu duenez.

«Ez da kasualitatea gaitasun eraldatzaile handiagoa egotea langile-klase indartsu bat eta herri-kontzientzia dagoen lekuetan», adierazi du Santiagok, langile klaseak eta sindikatuek jokatuko duten paper nagusia azpimarratuz.

Bihar itxiko dituzte jardunaldiak. Horren ondoan, beharrezkoa izango diren marko normatiboa eta politikak aipatu ditu, Estatuan historikoki eman den elkarte-maila txikia aipatuz.

Mugimendu neofaxistak

Sindikatuek eta mugimendu sozialek izango duten borroka espazio horretan erabat erreakzionarioak diren proposamenak gailentzen saiatuko diren mugimendu faxisten sarreraz hitz egin du Gonzalez Reyesek.  «Hau lehen mailako erronka izango da, eta horri aurre egiteko, konfrontazioa baino» beste «iruditeria berriak» eta alternatibak eraikitzea» bezalako formulak bilatu beharko direla defendatu du.

Barikutik Sastraka espazio autogestionatuan ospatzen ari diren jardunaldiak igande honetan itxiko dituzte hiru forotan: Joxemi Zumalabe fundazioak gidatuko du “Nola heldu krisi ekosozialari Euskal Herritik” hizpide izango duen foroetako batek. Bizkaian, uraren kudeaketaren inguruan ematen ari den pribatizazio prozesua azaltzen duen “Monopolia, Agua: negocio y poder político” dokumentalaren emanaldia izango da, eta “Mundua eraldatuz gozatzeko errezeta« liburuaren aurkezpena izango da hirugarren proposamena.

Portugaleteko Merkatu Plazatik, 12.30ean abiatuko den mobilizazio batek eta ondorengo itxiera ekitaldiarekin emango diete amaiera «ekologiaren garaiari» begira jarri den eztabaida foroari.