INFO

Austriak Europako Justiziaren aurrean salatu du gas eta nuklearra «berde» izendatu izana

Austriak salaketa bat aurkeztu zuen astelehenean Europar Batasuneko Justizia Auzitegian, Europar Batasunak onartutako energia nuklearraren eta gasaren sailkapen «berdea»ren aurka. Energia atomikoa jasangarria ez dela adierazten duten nazioarteko adituen txosten batean oinarritzen da salaketa.
 

Isar zentral nuklearra, Alemaniako hegoaldean. (Christof STACHE | AFP)

Austriako Gobernuak salaketa bat aurkeztu du Europar Batasuneko Justizia Auzitegian, Europar Batasunak onartutako energia nuklearraren eta gasaren sailkapen ‘berdea’ren aurka.

‘Kurier’ egunkariak jakinarazi duenez, salaketa astelehenean aurkeztu zen, legezko epea amaitu baino egun batzuk lehenago, eta Austriako Energia eta Ingurumen ministro Leonore Gewessler ekologistak iragarritako neurria betez.

Egunkariaren arabera, energia atomikoa jasangarria ez dela adierazten duten nazioarteko adituen txosten batean oinarritzen da Vienako Gobernuaren salaketa.

Austriak ere uste du Europako Batzordeak aurkeztutako araudiak ez duela legedia betetzen, erakunde horrek ez baitu eskumenik halako erabakiak hartzeko. Prozeduran izan diren akatsak ere aipatzen dira, EBko estatuek denbora gutxi izan dutelako neurriak ebaluatzeko.

«Jasangarritzat» jotzen diren inbertsioen sailkapen berrian agertzen dira, besteak beste, 2045 baino lehen eraikitzeko baimena duten zentral nuklearrak eta 2031 urtera arte kilowatt orduko 270 gramo CO2 baino gutxiago isurtzen duten gas-plantak.

«Taxonomia» honen helburua da energiaren, nekazaritzaren, garraioaren edo industriaren sektoreetan egiten diren inbertsioak «helburu iraunkorretara» bideratzea.

Frantziako Estatuak eta Europako iparraldeko herrialde batzuek sailkapena babestu dute, eta 2023ko urtarrilaren 1ean indarrean sartuko dela adierazi dute. Austria, Danimarka, espainiar Estatua eta Luxenburgo, aldiz, aurka agertu dira.

«Etorkizuna suntsitzen dute»

Gewesslerrek behin baino gehiagotan salatu du sailkapen hori energia atomikoaren eta gas naturalaren arriskuak ezkutatzen dituela, greenwashing-ren bitartez, «klimarentzat kaltegarriak direlako eta gure seme-alaben etorkizuna suntsitzen dutelako».

Austriak, lege baten bidez, energia nuklearra erabiltzeko debekua ezarri zuen, 1978an erreferendum batek jada eraikita zegoen zentral atomiko bat irekitzeari uko egin ondoren. Gewesslerren jarrera Austriako Alderdi Popularrak (ÖVP) babestu du, gaur egun gobernu-koalizioa osatzen duena Berdeekin batera.