INFO

Bizkaiko hondartzetako erabiltzaileak %13,26 hazi dira iazkoaren aldean

Bizkaiko hondartzetara joan direnen kopurua %13 igo da aurtengo udan, iazkoarekin alderatuta. Kopurua 2020koaren oso antzekoa izan da, Aldundiaren txosten baten arabera. Erabiltzaile gehien jaso dituen hondartza Zierbenako Arena izan da, 449.847 pertsonekin.

Plentziako hondartzako artxiboko irudia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bizkaiko Aldundiak hondartzen denboraldiaren emaitza eman du ostiral honetan. Denboraldi honetan 49 egun eguzkitsu eta beste hainbeste lainotsu izan dira, 20 egun meteorologia aldakorrekin eta bakarrik 4 euritsu.

Aldundiaren datuen arabera, 2.653.009 pertsona bertaratu dira Bizkaiko hondartzetara. Horrek esan nahi du %13,26ko igoera izan dela iazkoarekin alderatuta, eta hondartzetako joan-etorria 2020koen oso antzeko mailetan egon dela.

Erabiltzaile gehien jaso dituzten hondartzak Zierbenako Arena (449.847 pertsona), Arriatera-Atxabiribil (312.087), Gorliz (241.670) eta Bakio (229.136) izan dira. Eta hondartzetara jende gehien joan den hilabetea uztaila izan da, 1.131.742 bisitarirekin, aurreko ekitaldietan ez bezala, horietan abuztuak bildu zuelako bisita gehien.

Bizkaiko Foru Aldundirako Gurutze Gorriak ematen duen Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuan ere nabarmendu da hondartzetara joan diren pertsonen kopurua handitu dela eta zerbitzu horrek laguntza gehiago eman ditu: 4.185,  2021ean 3.905 izan zirenean.

Kasu honetan ere uztaila izan da, pertsona-fluxu handieneko aldia, jarduketa gehien biltzen dituen hilabetea (1.596), eta, ondoren, abuztua, 1.339 egin baitziren.

Ohikoa den bezala, sorosle-taldearen arreta gehienak zauriak (2.220) eta xabiroi zuriaren ziztadak (536) izan dira. Horiek ez ezik, 101 erreskate egin dira itsasoan: 35 nekeagatik eta 66 ur-korronteengatik.

Beste alde batetik, hondartzainek 753 gorabehera erregistratu dituzte (iaz baino 425 gutxiago) eta 48 erreklamazio jaso dituzte (2021ean baino 8 gutxiago).

Hondartzetako garbiketa-zerbitzuak 596.620 kilo hondakin bildu ditu, eta horietatik gehienak itsasaldiak itsasertzean utzitako materialak izan dira (394.800 kilo). Beste 147.300 kilo erabiltzaileek zakarrontzi berdeetan botatakoak izan dira, eta beste 54.520 kilo ontziak.