INFO
Entrevue
Kirmen Uribe
Idazlea

«Euskaldun gisa ikusten gaituzte AEBetan eta hori da inportantea»

Elizabeth Maclinek ingelesera itzuli zuen ‘Bilbao-New York-Bilbao’. 2014. urtea zen. Britainia Handiko irakurleek ezagutzen dute beraz Kirmen Uriberen nobela. Orain Atlantikoa zeharkatu du.

Kirmen Uribek MIkel Urdangarin izan zuen lagun Lincoln Centerreko aurkezpen ekitaldian. (ORIO)

‘Bilbao-New York-Bilbao’ (Elkar) liburuak Euskal Herriko mugak aspaldi gurutzatuak zituen eta orain AEBetako merkatua du zain Kirmen Uribek. Pozik hartu du berria. Joan den asteartean argitaratu zen liburua han eta herenegun ospatu zuen Lincoln Centerren lagunez eta kazetariz inguratuta. NAIZen telefono deiari adeitsu erantzun dio, ohikoa duen gisan.

Pozik, ezta? Nola sortu da New Yorkeko Coffee House Press argitaletxearen aukera?

Bai, pozik! Lizzie Davies editoreak irakurri zuen liburua eta esan zuen ‘bete-betean doa gure bilduman’. Nolabait formaz desberdinak diren liburuak argitaratzea dute gustuko, artefaktu literarioak, ohikotik aldendu eta beste egitura batzuk dituztenak. Argitaletxe independentea da, itzulpenak ere asko ateratzen dituzte... eta gure moduko liburu ‘txoro’ batentzat, formalki hain berezia den batentzat, toki egokia da.

New York duzu orain bizileku, ez da ‘Bitartean heldu eskutik’ lanarekin gertatu zena.

Bai, egia da. Hona etorri eta aurkezpenak egin genituen baina ez da gauza bera. Osteguneko aurkezpenean ikusi zen, lagunak etorri ziren, kazetariak, idazleak, Unibertsitateko kideak... Itzulitako literaturatan interesa duen jendea zegoen ekitaldian... Irakurlegoa egiten ari naiz hemen. Nik uste garai onean argitaratu dela AEBetan zeren irakurlegoa ohituagoa dago autofikzioa edo hain egitura zatikatua duten liburuak irakurtzera, baita itzulpena ere. AEBetan duela gutxira arte oso gutxi argitaratzen zen itzulitako literatura. Erreseinak ere atera dira prentsan, hiru, eta denak baikorrak, beraz pozik. Azkar atera ohi dituzte.

Mikel Urdangarin ere ospakizunean ondoan izan zenuen.

Bai, hona egindako lehenengo bidaian ere, 2003an, hemen egon zen. Nolabait zikloa ixteko ala berria zabaltzeko, ez nago seguru... nik uste irekitzen ari garela. Pianoarekin lagundu zidan pasarte batzuk irakurtzen eta ondoren pare bat kantu abestu zituen, nire letrekin eginak. Oso eskuzabala izan zen horretarako bakarrik etorriz hona.

Euskal literaturak txoko bat egingo du AEBetan.

Oso zabalik daude euskaraz egindako lanak irakurtzeko, munduko beste hizkuntza askotara bezala. Oso zabalik daude hegemonikoak ez diren tradizioetara, gero eta gehiago. Gutxiengoek, emakumeek... orain harrera hobea izango dute. Osteguneko ekitaldian pasarte bat euskaraz irakurtzen ari nintzenean oso isilik zeuden bertan bildutakoak, errespetu handiz, entzuten. Gainera, euskaldun gisa ikusten gaituzte eta hori da inportantea. Hemen euskaldunak gara, ez beste ezer. Agian hor daukagu arazo gehiago geure burua definitzeko! Eta hizkuntza zoragarria daukagu, argi ikusten dut.

Hizkuntza berri bat ezagutzean bere sonoritatea nolakoa nahi den jakin nahi dugu, horregatik isiltasuna.

Bai, euskararen musikara adi.

Bira egitekoa zara hainbat estatutan. Non ibiliko zara?

Urtean zehar irakurleekin solasaldiak egingo ditut liburu-dendatan. Dallas, Boston, San Francisco –itzulpen zentro batean– eta nola ez, Renora ere joango  naiz, euskaldunen artera. Miamiko jaialdira ere bai. Gehiago ere aterako dira.

Aukera polita publiko berriarekin topo egiteko.

Bai, irakurle berriekin. Irakurzaletasun handia dago hemen, jendeak asko asko irakurtzen du, aukera polita da euren erreakzioa ikusteko eta bide batez nirekin maletan euskara eramateko.

Familia hartuta joan zinen Cullman beka irabazita eta egonaldia luzatu egin duzu.

New Yorkeko Unibertsitatean lau hilabeteko ikastaroa ematen ari naiz. Gustura, astia daukat idazteko eta hurrengo proiektua ere ordenagailuan dabil. Oso kreatibo nago, baditut ideia batzuk! Ni askoz lasaiago egoten naiz idazten ari naizenean. ‘Izurdeen aurreko bizitza’ (Susa) liburua ere oso ondo joan da... beraz goazen beste proiektu batera!