Ohiko formatua berreskuratuz, kulturak ‘eztanDA!’ egitea lortu nahi du Azokak
Aurreko bi urte latzak atzean utzita, Durangoko Azokako 57. edizioak ohiko formatua berreskuratuko du abenduaren 7tik 11ra bitartean. Ruben Ramos diseinatzaileak ‘eztanda’ hitzarekin jolastu du aurtengo kartelean, azken finean Azokak eztanda egin eta euskal kulturaren Big Bang-a ospatu nahi duelako.
Astearte goizean, Durangoko Azokako Landakogunean antolatutako prentsaurrekoan, orain bi urte sinesgaitza zirudien irudia: pabiloiaren kanpo aldean, hiru urte herriko jairik gabe egon ondoren, asteazkenean hasiko diren San Fausto jaietarako atontzen ari diren txosnak eta agertokiak; eta Landakoren barnean, datozen abenduaren 7tik 11ra egingo den Azokako 57. edizioari buruz mintzatzean, baikortasuna.
Nerea Mujikak, Gerediagako lehendakariak, horrela definitu du prestatzen ari diren Azoka hau: «Egoera zaila izan arren, Azokak bizirautea eta aurrera egitea lortu du. Aurten, zorionez, ospatzeko garaia iritsiko da! Azokaren unibertso osoa bueltatuko da, aspaldiko lagunekin topatu eta besarkatzea, goizeko 10.30ean ikasleak Landakogunera korrika sartzea, zure sortzaile gustukoenaren sinadura lortzea, kuadrillarekin eguneko eta gaueko plana egitea...».
Pandemiak, halere, hainbat ikaspen utzi ditu. Esaterako, ohiko aurrez aurreko erakusmahaiak eta egileen aurkezpenez aparte, aurreko bi urteetan Azoka bizirauteko hain baliagarriak izan diren online dendari (7tik 10era egongo da zabalik) eta streaming bidezko konexioari eutsiko zaie. Ahotseneko kontzertuak eta ekitaldiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira aurten ere etxetik.
Aukeratu den irudia, kartela hain zuzen ere, berritzailea da erabat, publiko gaztearen gustukoa seguruenik. Ruben Ramos diseinatzaileak sortu du. Ibilbide luzeko diseinatzaile eta sortzailea, azken urtetan hainbat agentzia, negozio txiki, konpainia handientzat eta erakunde publikoentzat lan egin du, esaterako Zinemaldia, Jazzaldia edo Loreak Mendian markarentzat. Aurten Aise Studioa sortu berri du. Horrez gain, musikaria ere bada.
‘Eztanda’ kontzeptua ikono batekin islatu du kartelean, izar baten antzera, Big Bang txiki baten pare. Kartela inklusiboa izatea nahi izan du egileak –«agertzen diren pertsonaiak ez dira ez emakumeak eta gizonak», egilearen hitzetan–, garaikidea, ‘retro-a’ eta psikodelikoa.
Eztanda milaka haurrekin
Ohiko formatua berreskuratuko da, beraz, edizio honetan, azken bi urteetako egoera bereziaren ostean. Aurten ‘eztanDA!’ lelopean egingo da Azoka, ‘eztanda’ kontzeptu honek 57. edizio honetan bizi nahi dena laburbiltzen duelako. «Sorkuntzaren eta jaiaren eztanda izango da: Durango osotik eta Euskal Herri osorako zabalduko den eztanda. Bost egunez iraungo duen eztanda», aipatu du du Mujikak.
Lehenengo egunean azken hiru urteetan ikusi ez den irudia: milaka gaztetxo Ikasle Goizean. Berrikuntza bat egongo da, aurten hezitzaileentzat ere tailerrak antolatuko direlako lehen aldiz. Ikasle Goizaz gain, bost eguneko egitaraua prestatu da kulturzaleentzat, ohiko gune desberdinetan. Mujikak deialdia egin die sortzaileei euren proposamenak bidal ditzaten, epea zabalik dagoelako urriaren 15era arte.
Beste berritasun bat: Azokak jarraipena izango du aurten ‘Zu non, han DA’ egitasmoaren bidez. Hamaika liburudendatan Azokan eskuragarri egon diren nobedadeak erosteko aukera egongo da hirugarren urtez (izen-ematea zabalik dago kasu honetan ere) eta, gainera, lehenengo aldiz, liburu-aurkezpenak ere antolatuko dira herriko eta hiriburuetako liburudendetan.
Ima Garrastatxuk, Durangoko alkateak, hauxe gogorarazi nahi izan zuen: «Bi urte hauek atzean utzi eta ezagutzen genuen Azoka berreskuratzeko unea da. Zihurruenik Azoka ez da izango ezagutu genuen bezalakoa, gu geu ere ez garelako berdinak. Hiru urte hauetan aurrera egin behar izan dugulako, eta urteak aurrera joan ahala hobetzen goazelako, edo hori sinistu nahi dut nik. Azken bi urteetako zalantzak, ezinegonak eta beldurrak atzean uzteko momentua da, eta iritsi da etorkizunari ongietorria emateko unea».