INFO

Oñati, energia burujabetzaren bidean

Oñatiko etxebizitza nahiz merkataritza jarduera gehienek herrian ekoitzitako elektrizitatea kontsumitzen dute, XX. mende osoan ustiatu eta mantendutako ur-jauziei esker. Udako lehorteei aurre egiteko, ordea, Udala ur-jauziak osatuko dituen beste sorkuntza-sistema berriztagarriak aztertzen hasi da.

Udalak urratsak egiten jarraitu nahi du, herritarrei saltzen zaien elektrizitatea prezio ahalik bidezkoenaz eskaintzeko. (NAIZ)

Orain dela ia 130 urte, 1893an Biain y Compañía lehen argindar enpresa sortu zenetik, Oñati herri  erreferentea da energia garbia ekoizteko apustuan. XX. mendean izandako hainbat auzi, desjabetze, eztabaida eta akordioren ondoren, 1989. urtetik aurrera Oñatiko biztanleek eta dendariek herriko zentral hidroelektrikoek ekoitzitako argindarra kontsumitzen dute, Udalak garai hartan Arrasateko Unión Cerrajera enpresarenak ziren azpiegiturak berreskuraturik.

Une honetan hiru dira lanean ari diren zentral hidroelektrikoak, eta guztien artean 12,7 MWh ekoitzi zituzten 2021ean. Olateko zentrala da gehien ekoizten duena (10,5 MWh inguru), lau ur-jauzi dituelako (Olate, Zapata, Saratxo eta Arantzazu). Tokilloko zentralak ur-jauzi bakarra du eta 900.000 kWh inguru ekoizten ditu, eta Lamiategiko zentralak, 650.000 kWh.

12,7 MWh horiek nahikoak izan ziren Oñatiko 11.428 bizilagunen eta komertzioen premiak asetzeko, iazko kontsumoa 12,8 MWhkoa izan baitzen. Industriaren beharrak, ordea, (120 MWh), energia konpainiek asetzen dituzte. Hala eta guztiz ere, ur-jauzien ekoizpena ez da urtero berdina izaten. Egindako euri edo elur kopuruaren menpe dago, eta uda oso lehorra denean zentral hidroelektrikoek arazoak izaten dituzte eskari guztia asetzeko. Horregatik, Oñatiko Udala ur-jauziak osatuko dituen beste sorkuntza sistema batzuk aztertzen hasi da.

Beste 2 MW

Instalazio berri horiek energia berriztagarria sortuko lukete eta, oraindik erabakita ez dagoen arren, plaka fotovoltaikoetan oinarrituko lirateke. Edonola ere, aukera guztiak irekita daude oraindik. Gaur egun instalatuta dagoen potentzia 5,4 MW-ekoa da, eta instalazio berri honek beste 2 MW sortuko lituzke. Udan ere herritarrek kontsumitzeko beste sortzea litzateke helburua.

Zeregin horretan Goiener kooperatibaren laguntza izango du, 2018az geroztik Oñatiko Ur Jauziak udal sozietateko akzioduna baita, Energiaren Euskal Erakundearekin (EVE) batera. Urte hartan, Oñatiko Udalak kapital-handitzea egin zuenean, Goienerrek %10eko parte hartzea eskuratu zuen.

Horrekin batera, Udaleko arduradunek urratsak egiten jarraitu nahi dute, herritarrei saltzen zaien elektrizitatea prezio ahalik bidezkoenaz eskaintzeko, eta horregatik aldaketa zenbait egiteko asmoa dute merkaturatze arloan.

Zentral hidroelektrikoen ekoizpenari esker, karbono dioxidoaren isurpen kutsakorrak murriztea lortu du Oñatik, erregai fosilen ordez energia berriztagarriak (ura) erabiltzen direlako. Herrian bertan ekoizteak, gainera, garraioan eta banaketan sortzen diren isurketak ekiditen ditu.