INFO

Energia Euskal Herrian: Arazoa, erronka, aukera

Azpeitian pasa den asteartean eginiko herri batzarra- (Jon Urbe | Foku)

Azpeitian herri batzarra egin da asteon bertako Udalak deituta Statkraft-ek proposatzen duen proiektuaren inguruko argibideak emateko. Lehenik eta behin, uste dut udal agintariek egin duten gardentasun ariketa azpimarratu egin behar dela. Beraien betebeharra da, bai, baina ez gaude ohituta halakoetara, ezta? Eta ez gaude ohituta ere lurralde edo komunitate bati eragiten dion proiektu ekonomiko bat duen enpresa batek Azpeitian egin zuena ikustera: proiektua herritarrei azaldu (jakinda kontrako ahotsak entzungo dituela) eta proiektua herritarren mesederako izango dela ziurtatzeko elkarlana abiatu nahi duela adieraztea. Gauzak diren bezala.

Baina hemen kontua ez dira eolikoak eta gutxiago Statkraft. Eztabaida ez da enpresa honek kode etikoa duen ala ez edo norvegiarra izateak zer gehitu edo kentzen duen. Hemen eztabaida burujabetza energetikoa da, ezkerreko independentismoak luzaz aldarrikatu duen zerbait: Euskal Herriaren energia burujabetza krisi ekologiko-klimatikoaren testuinguru historikoan eta krisi energetikoa gainera datorkigun hamarraldi erabakigarri honetan.

Ezin dugu eztabaida gehiago atzeratu

Nola dago Euskal Herria halako testuinguru historikoan? Ezin okerrago.

Ondorengo zenbakiak gutxi gorabeherakoak dira, baina arazoari tamaina hartzeko balio dute: ia hiru planeta kontsumitzen ditugu (kontsumo energetiko neurrigabea dugu), kontsumitzen dugun energiaren ia guztia kanpotik ekartzen dugu, eta jatorriz fosila da. Beraz, ardura ekologikoagatik zein euskal egitasmo nazionalaren bideragarritasun sozial eta ekonomikoaren ikuspegitik, ezin dugu gehiago atzeratu energia burujabetzaren inguruko eztabaida parez pare irekitzea.

Energia burujabetzaren dimentsio bat kontsumitzen dugun energia bertan ekoiztea da, hau da, gure kontsumo energetikoa lurraldetzea, gure kontsumo energetikoaren jabe egitea. Eta horretarako, lehenengo eta behin, pentsatu behar dugu zenbat energia kontsumitu behar dugun, jakinda hori zuzenki lotua dagoela gure ongizate ereduarekin. Ariketa hortik hasi beharko genuke, hain zuzen ere: zer da gure ongizate ideiaren baitan sartzen dena eta zer kanpoan utzi beharrekoa? Eta, ondoren, horri zenbaki energetikoak jarri, kalkulatu zenbat megawatt behar diren ongizate sistema horri eusteko.

Demagun 2050. urterako 2008. urteko kontsumoaren %50eko murrizketa bat proposatzen dugula, Alemaniak bere efizientzia energetikoaren plan nazionalean halaxe egin zuen, adibidez. Horrek, nahi den efizientzia energetiko guztiarekin ere, esan nahi du gure ekonomiaren esfera materialaren murrizketa drastiko bat. Eta ondorioz, iraultza kultural bat egungo bizierak errotik aldaraziko lituzkeena. Eta hala ere, beste erdia gelditzen zaigu deskarbonizatzeke; eta datuek dioskute autokontsumoaren eta gertueneko azpiegituren bidez ezinezkoa dela %10 inguru baino gehiago ekoiztea. Hori da arazoaren tamaina erreala, eta ez da aukera bat bestaldera begiratzea.

Iraultza kultural bat behar da

Izan ere, krisi ekologikoaren adierazpen gordinena klima larrialdia da, eta hamarraldi honetan jokoan dagoena da beroketa globala bi gradutik gorakoa izango den ala ez. Eta bi agertokien artean mundu bat dago kalte ekologikoari eta ondorio sozial eta ekonomikoei dagokienez. Beraz, ikuspegi ekologista batetik zein justizia klimatikoarenetik, ez da hautu bat gure gas isurketak murrizteko egitea dagokiguna ez egitea. Eta horrek eskatzen du kontsumoa drastikoki jaistea eta gainontzekoa deskarbonizatzea, biak ala biak: ahalik eta desazkunde gehien gehi beharrezkoa den deskarbonizazio guztia.

Zein bidetan jartzen gaitu horrek? Iraultza kultural bat behar da ongizatearen gaineko ikuskera berri bat ekarriko duena, jauzi politiko bat hau guztia sozialki kudeatzeko (demokrazia liberalaren gobernantza ereduak ez dira aski izango) eta eraldaketa sozial eta ekonomiko bat produkzio eta kontsumo eredu berriak ekarriko dituena. Hori da erronkaren tamaina, eta hori da, aldi berean, aukera-leihoa ere: kapitalismoaren muina (hazkunde etengabea eskatzen duen kapital metaketa) auzitan jarriko duen horizonte postneoliberaleko eraldaketa prozesu bat saiatzea Euskal Herritik Euskal Herrira.

Arazoa dena erronka bihur dezagun aukera aprobetxatu ahal izateko. •