INFO

Bizitza garestitzearen aurka mobilizazioak deitu ditu Eskubide Sozialen Kartak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazio dinamika deitu du pobreziaren aurkako nazioarteko egunaren harira. Bizitza garestitzearen aurka eta prezioak kontrolatzeko hainbat deialdi zabaldu dituzte urria eta azaroa bitartean.

Mobilizazioak iragartzeko eragileek Donostian egindako agerraldia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Bizitza garestitzearen aurka eta prezioak kontrolatzeko eskatzeko mobilizazio dinamika bat deitu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak astelehen honetan, pobreziaren aurkako nazioarteko egunean. Langile klasearen pobretze prozesuari eta zerbitzu publikoen murrizketei aurre egiteko azaroaren 19rako manifestazioak deitu dituzte, besteak beste.

Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragile eta sindikatuek urria eta azaroa bitartean izango diren hainbat ekintza iragarri dituzte Donostian egindako agerraldian. Bide batez, inflazioak eragindako egoera «jasanezina» dela salatu dute eta honen aurrean «elkar saretzea» eta «indarrak batzea» beharrezkoa dela aldarrikatu dute.

«Udazken gogorra iragartzen digute, datorrena fenomeno meteorologikoa balitz bezala, baina ez, eliteen diru-gosea eta hori bermatzeko politikak dira herritarron egoera gogortzea dakartenak» baieztatu dute.

Horrela, aldarrikapenen artean hainbat puntu nagusi bildu dituzte. Batetik, 1.400 euroko gutxieneko soldata, «langileon lana duintzeko» eta 1.260 euroko gutxieneko pentsioa, biak KPI errealari lotuta. Bestetik, energia eskubidea eta trantsizio eskubiderako sektorearen publifikazioa zein produktu guztien kontrola defendatu nahi dute, baita trantsizioa demokratikoki planifikatzeko bide-orria.

Horrekin batera, zerbitzu publikoak aldarrikatzen dituzte; aberastasunaren «bidezko» banaketarako zerga erreforma, eta, azkenik, elikadura, etxebizitza, pertsona guztien erregularizazioa eta garraio publikoaren aldeko hainbat proposamen bildu dituzte.

Hitzaldia, azoka eta manifestazioak

Azaroaren 19an Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo diren manifestazioak dira garrantzitsuenak dinamikaren barruan. Gasteizen ARtiumetik aterako da, 12.00etan, eta 17.30ean izango dira Iruñea (Baluartetik), Donostia (Boulevardetik) eta Bilbokoa (Jesusen Bihotzetik). Mobilizazio horiek beste mugimendu eta borrokekin batera konfluentzia manifestazioak izatea nahi dute.

Horren aurretik, datorren ostegunean zerbitzu publikoen defentsan propaganda banaketa egingo dute eta hilaren 26an energiari buruzko hitzaldi bat eskainiko dute Gasteizen. Gainera, elikadura burujabetza ardatz eta bertako eta osasuntsuak diren produktuekin azokak antolatuko dituzte Bilbon eta Iruñean urriaren 27rako eta, azkenik, azaroaren 3an etxebizitza eskubidea eta turistifikazioaren aurkako ekimena izango da Donostian.

«Lan eta bizitza duinak bermatu eta merkatuan esku hartzeko garaia da. Udazken honetan, herri honetan inor atzean ez gelditzeko borroka egiteko prest gaude eta langile eta herritar orori deialdi hauekin bat egitera dei egiten diogu», izan dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren izenean hitza hartu duten Bilgune Feminista eta Duintasuna-Gaurgeroako taldeetako kideen azken aldarriak.