Araskik denboraldiko lehen derbia irabazi du Ligan Gernikari 73-61 irabazita
Emakumezkoen Endesa Ligako lehen jardunaldiko atzeratutako partidan gailendu dira gasteiztarrak.
KUTXABANK ARASKI 73 - LOINTEK GERNIKA 61
Emakumezkoen Endesa Ligako lehen jardunaldiko atzeratutako partida jokatu dute asteazken gauean Kutxabank Araskik eta Lointek Gernika Bizkaiak. Denboraldiko lehen derbia zen eta garaipena gasteiztarrentzat izan da Mendizorrotzako kiroldegian 73-61 irabazita.
Gernikarrek Europa eta Liga tartekatzea nabaritu dute gaurkoan. Gogoratu behar da Eurocup Women txapelketako multzo fasean egoteko kanporaketa jokatu behar izan zutela bizkaitarrek, eta baita lortu ere, baina baliteke nekea jokalariengan somatzea.
Egia da lehen saskiratzea beraiena izan dela (0-2), baina etxeko taldearen erantzuna azkarra izan da (2-2 eta 4-4) eta ondoren 4-6tik 7-6a pasa da hiruko bati esker eta hortik 11-6ra. Kutxabank Araskik 12 puntuko errenta izan du lene laurden horretan (22-10), baina Gernikak desabantaila murriztu du lehen hamar minutuen amaieran (22-13).
Bigarren laurdenean ia bi minutu pasa behar izan dira saskiratze bat ikusteko, eta huraxe Bizkaiko taldeak lortu du (22-15). Hala ere, Araskik 16 puntura (33-17) handitu du errenta, atsedenaldira 42-24ko emaitzarekin helduz.
Aldageletatik bueltan, Gernika oso sendo irten da eta bere saria izan du: 0-14ko partziala erdietsi du (42-38). Kanpokoek Araskiren minutu txarrak aprobetxatu dituzte, baina etxekoek ez dute etsi eta 55-44arekin abiatu dute azken laurdena, joko-bolada ona garaipeneraino mantenduz.