INFO
Entrevue
Urtzi Urrutikoetxea
Kazetaria

«Iranen eta Turkian erabateko zapalkuntza jasaten dute kurduek»

Gauza bat argi du. «Berdin da» herri gisa zure eskubideak ukatzen dizkizuna «herrialde arabiar sozialista den, teokrazia persiarra edo NATOko kide turkiarra».

Urtzi Urrutikoetxea. (UTZITAKOA)

Sarritan egona da Kurdistanen eta ondo ezagutzen du hango egoera. Eta Euskal Herriko hainbat sektorerengan gaiak sortzen duen interesa kontuan hartuta, hango errealitatea era erraz eta xumean euskal irakurleari gerturatzeko idatzi du liburua.

Nolatan liburua?

Kazetari guztioi gertatzen zaigun zerbait da, egunean eguneko zurrunbiloan ibilita dozenaka istorio kanpoan geratzea, astirik edo lekurik ez dagoelako. Eta badira gai batzuk arnasa luzeagoko idazketa, irakurketa eta, oro har, hurbilketa behar dutenak. Ez dira mundu guztiarentzat izango, noski, denok ez dugu interes bera izango gai guztietan, baina esango nuke formatua bera, arnasa luzeagoko testu bat izatea gai zehatz bati buruz, kazetaritzaren baitan baina beharrezko denbora eta distantzia pixka bat hartuta, asko estimatzen dela. Kurdistanen kasuan, badago interes hori hainbat sektoretan: internazionalismoan, euskalgintzan, feminismoan eta beste hainbat ertzetatik begiratzen zaio. Euskaraz, zorionez, lan batzuk egin dira, euskaraz sortuta edo egile kurduak euskaratuta, baina berariaz Kurdistanen erabat zentratzeko ahaleginik ez da izan, nik dakidala. Eta liburua egiteko aukera aipatu zidatenean, gaiaz nolabaiteko interesa edo jakin-min hutsa daukanak nondik hasi izan dezan, bada, berehala esan nuen baietz. Ahalegin txiki bat da Kurdistango errealitate handi eta konplexua ahalik eta erraz eta xumeen ekartzeko euskal irakurleari. Lehendik gaian murgilduta dagoenarentzat ere badu ekarpenik, nire ustez, baina, batez ere, lehen aldiz hurbiltzen den horrengan pentsatuta dago, Ekialde Hurbilean, Kurdistan eta kurduak protagonista dituzten istorioetan abiapuntu bat izateko.

Askotan eta aspalditik egon zara Kurdistanen.

Duela hogei urte Berlinen bizi nintzela ezagutu nituen lehen kurduak, aurretik Bilbo inguruan Kurdistanen aldeko taldearekin harremanetan egon arren. Handik gutxira egin nuen lehen bidaia Turkiara eta Turkiaren mendeko Kurdistanera, eta hurrengo urteetan nazio horretako txoko gehienetatik ibiltzeko aukera izan nuen, Sirian, Iraken, Iranen, baita Kaukason ere. Eta diasporan, noski, Europako herrialde gehienetan komunitate kurdu garrantzitsuak baitaude, ezkerreko alderdietako ordezkariak ere bai zenbait herrialdetan, Eskandinavian esaterako. Azken urteotan ez dut hainbeste joaterik izan, baina etengabe nago kurduekin harremanetan. Egunotan bertan, Turkiaren mendeko kurduen hizkuntza eskubideak errespetatzeko ebazpen batekin egon gara lanean, eta Iranen gertatzen ari diren protestei elkartasuna adierazteko beste batean.

Zein da egungo egoera Kurdistaneko herrialde ezberdinetan?

Erabateko zapalkuntza egoera dute Iranen eta Turkian. Iranen kasuan, heriotza zigorraren erabilera izugarria da, dozenaka kurdu, balutx eta, oro har, aurkari exekutatzen dituzte urtero. Turkia formalki demokrazia bat da, hauteskundeak dituzte, baina kurduen hitzak eta botoak ezer gutxi balio du: udal hauteskundeetan erabateko gehiengoa lortu duten udalerrietan ere, aste gutxira kargugabetu edo espetxeratzen dituzte ordezkariak, eta Ankarak inposatzen ditu udalak. 2015eko bake prozesuaren amaieratik erabat gogortu dira neurriak, Selahattin Demirtas bezalako buruzagi errespetatuak preso mantentzen dituzte, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ere libre behar duela agindu arren. Siria eta Irakeko kasuan, kurduek burujabetasun moduko bat lortu dute, baina Iranen eta, batez ere Turkiaren itzala izugarria da: Ankarak base militarrak ditu Irakeko Kurdistanen, eskualdearen zati handiena kontrolatzen duen KDP alderdia erabat menderatuta dauka, eta bertako kurduen artean etsipena da nagusi, ustelkeriaren eta klientelismoaren ondorioz. Siriako kurduek, Rojavan, lortu duten guztia izugarria izan da, mundua liluratu du, baina horren aurka jotzen du ia egunero Turkiak drone bidez bonbardatzen. Pentsa zer den horrelako leku batean bizitzea, edozein unetan bonbardaketa bat gerta daitekeela jakitun.

Zer espero duzu kurduak aitzindari diren Irango teokraziaren aurkako matxinada feministari buruz?

Matxinada ederra ari da izaten, mundu osotik elkartasuna biltzen ari da, eta oso egoera anker bat azaleratzen ari da. Hori esanda, erregimenaren oldarra lehen ere ezagutzen dugu: Koyan, Iraken mendeko Kurdistanen, alderdi kurduek dituzten baseak bonbardatu dituzte egunotan, eta ia 20 lagun hil. Protestetan hildakoen kopurua ere ehunera ari da hurbiltzen. Eta beldur naiz, halako batean are zapalkuntza odoltsuagoa ez ote den etorriko. Tamalez hori gertatzen bada, espero dut horrenbesteko miresmena adierazi duten herrialdeek ere elkartasun bera izatea Irandik ihesi doazenekin, Mediterraneoko eta bestelako bide arriskutsuak hartzen ibili gabe.

Zer esango zenioke kurduen borroka geopolitikaren eta arabiarzaletasunaren aldareetan sakrifikatzeko prest dagoen euskaldun bati?

Duela 25 urte “Good Kurds, Bad Kurds” dokumentala egin zuen Kevin McKiernan estatubatuarrak. Bere herrialdearen hipokrisia salatzen zuen: Saddam Husseinen aurkako kurduak biktimak ziren eta lagundu behar zitzaien, baina Turkiaren aurkakoak terroristak, Turkia NATOn dagoenez. Tamalez, ezkerretik antzeko irakurketa sinplistak ere egiten dira, borroka bakoitzaren zilegitasuna bere aurkariaren rol geopolitikoaren arabera baloratuz. Mundua konplexua da, badakigu hori, eta kurduek inork baino hobeto. Siriako gatazkan 2014-15ean gertatu zen Washingtonen jarrera aldaketa, gero eta jarrera jihadistagoak zituzten taldeei lagundu beharrean kurduak aliatu hobeak zirela ikusi zuten, Sinjarreko yazidien genozidioaren ostean eta Kobaneren defentsan. Baina kurduek hasieratik jakin dute AEBen babesa haien interesen araberakoa zela. Errusiak saldu zituenean Turkiaren mendeko jihadistek Afrin hartzeko, edo Donald Trumpek ezer egin ez zuenean Turkiaren erasoa geldiarazteko 2019an, bete-betean egin zuten topo errealitate horrekin. Milaka gaztek eman dute bizia Mendebaldetik joandako jihadisten aurka borrokan, baina gero inork ez du ezer jakin nahi izan atxilotutako milaka jihadista horiei buruz, kurduen bizkar geratu da hori.

Irakeko gerra piztu zenean, entzun zen: ‘Nahiko genukeen Suitza edo Eskandinaviako herriren bat etorri izana gure alde, baina AEBak izan ziren, eta gure aukera baliatu genuen’. Behinola esan zidaten legez: ‘Itotzen ari bazara eta eskua ematen badizute, ez zara hasten begira esku hori krokodilo batena den’. Errealitate konplexuak dira, noski, ziurrenik Irango protestetan interes handia izango dute orain AEBek, Europak zein Israelek. Baina errealitate geopolitiko horrek kentzen dio legitimitaterik protestan irteten diren milaka emakume kurdu eta irandar ausart horiei?

Eta Euskal Herritik begiratuta, edozein euskaltzalek, abertzalek, sinpatia izan behar du gure hizkuntzaren antzeko errealitatearekin topo egiten duenarekin. Aipatu dut diaspora handiak daudela Europan, baina euskaldunokin beti dute konexio berezi bat, hizkuntzaren eta hizkuntzaren zapalkuntzaren memoriatik. Alemanian zaila da ulertzea zer-nolako emozioa dakarren gurasoen artean eskola erdi-klandestino bat sortu eta umeak kurdueraz entzutea, eta hori berdin da eskola Sirian, Iranen zein Turkian sortzen duzun, eta debekatzen dizuna herrialde arabiar sozialista den, teokrazia persiarra edo NATOko kide turkiarra.