INFO

Oñatiko Emakumion Etxia sortzeko parte-hartze prozesua hasi dute

Urte hasiera Udalak Oñatiko Emakumeen Etxea izango den eraikina erosi zuen. Eraberritze lanak datorren urtean hastea aurreikusten da eta, bitartean, espazio hori nolakoa izango den erabakitzeko prozesuan parte hartzeko eskatu diete herriko emakumeei.

Oñatiko Emakumion Etxiari buruzko atzoko saioan parte hartu zuten emakumeak. (OÑATIKO UDALA)

Oñatiko Emakumion Etxia eraikitzeko partaidetza prozesuaren lehen topaketa egin zuten asteazkenean. Saioan zehar, Izaro Elorza alkateak eta Jone Arriolabengoa berdintasun teknikariak prozeduraren nondik norakoak azaldu zituzten.

«Prozesu zaindua izatea nahi dugu. Espazio erosoak sortzea eta zainduak sentitzea. Denok parte hartu ahal izateko baliabideak eskainiko ditugu», adierazi zuen Elorzak. «Tartean eztabaidak eta gatazkak ere sor daitezke eta horiei ere lekua emango diegu. Helburua akordiotara iristea izango da. Guztien erritmoak eta joan-etorriak errespetatuz», gogoratu zuen.

Arriolabengoak gaineratu zuenez, 2020an Emakumeen Etxearen inguruko diagnostikoa egin zenean, galdekatutako guztiek etxearen beharra antzematen zuten. Hala, beharraren identifikazio partekatu hori kokatu zuen egitasmoaren oinarrian. «Orain bi lan ildo ditugu: etxea eraberritzea eta parte-hartze prozesua. Biak eskutik joatea planteatzen dugu».

Parte-hartze prozesuak hainbat premisa izango ditu eta Udaletik ikuspegi komunitario, feminista eta ahalduntzailea nabarmendu zituzten, baita inklusioa, intersekzionalitatea eta elkarbizitza ere. Horrez gain, hiru konpromiso ere hartu ditu Udalak: proiektua martxan jartzeko beharrezko baliabide pertsonal eta ekonomikoak eskaintzea, aniztasuna kudeatzeko tresna egokiak eskaintzea eta parte-hartze prozesu zaindua eskaintzea.

Atzoko topaketan beste bi hizlari ere izan ziren gonbidatu. Maggie Bullen eta Carmen Diez antropologo feministek aztertu dituzten emakume etxe ezberdinen inguruko esperientziak partekatu zituzten. «Euskal Herriko emakumeen etxeetan ikusi dugu herritarren parte-hartze prozesu batekin hastea arrakasta eta jarraipena izateko gakoa dela. Ez dago beste modurik», esan zuen Bullenek. Diezek beharrizanaren inguruan hitz egin zuen: «Zergatik emakumeon etxea? Behar dugulako. Emakumeon espazio bat, gizonezkoen menpekotasunetik kanpo. Babes espazio bat, babes espazio ireki bat».  

Beste Emakumeen Etxeetara bisita

Oñatiko Emakumeen Etxea sortzeko prozesua 2018an abiatu zen partaidetzazko aurrekontuetan egindako proposamenarekin eta 2020an emakumeen etxearen gaineko diagnostikoa burutu zen. Diagnostiko horrek, emakumeen etxearen beharra agerian uzteaz gain, parte-hartze prozesuaren oinarriak ezarri zituen, proiektuaren gainean egon zitezkeen adostasun eta desadostasunak agerian utziz.

Diagnostiko horretan oinarrituta eta Oñatiko Emakumion Kontseiluaren babesarekin, 2022 urtearen hasieran emakumeen etxea jasoko duen eraikina erosi zuen Udalak (Kalezaharra, 13). Atzo abiatu zen parte-hartze prozesuaren bitartez, etxearen edukiaren, funtzionamenduaren eta kudeaketa ereduaren gaineko hausnarketa egitea da helburua eta eraikinaren eraberritze lanak 2023an hastea aurreikusten da.

Ezer erabakitzen hasi aurretik, beste emakume etxe batzuetako esperientziak ezagutzeko beharra ikusi da udaletik. Emakumeen etxeen eredu ezberdinak bertatik bertara ezagutu, erreplikagarriak direnak jaso eta Oñatin errepikatu nahi ez ditugun horiek identifikatzeko.

Hala, bi bisita antolatu dira; azaroak 4ean Zumaia eta Azpeitiko emakumeen etxeetara joango dira, eta azaroaren 18an, berriz, Hernani eta Donostiakoetara. Bi egunetan 15.30ean irtengo da autobusa Oñatitik eta izen-ematea irekita dago (parte hartu nahi duenak berdintasuna@onati.eus helbidera idatzi edo 688621213 zenbakira whatsapp mezu bat bidal dezake).