INFO
Entrevue
Arantza Eguzkiza
ENEEKeko lehendakaria

«Kontsumitzaileak dauzka giltza eta indarra gauzak aldatzeko»

Hernaniko Iparragirre sagardotegiko arduradunak, Arantza Eguzkizak, lau urte pasatxo egin ditu Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko lehendakari gisa. Bere legegintzaldian hartutako erabaki nagusienen artean, Ekolurra zigilu edo bereizgarriaren sorrera aipa daiteke.

Arantza Eguzkiza, Kontseiluko lehendakaria eta sagardogilea. (J.S.)

Zer da Ekolurra zigilua? Zergatik sortu da?

Orain arte produktu ekologikoek europar hosto berdearen zigilua besterik ez zuten. Horrek, ekoizpen ekologikoaren baldintzak betetzen dituztela adierazten du, baina ez lehengaien jatorria; hutsune bat zegoen. Orain, ordea, nola eginda dagoen azaltzeaz gain, nongo lehengaiekin eginda dagoen ziurtatuko dugu. Izan ere, guretzat, ekologikoa izatea bezain garrantzitsua da bertakoa dela ziurtatzea. Lehengai ekologiko horien jatorria ziurtatzen dugun lehenbiziko erkidegoa gara Estatu mailan.  

Euskal Autonomia Erkidegoan gorantz doa ekozipen ekologikoa. Iazko datuei erreparatuta, %8 igo zen ekoizleen errolda eta %16 azalera. Pozik egoteko moduko datuak dira?

Bai, oro har pozik gaude, azken urteotan gero eta nekazari, abeltzain eta produktore gehiago ari direlako ekologikoan ekoizten. Baina bai ikusten ari gara igoera hori pixka bat moteltzen hasi dela. Gainera, kontuan hartu behar dugu Europako Batzordearen helburuen artean dagoela 2030erako Europako nekazal ekoizpen lurren %25 ekologikoa izatea. Eta gu, momentu honetan, nekazal lurren %4,6 besterik ez gara. Beraz, helburu horretatik oso urruti gaude eta asko dago egiteko.

Sektoreei dagokionez, zer alde dago batetik bestera?

Mahasgintzaren sektoreak gorakada handia izan du azken urteotan, sagarrondoarenak izan duenak bezalaxe. Horiekin batera, barazkigintzak ere datu oso onak ditu. Une honetan pausoa ematea falta zaiona Arabako zerealaren sektorea litzateke, eta berdin haragi ekoizleen sektorea. Bi horiek pausoa emango balute, asko irabaziko genuke.

Zer egin daiteke pauso hori ematera bultzatzeko?

Argi dago denon arteko lana dela, bai administrazioarena, bai Kontseiluarena, baita ekoizleena ere. Bakoitzak gure lekutik erantzukizuna daukagu. Baina horretarako eskaria behar dugu. Eta zalantzarik gabe, handitzen badoa, gero eta gehiago izango dira ekologikoan ekoiztera animatuko diren produktoreak.

Zein dira kontsumitzailearengana iristeko aurkitzen dituzuen zailtasun handienak?

Alde batetik, esan beharra dago gero eta gehiago direla kontzientziatuta dauden kontsumitzaileak eta, ondorioz, elikagai ekologikoak kontsumitzen dituztenak. Baina bestetik, jende askorengan inkoherentzia puntu bat ere ikusten dugu. Denek esango dute ingurumena zaindu beharra dagoela, baina gero ez dituzte bitarteko guztiak jartzen. Horregatik, gure lana hori azaltzea da, osasuna eta ingurumena zaintzeko alternatiba onena ekologikoa dela.

Prezioa oztopoa izan daiteke?

Bai eta ez. Produktu ekologikoak agian garestiagoak izan daitezke, baina otorduak zuk zeuk prestatzen badituzu, produktu ekologikoak erabiliz, askoz ere osasuntsuagoa izateaz gain, ez zaizu elikagai prozesatuak baino garestiago aterako. Antolatze kontua da.

Kontsumitzaileen pentsamoldea aldatzea da orduan gakoa?

Bai. Kontsumitzaile bezala, askotan pentsatzen dugu ez daukagula mundua aldatzeko ahalmenik, ez dagoela gure esku. Baina ni konbentzituta nago kontsumitzaileak dauzkala giltza eta erantzukizuna esateko zer mundu egin nahi duen. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den Amazon eta Netflix bezalako enpresa handiekin. Orain gutxi arte ez ziren ezer, eta kontsumitzaileak izan gara aberastu ditugunak. Horregatik diot dirua batean edo bestean gastatzeko hautuak ematen diola indarra kontsumitzaileari.