INFO
Entrevue
Ander Martin Estenaga
Euskal Pilota Selekzioko bozeramailea

«Guk daukagun boikota itzela da, baina aurrera egin behar dugu, beraien menpe egon gabe»

Igande honetan, hilak 23, Munduko Pilota Txapelketa hasiko da Biarritzen. Euskal Herrian jokatzen den arren, baina, euskal koloreek ez dute ordezkaririk izango. Hala, Euskal Pilota Selekzio baten aldarrikapena egin dute zenbaitek, eta tartean da Ander Martin Estenaga.

Euskal pilota selekzioaren alde eginiko elkarretaratzea, Durangon, pasa den astean. (Raul BOGAJO)

Biarritzen jokatuko da Munduko Pilota Txapelketa, gaur abiatu eta hilaren 29a bitarte. Irekiera ekitaldia baliatuz, Euskal Pilota Selekzioa dinamikak elkarretaratzea egingo du Jai Alai frontoian, 16.00etan, euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena lau haizeetara zabaltzeko. Euskal Herrian jokatzen den arren, «aurten berriz ere euskal pilota selekzioak ezin du ofizialki honelako txapelketa bat jokatu. Hilaren 12an «batu ginen pilotari eta pilotazale batzuk, zerbait egin behar zelako; agerraldi bat egitea proposatu zen eta honela hasi zen hau», esan du Ander Martin Estenagak NAIZ Irratian.

Euskal pilota selekzioa kolektibotik aldarrikapen agerraldia egin zenuten Durangon. Zer dela eta agerraldia eta zer da zehazki aldarrikatu nahi izan duzuena?

Urrian jokatuko den Munduko Pilota Txapelketari begira, aurten berriro ere euskal pilota selekzioa ezin du ofizialki honelako txapelketa bat jokatu. Batu ginen pilotari eta pilotazale batzuk zeozer egin behar zelako, agerraldi bat egitea proposatu zen eta honela hasi zen hau dena.

Bertan euskal pilotaren Durangoko manifestua irakurri zen. Zer dio zehazki manifestuak edo zeintzuk dira ekitaldiaren helburuak?

Batez ere apur bat egin nahi genuena da berriro eragin kontzientzietan euskal pilota selekzioaren aldeko aldarrikapen hori. Ofizialtasun horren bidean urratsak emateko agintariei zein instituzioei eskatu genien aurrerantzean jarraitzeko bide horretatik eta ahal den bitartean eta heinean exijentzia hori eta horren alde egiteko, bai munduko pilota batzarra bai euskal pilota federazioari horren alde egiteko. Gero badakigu dena politika dela eta gure alde dauden politikariei alde egiteko eta ahal den bitartean beraiek mugitzea apur bat; ez dakit zein foroetan, baina bertan egin beharko litzateke. Pilotariei eta pilotazaleei ere, honen inguruan elkarrekin joatea eta elkar lanean egitea.

Badakigu bertan pilotari andana eta gainontzeko jendea izan zela. Zein erantzun izan zuen ekitaldiak?

Azkenean nahiko ondo. Eguraldiari begira, bagenekien ez zela izango egunik onena edo aproposena, jai eguna zen baina Iparraldean ez... Erabaki genuen Durango, jai hori dela-eta ea jende gehiago batzen ginen ikusteko. Nik uste nuen Durangoko jendea eta batuko zela, baina batez ere pilotari, pilotazale eta agintariak batu ginen. EAEko hiru lurraldeetako federazioak egon ziren, Nafarroakoa izan ezik; Iparraldeko batzordea etorri zen ere eta euskal federazioa bertan egon zen. Modalitate guztietako pilotariak batu ziren. Hori izan zen gure proposamena, batez ere jakiteko eta ahala emateko guk ere euskal selekzio potente bat egin genezakeela, nahiz eta gure pilotariak Espainia, Frantzia eta beste selekzio batzuekin jolastu, gu ere hemen gaudela.

Agerian da, beraz, euskal pilota selekzioaren egoera, ofizialtasunari dagokionean, ez dela onena. Futbolean ikusi dugu azken boladan mugimendurik, erantzun kaskarrarekin hori bai. Zein da pilotaren egoera ofizialtasunari dagokionean?

Guk nahi genuena zen, futbolarekin pasa zen moduan pasatzea. Behintzat gure federazioek aurrerapauso hori ematea. badakigu bidean daudela eta batzarrak egiten ari direla nazioarteko batzarrarekin. Hortan ari dira, baina ez da erraza izaten eta ez gara aurrerantz joaten euren ofizialtasun horretan. Gu, adibidez, Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntzan (FIPV, gaztelerazko siglak) ez gara ofizialak, baina CIJBn (Confederación Internacional de Pelota a Mano), valentziarrak, belgiarrak edota italiarrak bote luzekoak biltzen dituen beste era bateko pilota bat, hor bai ofizialak gara. Hori ari gara aldarrikatzen, gure euskal pilota ea zergatik ez den ofiziala.

Jakina da baita ere Biarritzen jokatuko den Munduko Txapelketan ezingo dela euskal koloreekin edo Euskal Herriaren izenean lehiatu. Espainia edo Frantziaren koloreekin lehiatzeari uko egingo dionik ez dakit aurreikusten den.

Zaila da. Ez genuen konpromiso horretan jarri nahi pilotariak. Bakoitzaren erabakia da eta gehienak gaur egun baietza esaten dute. Margen asko gabe, nahi genuena izan zen badaudela gure koloreak eta gure herria defendatzeko beste aukera bat eta ofiziala denean, aukera ematea. Badakigu oso zaila dela. Oso erraz joaten dira Espainia eta Frantziara jolastera; bakoitzak bere aukerak ikusten ditu eta aukerak hor daudela Munduko Pilota Txapelketa bat jokatzeko. Gero Mundialean bertan ari gara pentsatzen aukera batzuk aldarrikapen moduan zeozer egiteko, baina ez konprometitzeko hara doazen pilotariak, baizik eta bertan jokatzen duen jendearekin zerbait egitea.

Triatloiaren kasuan ikusi genuen, Europako Triatloi Txapelketetan, batzuk atera ziren beraien taldearen elastikoekin. Beraz, hori norbanakoaren erabakia izango da, baina aldarrikapena egingo da. Aipatu duzu lanean ari direla ofizialtasunaren aldarri horren bidean. Erakundeen aldetik nabaritzen al duzue atentziorik?

Nahiko indartsu dabiltza Espainiako eta Frantziako federazioak. Ipini dute "directa" eta nahiko ondo dabiltza. Beraz, guk daukagun boikota itzela da. Adibide gisa, mexikar batzuk etorri dira entrenatzera egun batzuk Mundiala baino lehenago. Ezagunak gara eta atzo Durangotik ibili ziren, gurekin hitz egiten egon ziren. Bada hedabideetan agertu dira beraien argazkiak eta segituan heldu zaizkio Mexikoko presidenteari eta Nazioarteko federazioari: zertan datzan, zer dabiltzan eta zergatik dauden Durangon. Ez zaie komeni gure selekzioa aurrera egitea, ez zaie komeni guri entzutea eta ez zaie komeni honelako gauzak pasatzea. Guk egin behar duguna da euren menpe ez egon eta aurrera egin.

Etorkizunera begira, baikor edo ilun ikusten duzue kontua?

Orain arte nahiko ilun ikusiko nuke. Pilotari nintzeneko garaian, Espainiako edo Frantziako selekzioekin jokatzeko "ezetz" gehiago ematen genituen, beste kontzientzia bat egoten zen. Gaur egungo gazteetan ez da hori ikusten eta, honela egonda, nik oso ilun ikusten dut, baina Durangon ikusitakoak berpiztu egin didate berriro ilusio hori. Badakit zaila izango dela, baina zergatik ez?