INFO

Aita Mari ontzia, misio humanitario berri baterako prest

Aita Mari ontzia Burrianako portuan dago, misio humanitario berri bat abian jartzeko prest. Ikuskaritza baino ez da falta, egiaztagiriak berritzeko eta behar diren baimenak jasotzeko. Aurreikuspenen arabera, ostegunean utziko du portua.

Aita Mari ontzia Castellonen dago, eta, aurreikuspenen arabera, ostegunean utziko du portua. (Ximena BORRAZAS)

Aita Mari ontzia Burrianako portuan dago, misio humanitario berri bat abian jartzeko prest. Astelehen honetan Xabier Legarreta EAEko Migrazio eta Asiloko zuzendaria bertan izan da, itsasontzian bidaiatzen duten pertsonei babesa adierazteko.

Lakuak ohar batean azaldu duenez, itsasontzia kargatuta dago eta ikuskaritza baino ez da falta, egiaztagiriak berritzeko eta behar diren baimenak jasotzeko. Aurreikuspenen arabera, ostegunean utziko du portua, Mediterraneora bidean. Bien bitartean, prestaketa lanetan dihardute.

 

«Euskadiko atunontzia Mediterraneoko itsasoko migratzaileak erreskatatzeko ontzi bihurtu dute, eta, haren misio guztietan, giza eskubideen aldeko borroka nekaezina, etengabea eta solidarioa utzi dute agerian», adierazi du Legarretak.

Migrazio eta Asiloko zuzendariaren iritziz, gainera, «Aita Mari, guztion begietan, migrazio-ibilbide hain arriskutsua erabiltzen dutenen bizitza babesteko eredu bilakatu da; Aita Mariren misio bakoitzak agerian jartzen du migrazio-politika txarrak gainditzeko dagoen premia».

2018aren eta 2022aren artean, Aita Marik 1.600.000 euroko laguntza ekonomikoa jaso du Lakuaren eskutik. Dirulaguntzak honako hauetan laguntzera bideratuko dira: Mediterraneoko itsas ibilbideak erabiltzen dituzten migratzaileen ontziei laguntza- eta sorospen-larrialdiari erantzuteko ekintzak garatzeko kostuak finantzatzen eta itsasoan giza eskubideen betearazpena monitorizatzen.

Aita Marik sei misio egin ditu orain arte, eta, haietan, 800 bizitza baino gehiago salbatu ditu eta zalantzazko helmuga zeukaten hainbat ontzi bilatzen parte hartu du.