INFO

Armagabetzetik lurraldea blokeatzera, «herria egiten duten uneak» harilkatuz

Armagabetze Eguna ez zen ulertuko Luhusotik askatu zen herri aktibaziorako deiadarra aintzat hartu gabe. Molde zabalago batean jardun zuen gizarteak bigarren mugarri bilakatu zuen uztailaren 23a. Lurraldearen blokeoa «presoen auziaren Luhuso» gisa har daiteke.

Jean-Rene Etchegaray joan den uztailean egindako Esnalen eta Paroten askatasunaren aldeko ekitaldi batean. (Bob EDME)

Lasaitze handi bat. Esaldi bakar batek laburbiltzen du 32 urte eta erdi kartzelan igarota bi presoren etxeratzeak Ipar Euskal Herriko gizarte antolatuan utzi duen sentipena. Bi norabideko hitzak biltzen ditu erranak. Alde batetik, urtetan garatutako dinamika azkarrak aldez aurretik irabazita ez zegoen «aterabide posible bat» irudikatu duela baieztatzera dator. Beste aldetik, preso horiek etxera ekartzeko bataila «amildegiaren ertzean jokatu zelako» arriskuaren aitortza bere baitan du adierazpenak.

71 urteko preso ohi bik, anartean, haurrek duten begirada berriarekin ekin diote, Maddalen Arzallus Antiaren bertsoak gutako bakoitzaren bizitzaren neurrian kokatu zuen salbuespen ibilbidearen hurrengo maila urratzea.

Egunero bere jitea aldatzen duen itsasoari begira paratu da luzaz bata; bi bolako izozkia dastatu du besteak. «Beranta txiki batekin heldu naiz, GPSrik ez nuelako», bota du, teknologia berriekin dialektikan buru belarri sartuta dagoela agerian jarriz gatibu ohi horietako batek, hiru hamarkadatako urruntasuna ezabatzeko balio izan duen elkarrizketa azkarraren hutsune aldiak umorearekin betez.

Bere izena ez dugu idatzita utziko. Baldintzapeko askatasunari begira frogaldian izanik, hitza publikoki hartzeko eskubiderik ere ez duelako. Frantziar Justiziak 2007az geroztik hartu zezakeen erabakia aldarrikatu zuen joan zen irailaren 22an, bide batez, bi urte lehenago Frederic “Xistor” Haranbururekin hartu zuen erabakia Ion Kepa Parot eta Jakes Esnalekin berretsiz.

Salbuespen legediarekin amaitze aldera eta, oroz gainetik, euskal presoak etxeratzeko prozesu luze bezain malkartsuari erreparatuta, «urrats zinez garrantzitsua markatzen dute askatze horiek», Anaiz Funosasen uztez. Bere hiztegia maileguan harturik «palanka bat» bilakatu daiteke epaitegietatik heldutako erabakia, oraindik ere askatzeke dauden korapiloak behingoz konpontzeko. «Badira oraindik ere DPS erregimen hertsipean dauden presoak, badira Fijait fitxategian izateagatik edo auziaren zain direlako bizitza guztiz baldintzatuta duten herritarrak, badira terrorismoaren aurkako Fiskaltzaren kolpe maltzurrak jaso ditzaketenak, berriki izandako atxiloketa batzuk erakusten duten bezala».

Bake Bidearen lehendakariak baieztatzen duenez, hasi berri dituzte hartu-emanak azkeneko lauzpabost urteetan «kalera ateratzea zailen zuten presoen etxeratzea lortzeko», Ipar Euskal Herrian lan egin duten eragileekin hemendik aurrera zabaltzen diren perspektibak jorratzeko. Luzaz itxita izandako atea irekitzea lan nekeza da. Hori izan da, sasiz beterik zegoen bidean, urratsez urrats zeharkaldia egin dutenek ikasi duten zerbait. Hala, 2018an hasi zen presoen hurbilketa mailakatuaren «motorra» gripatu zenean, Justizia Ministerioak denbora-usteltze prozedura ezaguna martxan eman zuelako, ordura arte lorturiko aitzinamenduak «kontuan sartu», eta beste zerbaitetara pasatu zen hautetsiz eta gizarte zibileko ordezkariz osaturiko euskal ordezkaritza.

Karrikan, makilen martxaren bidez, abisu eman zuten herritarrek 2020ko urtarrilean. Geroztik Parisekin zabalduriko interlokuzioari atea itxi gabe ere, norabidea adostu, lema finkatu eta moldeak berritzeko hautua hobetsi zen, Ipar Euskal Herrian indargunea inoiz baino gehiago kokatuz.

Bake prozesua, ezbairik gabe

Azkartze kolpeak eta motelaldiak. Denetarik izan du presoen auzia elkarbizitzaren eraikuntzaren mesedetan jartzeko prozesuak. Edonola ere, biziarteko zigorraren kasuan, gehiengo sozialak argiki erakutsi du bataila guztiz desorekatuari aurre egiten ziola azken urteetan zentralitate handia hartu duen “Argala komandoko” kideei zegokien auziarekin. Beharrik, lehia aldakorrari lotu ziren eragileak «lur metro bakoitza» irabazteak baldintza berriak eskuratzea ahalbidetzen zuela sinetsita zirela.

Aieteko Adierazpenaren «birlokalizazioa» izan zen Baionako Adierazpena. Agiri hori izan dute denbora luze honetan «gidaliburua» Ipar Euskal Herriko bakegileek. Berdin armaz beteriko zuloak zaintzeko orduan zein lurraldetako azpiegitura nagusiak trabatzeko garaian –mugarri bi horien artean buruturiko hamaika desmartxen garrantzia ukatu gabe– lerroa atxikitzeko gaitasuna erakutsi dute.

Frantses kartzelak Ipar Euskal Herriko presoez hustu diren honetan, zer bide hartuko du emari baliotsu horrek? «Berriz ere denon artean gogoeta egin eta Baionako Adierazpenak islatu zuen adostasunaren gainean egokitzapena bilatu beharko dugu», iradoki du Funosasek. Horren aurretik, azkeneko etapak utzi dituen emaitzen bilduma «eguneratzea» komeni da. Hiru lapurtarren auziak askotariko uzta eskaini baitu.

«Epaileek idatzita utzi dute hemen bake prozesua izan dela, eta egiaztapen esanguratsu horrekin buru egin diote Fiskaltzak, beraz Estatuak, azken unera arte atxiki duen jarrera zaharkituari», oroitarazi du. Mendekuaren logika behin eta berriz gailentzen zenean, eskubideak bilakatu ziren ezinbesteko lokarria.

Hala, Euskal Elkargoko geruza ezberdinetan kokatzen diren hautetsiekin harilkaturiko «elkarrizketa sakona» lagungarria izan zen, 2017an erreusitu zen armagabetze prozesu zibilak ondu zuen orubean «konbikzioa inoiz heldu ez zen jende eta egituretaraino zabaltzeko».

Armagabetzeari begira Luhuso (2016) pizgarria izan bazen, arriskuak hartzeko eta partekatzeko hautuak biderkatu zituen uztailaren 23an goia jo zuen desobedientzia kanpainak. Sarritan tentsioen eta ulertezintasunen iturria izan den gatazkak utzitako ondorioak bideratzeko esparruan ere itun posible bat irudikatu zuen, neurri batean, bide, zubi eta biribilgunetan azaleratu zen jende eta pentsamoldeen aniztasunak. «Herria egiten gaituen unea» bizitzea pribilegiotzat jotzen du desobedientzia ekimen ikusgarri batean parte hartu zuen bakegile batek.

«Ce pays..» hasiera zuen neurri sorta aletu zuen Jean-Rene Etchegarayk Suprefeturaren aurrean, blokeatze egunaren amaieran. Demokraziaren eta ukazioaren arteko talkan, presoen auzia lurralde agendaren aldeko akuilu gisa baliatuz. Estatuaren jokabideak sortzen duen asaldura noraino irauli duen, baita estetika politikoa ere, bozgorailu batetik mintzatu zen agintari zentrista. U23an azpiegiturak trabatu zituzten ekintzaileei ondoko hilabetetan egiteko diren auziak deuseztatu ezean, bake prozesuaren emaitzak agerian jarriko dituen saioan oraindik biluziago izanen da Estatua.