INFO

Azken minutuko penaltiarekin, garaipenaren bidera eta lidergora itzuli da Alaves (2-1)

Talde babazorroa 1-0 aurreratu da markagailuan partida hasi eta berehala, Abqarren lehen golarekin. Partida kontrolpean izan duen arren, Borja Bastonek, estrategia jokaldian, berdinketa egin du eta azken uneko penalti jaurtiketarekin erdietsi du garaipena Alavesek. 

Alaveseko jokalariak Abqarren lehen gola ospatzen. (LALIGA)

Hamahirugarren jardunaldiko partida jokatu aurretik, dena alde jarri zaio Alavesi. Las Palmasek 1-0 galdu du Huescan eta beraz, garaipen batekin berriro ere lidertzara itzultzeko aukerarekin ikusi da. Halakoetan, nahiz eta oraindik lehendabiziko itzulia izan, aukerak ezin dira ezerezean utzi eta Alavesek, partida kontrolpean izanda, ezusteko bat jaso duen arren, azken unean erdietsi ahal izan du garaipen garrantzitsua. Bretonesek, area barruan, baloia eskuarekin ukitu duela adierazi du epaileak eta Salva Sevillak egin du 2-1ekoa.

Partida, bere horretan, ez da egon bikaintasunetik gertu, ezta gutxiagorik ere, baina babazorroek kontrolpean izan dute partida. 16. minutun Abqarrek 1-0ekoa egin izanak ere lagundu du norgehiagoka maldan behera jartzen. Oviedok apenas sortu du arriskurik, soilik Borja Bastonen erremate bat Sivera eta Duarteren gaizki ulertu baten ondotik. Hain zuzen ere, asturiarrek ez dute atera jaurti lehen zati osoan.

Etxekoak, aldiz, bigarren gol bat sartzeko zorian egon dira bi aldiz. Lehendabizikoan, Bastonen aukeraren aurretik, Taichi Harak ere ez du probestu Nadal eta Costasen arteko hutsegitea. Motel aritu da japoniarra eta Tarin garaiz iritsi da. Gertuago ibili da Rioja, baina jokoz kanpokoagatik ezerezean geratu da jokaldia.

Bigarren zatian Oviedoren erreakzioa espero zen baina errealitatea izan da, hasi eta gutxira, Abqarrek egin duela 2-0ekoa, baina baliogabetua izan da. Lasai eta eroso zeuden babazorroak, markagailua estua izan arren. Kezkatzen hasteko arrazoi gutxi eman ditu Cerveraren taldeak. Teknikaren bigarren partida izan da Oviedorekin eta Malagaren aurka garaipena eskuratu ostean, Mendizorrotza bezalako zelai batean berdinketa batzetik gertu egon da.

Borja Bastonek, estrategia jokaldi isolatu batean, egin du 1-1ekoa, bigarren jokaldian erremate ederra eginez. Ezinezkoa izan da Siverarentzat.

Patxadaz jokatzetik, presaka jokatzera pasa da Luis Garcia Plazaren taldea. Teknikariak, hain zuzen ere, aldaketa hirukoitza egin du (Alkain, Balboa eta De la Fuente zelairatu ditu Jason, Moya eta Guridiren ordez), erreakzioa bilatu asmoz. 20 minutu geratzen ziren bukaerarako eta egiari zor, apenas aldatu da partidaren dinamika.

Azken minutura arte. Estrategia jokaldi bateko jaurtiketa Bretonesek eskuarekin desbideratu izana adierazi du epaileak. VAR-etik kosta zaie epaile nagusiaren erabakia berrestea eta behin berretsita, Salva Sevilla beteranoak ez du hutsik egin Alaves lidertzara itzultzeko.