INFO

Jokoa gizartearentzat arazoa dela uste du EAEko lau biztanletik batek

Larunbat honetan ospatzen den Ausazko Jokorik Gabeko Munduko Egunaren harira, Lakuak EHUrekin batera egin duen azterlanaren zenbait emaitza zabaldu ditu. Horien artean, jokoa gizartearentzat arazo dela dagoen ustea (%73,3) edota joko-lokalak hiriguneetatik kanpo kokatzearen aldeko jarrera zabala.

Apustu-etxeen aurkako mobilizazioa Bilbon, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EAEko herritarren %73,3k uste du ausazko jokoak arazo direla gizartearentzat. Emakumeen kasuan, %75,5era igotzen da uste bera dutenen portzentaia. Adin-tartearen arabera, pertzepzio hori dutenen kopurua altua da guztietan, baina, batez ere, 30 eta 44 urte bitarteko pertsonen artean, %78k hala dela uste baitu.

Datu horiek Euskal Behatokiak datorren urtean argitaratuko duen ‘Euskadiko jokoaren pertzepzio soziala eta balorazioa’ azterlanaren parte dira.

Urriaren 29 honetan ospatzen den Ausazko Jokorik Gabeko Munduko Egunaren harira, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi du EHUrekin lankidetzan egiten dituen azterketak «funtsezkoak» direla joko arduratsuari buruzko erabakiak hartzeko eta politika publikoak planifikatzeko, baita EAEn joko patologikoaren aurkako prebentzioa eta borroka egiteko ere.

Azterketak joko presentzialetako eta online jokoetako ohiturekiko iritzia aztertzen du, eta emaitzen arabera, negatiboagoa da online jokoen pertzepzioa. Aurrez aurreko jokoaren pertzepzioa «txarra edo oso txarra» da %45,9an. Hala ikusten dute bai gizonek (%43,5) bai emakumeek (%48,5), eta ia adin-tarte guztietan.

Pertzepzio txarragoa online jokoekiko

Online jokoaren pertzepzio «txarra edo oso txarra» du galdetutakoen %65,9k. Hala ikusten dute, batez ere, emakumeek (%66,9), eta 65 urtetik gorakoek (%66,3). 

Azterlanak, bestalde, aurreko azterlanetan egiaztatutakoa islatzen du: pertsona gehienek (%76,6) ausazko jokoetan parte hartu dutela azken urtean.

Horien artean, gehienak 45 eta 64 urte bitarteko gizonezkoak dira, loteriaren eta ONCEren jokoen alde egiten dutenak. Urruti samar, ‘B’ motako makinak, berehalako loteria eta kirol-apustuak dira gehien aukeratutako hurrengo jokoak.

Inkestatutako pertsona gehienek (%65,4) uste dute gizonek gehiago jokatzen dutela emakumeek baino, eta gutxi gorabehera berdin jokatzen dela gazteen eta adinekoen artean.

Era berean, inkestak joko-lokalen kokapenari buruzko kontsulta egin du. Gehienen ustez, ikastetxeetatik urrun edo iristeko zailak diren guneetan kokatu beharko lirateke, hiriguneetatik kanpo.

‘B’ motako makinen kasuan, %76,7k uste du aldenduta egon behar direla; kasinoei dagokienean galdetutakoen %80,2k uste du hori, eta joko-aretoen kasuan, galdetutakoen %79,7k. Inkestatutakoen %14-16k uste dute horrelako lokalak debekatuta egon beharko liratekeela.