INFO

425 urteko zigorra ezarri diote Marixol Iparragirreri hasieran absolbitu zuten eraso batengatik

Auzitegi Nazional espainolak, duela urte eta erdi, Marixol Iparragirre absolbitu egin zuen 1985ean Gasteizen izandako atentatu saiakera batean parte hartu izanaren akusaziotik. Gorenak epaiketa errepikatzea agindu eta orain 425 urteko espetxe zigorra ezarri diote.

Marixol Iparragirre, Auzitegi Nazionalean. (Juan Carlos HIDALGO/EFE/POOL)

Auzitegi Nazionalak 425 urteko kartzela zigorra ezarri dio Marixol Iparragirreri, 1985eko maiatzaren 19an Mendizorrotzako estadioan, Gasteizen, espainiar Poliziaren aurka egindako atentatu saiakera batean erabili zen autoa gidatu zuela «frogatutzat» eman baitu.

Joan den ostiraleko epai batean, Zigor Arloko Salako magistratuek «20 hilketa saiakera, agintaritzaren agenteen aurkako atentatu saiakera eta triskantza» delitua leporatu dizkiote. Autoak ez zuen eztanda egin eta ez zen zauriturik egon.

Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalak Iparragirreren alde lehen auzialdian emandako absoluzioa bertan behera utzi ostean iritsi da zigor hori. Iparragirre absolbitu egin zuten kargu hauetatik 2021eko martxoan. Auzitegiak auzitan jarri zuen 2019an aurkeztutako polizia txosten bat, atentatu saiakera izan eta 34 urtera.

Epaian, Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko bigarren sekzioak absoluzioa argudiatu zuen 1985ean atestatua egin zuten perituek deklaratutakoan kontraesanak zeudela ondorioztatuta eta autoan pertsona baten hatz-marka baino ez zutelako aurkitu. Hala ere, joan den uztailean Auzitegi Gorenak absoluzioa baliogabetu eta epaiketa beste magistratu batzuekin errepikatzea agindu zuen.

Aipatu auzitegiak ebatzi zuen Iparragirre absolbitu zuten Auzitegi Nazionaleko epaileek «arrazoizkoa ez zen argudio batekin» alde batera utzi zutela froga daktiloskopiko baten balorazioa, «fiskalarentzat, oinarri objektiboarekin, balio handia baitzuen».

Lehen epaiketan kontuan hartu ez zen txosten daktiloskopikoari dagokionez, Auzitegiak dio anonimotzat artxibatu ziren bost hatz arrasto direla, eta Iparragirreren aztarnekin erkatu zirela, akusatua identifikatuz.