INFO

Bidasoak hortzak erakutsi dizkio Fuchse Berlini baina ezin izan du ezustekoa eman (34-29)

Bidasoa Irunek partida ona jokatu du Berlinen, Fuechse Berlinen aurka, baina ez da nahikoa izan pista zail batean ezustekoa eman eta garaipena eskuratzeko (34-29). 36. minutuan markagailuan aurreratu dira baina ez dute probestu aukera on bat eta arerioak segituan irauli du markagailua.

Jon Azkue, 10 golekin, izan da partidako golegile nagusia; irudian, Kolstad taldearen aurka. (Jon URBE | FOKU)

Gutxik esperoko lukete 17. minutuko markagailua ikusita Bidasoa Irunek Berlinen zerbait lortzeko borrokatu zezakeenik. 11-5eko emaitzarekin ikusi dira jokoaren laurdena jokatuta eta burua jaitsi beharrean, laneko trajea jantzi dute gipuzkoarrek, eta ekin eta ekin, markagailuan hurbiltzen hasi dira.

1-4ko partziala lortu dute Dariel, Iñaki Cavero eta Furundarenaren golei esker (12-8) eta Jon Azkue ikuskizuna emateko prest kantxaratu da. Kasik segidan egin ditu bost gol, markagailua bi golera estutzeraino, tartean Caveroren beste gol batekin (16-14) baina Lichtleinek, edozein zalantza ezabatu, bere taldearen 17. gola egin eta Bidasoaren ekinaldia geratu du.

Hiru goleko desabantailarekin hasi du bigarren zatia –aldea bira murrizteko aukera izan du azken txanpan baina Da Silva eta Miticek ez dute asmatu. Etxekoek garaipena bideratzeko zailtasun handiegirik edukiko ez zutela zirudien, agerian baitzegoen kalitatez talde hobea zela Berlingoa baina ez dute kontuan hartu gipuzkoarren kemena eta Jon Azkueren egun zoragarria.

Oriotarrak 10 golekin bukatu du partida –%91ko eraginkortasunarekin– eta bera izan da 20-20ko berdinketa ezarri izanaren errudun handiena. Hiru gol egin ditu hasi eta berehala, Darielek beste bat eta Asier Nietok beste bat. Baina hor ez da geratu Bidasoaren erreakzioa, markagailuan aurretik jartzeko gai ere izan baita, oraingoan ere Azkueren bitartez (20-21).

Blokeatuta agertu da etxeko taldea eta gipuzkoarrek aldea handitzeko aukera izan dute baina Ander Ugartek ez du asmatu, ezta Mitic eta Azkuek ere; bai, ordea, Lindberg-ek 7 metroetatik (21-21). Druxen bitartez markagailua beraien alde jarri du Fuechse Berlinek eta Cavero 22 goleko berdinketa ezarri duen arren, baita Asier Nietok ere 23 golekoa, Lichtleinen beste gol batek garaipena bideratzeko balio izan du (24-23).

Ordutik, Marsenic, Vujovic, Drux eta Wiederen golei esker, 5-0ko partziala ezarri du (29-23) eta Bidasoarentzat gehiegizkoa izan da. Lehen zatian egin duen ekinaldia errepikatzeko indarrak ere ez ziren berdinak partidaren azken hamar minutuetan eta une oro aurpegia eman duen arren, etxekoek ez dute gehiegizko arazorik izan partida ixteko.

Fuechse Berlin: Kireev (Milosavljev), Wiede (5), Lasse Anderson (1), Beneko, Chrintz (2), Darj (1), Drux (6), Freihofer, Holm (3), Kopjlar, Lichtlein (6), Lindberg (4), Marsenic (4), Vujovic (2), Kix.

Bidasoa Irun: Jakub (Medhi), Zabala, Asier Nieto (3), Azkue (10), Mitic, Cavero, (6), Aginagalde, Ugarte (1), Matheus Da Silva (1), Tesoriere, Dariel García (3), Furundarena (2), Gorka Nieto (3), Julen Mujika, Victor Rodríguez.

Markagailua bost minuturo: 1-2; 5-3; 10-5; 12-8; 15-12; 18-15- atsedenaldia- 20-20; 22-21; 25-23; 29-24; 32-26; 34-29.

Epaileak: Jorum eta Kieven (Danimarka). Bi minutuko zigorra ezarri die Kopjlar (2), Darj (2), Asier Nieto (2), Furundarena, Matheus Da Silva eta Mitic-i.

Gertaerak: EHF European Leagueko multzoko faseko bigarren norgehiagoka, Berlingo Max-Schmeling Halle pabilioian jokaturikoa, 6.000 ikusle ingururen aurrean.