INFO

‘Heriotzari bizitza emanez’ jaialdia hirugarren ediziora iritsi da

Heriotzari buruz normaltasunez hitz egiteak duen garrantzia azaltzeko, joan den larunbatean Heriotzari Bizitza Emanez jaialdiaren hirugarren edizioa abiatu zen Euskal Herriko hainbat herritan, eta aste honetan zehar izango du jarraipena.

‘Hil aurretik nahi dut...’ izeneko ekimena, Orion. (NAIZ)

22 ekitaldiz osatutako egitarauak aurreko bi urteetan irekitako bideari eutsiko dio –‘Death Café’ izeneko solasaldiak, streaming bidezko hitzaldiak, zine-forumak eta desioak idazteko hormen irekierak–, baina aurten ekitaldi guztiak, batez ere presentzialak, pandemiak behartutako mugarik gabe gauzatzeko aukera izango dute.

Egitaraua antolatzeko lanetan aritu den ZainBizi elkarteko Amaia Gozategik honakoa azaldu du: «Aurreko bi urteetan, pandemiaren zailtasunak izan bagenituen ere, antolatutako ekitaldiek arrakasta handia izan zuten, eta aurten ere hala izatea espero dugu, nahiz eta eguna iritsi arte ez dakigun zer gertatuko den, aurtengo egoera oso desberdina izango baita».

Jaialdia, esan bezala, joan den larunbatean hasi zen, eta egun horretan Donostian, esaterako, ‘Hil aurretik nahi dut...’ izeneko horma inauguratu zuten Egiako epaitegiaren ondoan. «Horma honek gure heriotza heldu aurretik burutu nahi genukeen desio hori esaldi labur batean adieraztera gonbidatzen gaitu. Hartara, gure desio intimo hori, komunitatean zabaldu eta publiko bihurtuko da», esan du Amaia Gozategik.

Donostian jarraituz, joan den larunbatean ‘Death kafe’ izeneko ekimena egin zuten Tabakaleran, «heriotzaz hitz egiteko eta gure bizitza arau eta loturarik gabe aberasteko, kafe bat eta bizkotxo batez lagunduta». Eta larunbatetik azaroaren 1era arte, ‘Isiltasuna afinatzen’ izeneko omenaldi musikatuak egiten ari dira Polloeko hilerrian.

Euskal Herriko beste hainbat herritan ere jaialdia ospatzen ari dira. Horrela, Orion zabalik geratu zen horma hori joan den larunbatean, Tolosan ere zabaldu dute eta Urduñan gaur egongo da, Foru Plazan, 11.00etatik 14.00etara. Sopelan azaroaren 3ra arte egongo da zabalik San Pedro elizaren kanpoaldean eta joan den ostegunean ‘Oroimenaren zuhaitza’ izeneko instalazio artistikoa zabaldu zuten.

Elgoibarren azaroaren 6ra arte egongo da horma zabalik Aita Agirre kulturgunean. Herri honetan bertan, joan den ostegunean ‘Death kafe’ izeneko ekimena egin zuten. Hondarribian eta Gordexolan, bestalde, atzo egin zituzten ‘Death kafe’ solasaldiak.

Gasteizko Mendebaldea institutuan, Irungo ospitalean eta Gurutzetako ospitalean ere martxan jarri dute ‘Hil aurretik nahi dut...’ izeneko ekimena.

Azkenik, streaming bidez izango diren hitzaldietan, nazioarteko hizlariak ere jardungo direla nabarmendu dute antolatzaileek. «Sarea handitzen doan neurrian, hizlarien jatorria ere zabaltzen doa».