INFO

Kannabisa arautzeko Estatu mailako legean Nafarroak parte hartzea eskatu du Alderdi Kannabikoak

Estatu mailan egiten ari den legean parte hartzeko eskatu die Nafarroako Parlamentuko kideei Argi Berde Alderdi Kannabikoak. Izan ere, legea aurrerapausutzat jo badu ere, baztertu dituen beste eritasunetan ere kannabisa erabiltzea nahi dute.

Medikuntzarako erabiliko den kannabis landaketa bat Israelen. (Menahem KAHANA | AFP)

Estatu mailako legea «nahikoa ez denez», «hitz gutxiago eta ekintzetara pasatzea» eskatu die nafar parlamentariei Argi Berde Alderdi Kannabikoak asteazken honetan Ganbaran egin duen agerraldian. Gauzak horrela, Estatu mailan kannabisaren erabilera terapeutikoak arautuko dituen legearen prozesuan parte hartzeko eskatu die. Alderdi honen arabera, onartzeko bidean dagoen Estatuko legea «aurrerapausoa da, baina ez da nahikoa».

Horrela azaldu dute lege berria aztertzeko gaur Nafarroako Parlamentuan egin duten agerraldian. Arau honek kannabisa zazpi gaitzetarako erabiltzea aurreikusten (minbizia edo fibromialgia hauen artean) baina ez ditu beste eritasun batzuk kontuan hartzean, «nahiz eta landaren honek eraginkorra dela frogatu badu ere».

«Kannabisa osasuna da», nabarmendu du alderdi honetako kide Fermin Lesek. Adierazi duenez, «oso haserre» daude, kannabisa soilik zazpi gaitzetarako erabiltzea «aurrerapausu eskasa da». Honekin batera, legea onartzeko prozesuan «baztertu gaituztela» salatu du Lesek. «Kannabisaren erabilera medizinala defendatzen dugunok gaizkile bezela tratatu gaituzte», erantsi du.

«Ezin da hitz onak eta ekintzarik ez izatea. Zuek ez duzue aurrera egin nahi», bota die Lesek Nafarroako Parlamentuko kideei. Bere esanetan, Nafarroako Legebiltzarra garaiz da oraindik Estatu mailako legeari ekarpenak egiteko.

«Hitzetatik ekintzetara pasatzea nahi dugu gaixoek pairatzen duten mina ez delako gelditzen», gaineratu du. «Nafarroako jendartea kannabisaren lehen lerroan da, baina zuek azkenean zabiltzate», aurpegiratu die Nafarroako parlamentariei.