Aitor Elordi, izar handienei begietara begiratzen ausartzen den sparring ohia
Jokin Altunak onartu du sasoi ikaragarrian datorren aurkari baten aurka jokatzeak «izugarri motibatzen duela» eta mallabitarra erabili du, pilotari gazteekin pazientzia handiagoa behar dela aldarrikatzeko.
Txapelketa nagusietan aukerarik gabe, Aitor Elordik ondo daki garai honetan zer den bere enpresa kideei igandekoa bezalako partidak prestatzen laguntzea. Urrutira joan gabe, zenbaitetan ez daki ziur, baina hamaika aldiz aritua izan da Jokin Altunarekin sparring lanak egiten, Bizkaia pilotalekuan bertan. Oraingo hau, ordea, oso bestelako hitzordua izango dute finalerako txartela izango baitute jokoan, mallabitarraren lehen mailako lehena izango litzatekeena, kaiolako zazpigarrena jarraian amezketarrarentzat.
Adin berekoak izanagatik, garapena ere oso desberdina izan dute pilotari biek. Gipuzkoarrak bi urte lehenago egin zuen debuta eta ia lehen egunetik hasi zen estelarrak jokatzen, eta bizkaitarrak apenas izan du lekurik onenen artean. «Urtarrilean izango dira debuta egin nuenetik zazpi urte eta ia egoera denak bizi izan ditut. Lehen bi urteetan, gozatu baino, sufritu egin nuen gehiago, oso berde egin nuelako debuta eta asko kosta zitzaidan zulotik irtetea. Baina motibaziorik galdu gabe lanean jarraitu nuen, gero eta pilotari hobeei irabazten joan nintzen, aurtengo txapelketan kolpea ematea lortu dudan arte», azaldu du gaurko material aukeraketan.
Elordiren baieztapena ez da erabat zehatza, iaz ere lortu baitzuen final laurdenetako ligaxkan sartzea. «Iazkoa lehen aukera izan zen izar handien aurka jokatu nuena, eta pixka bat falta izan zitzaidan sinistea halako pilotari handiei irabazteko gai nintzela. Jokinen aurka izan zen lehen partida hura eta irten nintzen jokatzera irabazteko aukerak nituela sinistu gabe bezala eta hortxe joan zitzaidan partida –asko estutu zuen hala ere–. Iaz atera nuen ondoriorik handiena horixe izan zen, nire aukeretan sinistu behar dudala eta horrek aurten asko lagundu dit, nigan asko sinistu dut eta gauzak irten dira», azaldu du.
Erik Jakaren aurka iazkoa gutxienez errepikatzeko helburua beteta, aurten beste konfiantza batez aritu da mallabitarra. «Nik uste ez naizela iazko bera, egunerokotasunean lana egiten dugu astetik astera hobetzeko eta ahalik eta mailarik onena emateko. Aurtengo txapelketan Jokini irabazteko edo estutzeko gai izan diren pilotariei irabazteko gai izan banaiz, zergatik ez diot Jokini irabaziko? Badakit oso zaila dudala, espezialista handi bat delako baina aukera horiei heldu behar diet orain», gaineratu du.
Garapen horren arrazoien inguruan galdetuta, fisikoki egindako lanean eta horrek sake-errestoan eta defentsan, bere lehengo ahulgunerik handienak zirenetan, askoz erosoago aritzera eraman dutela nabarmendu du.
Pazientzia
Halakoetan ohikoa izaten den bezala, finalerako bere azken oztopoa izango den Jokin Altunak lore ederrak bota zizkion Elordiri, baina utzi zuen baita ikuspuntu interesgarririk. «Iruditzen zait Elordi oso adibide ona dela gaur egun askotan gertatzen dena azaltzeko. Gaur egun pilotariekin presa handia dago eta iruditzen zait margen handigoa eman behar zaiela hobetzeko, garai batean ematen zen bezala. Elordi, Peio eta Dario bera izan daitezkeen bezala, adibide argiak dira urteekin hobera nabarmen egin duten pilotarienak. Eta ez bakarrik txapelketa honetan, binaka ere, nahiz eta bigarren mailan izan, txapelketa ikaragarriak egin ditu eta askotan zailagoa da maila horietan diferentziak egitea, lehen mailan abantailarekin jokatuta destakatzea baino. Nire ustez pilotari oso oso ona da, oso arriskutsua eta iruditzen zait hemen geratzeko heldu dela».
Orain arte ikusitakoarekin, sakeaz eta errematatzerako garaian erakutsitako eraginkortasunaz harago, pilotari Elordik eman dion gatza nabarmen du amezketarrak eta errespetu bezainbesteko ilusio omen dauka igandera begira. «Asko motibatzen nau oraintxe Aitorren kontra jokatzeak, izan dituen emaitzak izanda, niretzat proba handia da eta asko motibatzen nauen partida da».
Pilotekin ez da inolako arazorik izan eta Jokin Altunak nabarmendu duenez, gaur erabiltzen den material klase honekin, lau eta erdian sake-errestoak gainontzeko distantzietan baino askoz zailagoak dira eta hor egon daiteke igandeko partidaren gakoetako bat.