INFO

Haurreskolen doakotasuna ezartzeko Lakuak 61 milioira igoko du 2023-2024rako aurrekontua

Lakuako Hezkuntza Sailak «inoizko aurrekonturik handiena» izango du 2023an. Haurreskolei bideratutako aurrekontua 61 milioira igo du, 2023-2024an partzuergoko ikastetxe publiko guztietan doakoak izan daitezen. Bildarratzek esan du 2023an lan eskaintza publikoak egingo direla, 7.000 plaza guztira.

Jokin Bildarratz Gasteizko Legebiltzarrean, Hezkuntza Saileko aurrekontuak aurkezten. (Irekia)

Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza sailburuak, sailburuorde taldea lagun zuela, bere sailak 2023rako prestatu duen aurrekontua aurkeztu du ostiral goizean Gasteizko Legebiltzarrean. Lakuako Gobernuak egindako Aurrekontuen Lege Proiektuak 3.477,7 milioi euroko partida aurreikusten du Hezkuntza Sailarentzat, hau da, 2022ko ekitaldian baino 242,7 milioi euro gehiago, %7,5eko igoerarekin.

Bildarratzek azpimarratu duenez, «euskal hezkuntzak bere historian izan duen aurrekonturik handiena izango da, aurreko ekitaldian ezarritako marka gaindituz».

Lakuak Haurreskolak Partzuergoaren, 0 eta 3 urte bitarteko eskolen finantzaketa indartuko du datorren urterako kontuetan, %8,93ko igoerarekin, 61 milioi eurora iritsiz. Horri esker, 2023-2024 ikasturtetik aurrera partzuergoko ikastetxe publiko guztietan doakotasuna ezarri ahal izango da.

Hezkuntza arloko langileei dagokionez, hezitzaileen «egonkortasuna» bermatzeko apustua adierazi du: «Datorren urtean aurrera egingo dugu hezkuntza eredu berrituan eta eraldatzailean. Gure ikasleak sistemaren erdigunean jartzearen aldeko apustua egiten jarraituko dugu, irakasleen eta hezkuntzako langileen egonkortasuna sendotuz hezkuntza kalitatearen funtsezko elementu gisa».

Ildo horretan, gogorarazi du amaitzen ari direla joan den hilean 3.178 lanposturekin abiatu zen merezimendu lehiaketako deialdiarekin, eta datorren urtean ere hautaketa prozesua egingo dela 7.000 lanpostuko multzoa osatu arte. Gainera, aurreratu duenez, Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) ondoren, Sailak aurreikusten du 2024aren amaieran bitartekotasuna %1,28koa izango dela.

Hezkuntza Saileko langileei dagokien kapituluak %6,76ko hazkundea erakusten du. Bildarratzek nabarmendu du egiturazko plantillaren eta hezkuntza figura berrien egokitzapenak, ezarritako soldata igoeraz gain, 104,6 milioi euroko igoera dakarrela.

Inbertsioak eremuz eremu

Bildarratzek adierazi du «gizarte anitz eta askotarikoari erantzungo dioz hezkuntza inklusiboaren alde» egiten duela Hezkuntza Sailak eta, horretarako, 107 milloi euro esleitu dituela unibertsitateaz kanpoko beketarako. Horrez gain, 68,2 milioi bideratu dituzte hezkuntzaren osagarri diren zerbitzu osagarriak familiei eskaintzeko, hala nola garraioa eta eskola jantokiak.

Hezkuntza Premia Bereziei erantzuna emateko 200 milioi euro baino gehiago bideratuko dira, urteko aurrekontuan aurreikusita baitago hezkuntza laguntzako berariazko premiei erantzuna ematea.

Ikerkuntza eta berrikuntza sustatzeko, ikastetxeetan funtzio berriak dituzten irakasleak sartu direla azaldu du; hala nola, berrikuntza arduradunak eta mentore digitalak. Guztira 612,5 lanaldiz hornitu dira, ikastetxe publiko guztietako 975 irakasleren artean banatuta.

Ikasleen eta irakasleen hizkuntza gaitasunak areagotzeko 9,5 milioi euroko partida aurreikusi da. Iraleko programaren bidez, 2,1 milioi euroko aurrekontua mantentzen da irakasleek euskara ikas dezazten liberatzeko. Era berean, euskararen normalizazioa eta euskal kulturaren sustapena indartzeko asmoa agertu du Bildarratzek, diru-laguntzen programa bakar batean txertatuz, eskola ingurunea euskalduntzeko proiektuak ikastetxearen hizkuntza proiektuan txerta daitezen. Guztira, 2.500.000 euro erabiliko dira, ikastetxe publikoetan zein itunduetan. Era berean, eleaniztasunerako programak mantendu dira 1,8 milioirekin.

Lanbide Heziketari dagokionez, azken urteetako proiekzioari eutsi zaio: ikasleen hazkundea, hainbat heziketa ziklotako taldeen kopurua handitzea, eta orientazioa indartzea Lanbide Heziketako ikastetxe integratuetan, arlo profesionalean zein psikopedagogikoan; 67 orientatzailerekin Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxe publikoetan.