INFO

EH Bilduko kideek zortzi udalerrietako hautagaitzak berretsi dituzte Araban

Arabako EH Bilduk Aguraingo, Oiongo, Guardiako, Iruña-Okako, Bernedoko, Donemiliagako, Lapuebla de Labarkako, Urkabustaizko eta Trebiñuko hautagaiak aurkeztu ditu.

Raul Lopez de Uralde Aguraingo hautagaia. (EH BILDU ARABA)

Gaur eguerdian amaitu du EH Bilduk Arabako zortzi udalerritan udal hauteskundeetako zerrendaburu izango diren pertsonak hautatzeko prozesua. Bozken bidez, Aguraingo, Oiongo, Guardiako, Iruña-Okako, Bernedoko, Donemiliagako, Lapuebla de Labarkako, Urkabustaizko eta Trebiñuko hautagaiak berretsi dituzte bilkideek.

Kasu guztietan hautagaitza bakarra zegoen. Raul Lopez de Uralde izango da Aguraingo alkategaia bigarrenez. Bestalde, Erika Letamendik eta Xabi Alavarez de Arkayak Donemiliagako eta Urkabustaizko alkatetzak berresteko asmoa dute, hurrenez hurren. Bien bitartean, José Manuel Villanueva, Ángel Coca, Carlos Errasti eta Ritxar Astegieta izango dira Oion, Laguardia, Lapuebla de Labarka eta Trebiñuko zerrendaburuak. Azkenik, Eneko Mendaza Foronda izango da lehen aldiz Bernedoko hautagaia.

Agurain

Raul Lopez de Uraldek 47 urte ditu eta sukaldaritza ikasketak egin zituen Gamarrako ostalaritza eskolan. Txagorritxuko sukaldean lan egin du, eta 21 urtez Miko-Nestlé-Froneri enpresan aritu da. EH Bilduko kidea da koalizioaren sorreratik, eta horrez gain gizarte mugimenduetan ere parte hartu izan du. Egun, Uraska Kultur Elkarteko presidentea da. Familiarekin eta lagunekin egotea gustoko du, baita semearen futbol partiduak ikustera joatea ere.

Donemiliaga

Erika Letamendi Hurtado 36 urteko hiru umeren ama da. Gasteizko San Prudentzioko egoitzan lan egiten du erizain laguntzaile teknikari bezala. Jaiotzez Gasteiztarra izan arren bere arbasoak lautadako Axpuruko herrian ditu, horregatik Narbaizako herrian kokatu da bere familiarekin, herriko bizitzaz gozatuz. Donemiliagako alkatea da 2019. urtetik.

Oion

Jose Manuel Villanueva 1966an Kadizen jaio zen, eta 1970etik Oionen bizi da. Lehen graduko Lanbide Heziketa egin zuen eta sukaldari moduan lan egin du. Bi bilobeen aitona da. 2011etik EH Bilduko zinegotzia da.

Trebiñu

Ritxar Astegieta Arrietak 48 urte ditu eta adimen urritasuna duten pertsonekin egiten du lan APDEMAn. Trebiñuko euskararen aldeko herri mugimenduko kidea, sindikalista eta talde antimilitaristetako partaidea ere bada.

Urkabustaiz

Xabier Alvarez de Arcaya Fernandez de Landak 59 urte ditu. Elektronika eta elektrizitate ikasketak ditu eta Telefonican lan egin du 1982tik, eta bertan enpresa batzordeko kide eta presidentea izan da. Egun, Urkabustaizko alkatea da eta aurretik, Abornikako Batzar Administratiboko presidentea izan zen. EKA-ACOAko batzarrean ere parte hartu zuen.

Lapuebla de Labarka

Arrasaten, duela 62 urte, jaio zen Carlos Errasti. Lapuebla de Labarkan bizi da duela 38 urte. Lehen Hezkuntzako irakaslea da, eta kirola, musika, irakurtzea eta lagunekin egotea gustatzen zaio. 2011tik 2019ra EH Bilduko zinegotzia izan da Lapuebla de Labarkan.

Iruña Oka

Davide di Paolak, Napolesen jaioa, 65 urte ditu. Goi mailako ikasketak ditu eta itzultzailea da. Egun, Lanbiden egiten du lan. Trespondeko Batzar Administratiboko preisdentea izan zen 2001etik 2021era, eta Iruña Okako ur patzuergoko presidentea 2012 eta 2015 bitartean. 2015etik geroztik Iruña Okako EH Bilduren bozeramailea da.

Bernedo

Eneko Mendaza Foronda, Gasteizen jaioa, Bernedon bizi da eta Gasteizko Michelin lantegian egiten du lan. 35 urte ditu eta Elektromekanikako Erdi Mailako Gradua eta ingurumeneko ikuskaritzako ikastaro bat ditu. Bere zaletasunen artean, bidaiatzea, mendia eta animaliak daude.

Laguardia

Angel Coca Laguardian bizi da eta 60 urte ditu. Mekanika hidraulikoko ikasketak ditu, eta bero-instalazioak muntatzeko eta mantentzeko sektorean lan egiten du, baita iturgintzako eta berokuntzako eta etxeko klimatizazioko lanetan ere. 2013tik EH Bilduren bozeramailea da Laguardiako Udalean.