INFO

Gipuzkoako TAO eta garabietako langileek grebari ekingo diote hitzarmenaren defentsan

Momentuz, zortzi eguneko lanuztea egingo dute asteazken honetatik aurrera hilaren 16ra arte Gipuzkoako TAO eta garabietako langileek. ELA, LAB eta CCOO sindikatuen deialdira batuz, KPI-ari lotutako soldata igoera eskatzen dute, besteak beste.

Akordiorik lortu ezean, lanuzteak luzatu egingo direla iragarri dute. (Jon URBE | FOKU)

ELA, LAB eta CCOO sindikatuek deituta, Gipuzkoako TAO eta garabietako langileek lehen greba eguna hasiko dute asteazken honetan, gutxienez hilaren 16ra arte, euren hitzarmena defendatzeko eta «benetako negoziazioa» eskatzeko. Besteak beste, KPIri eta 1.592 lanorduri lotutako igoerak bermatzea eskatzen dute. Donostiak aurrea hartu zuen protestan eta iragan asteaburuan langileek greba egin dute dagoeneko. Orain, lurralde osora hedatuko da.

Akordiorik lortu ezean, mobilizazioek aurrera jarraituko dutela ohartarazi dute sindikatuek. Sei eguneko greba iragarri arren, sindikatuek salatu dute administrazio publikoek ez dutela «gatazkan duten erantzukizuna bere gain hartu nahi, nahiz eta udalak izan kontratatzaileak eta, ondorioz, zerbitzuaren arduradunak».

Ildo horretan, ELAk, CCOOk eta LABek azaldu dute grebalariek behin baino gehiagotan eskatu dietela bilera bat udal arduradunei, baina ez dutela erantzunik jaso. Bestetik, Asesga patronalarekin abendura arte ez direla bilduko baieztatu dute sindikatuek. Diotenez, urtebete daramate hitzarmen kolektiboaren negoziazio-bilerak egiten, eta «nabaria» da negoziazioa ez aurrera ez atzera dagoela.

Era berean, «enpresek TAO zerbitzua bermatu ezin badute ere», Udalak enpresa horiei ordaintzen jarraitzen dutela kritikatu dute. Sindikatuek adierazi dutenez, «lantoki askok ez dute ireki, plantillen ordutegiak aldatu dira eta ez dute negoziazio mahaira itzultzeko asmorik erakutsi, gutxienez abendura arte».