INFO

Patronalaren jarrera salatu eta beste bost greba egun berretsi dituzte Bizkaiko Metalgintzan

LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek grebara deitu dute ofizialki azaroaren 28tik abenduaren 2ra Bizkaiko Metalgintzako sektorean. Gehiengoa duten sindikatu hauek patronalaren azken eskaintzak sektoreko lan baldintzak «pobretu eta prekarizatzen» dituela salatu dute.

Bizkaiko Metalgintzako sindikatuen prentsaurrekoa greba egunen berri emateko. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Atzoko negoziazio mahaiaren bilera akordiorik gabe bukatu ondoren, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek beste 5 greba egun erregistratu dituzte Bizkaiko metalgintzako sektorean, azaroaren 28tik abenduaren 2ra.

Gehiengoa duten sindikatu hauek bilerara «gutxieneko hobekuntza» batekin joan izana egotzi diote FVEM patronalari, «ehuneko puntu bateko soldata igoerarekin, tauletan erosteko ahalmena bermatu gabe eta malgutasunean, gutxieneko bermean eta aldi baterako ezintasun osagarrietan zituen atzerapenak mantenduz».

Eskaintza horrek sektoreko lan baldintzak «pobretu eta prekarizatzen» dituela salatu dute. Gainera, akordioa blokeatzen ari diren enpresek etekinak metatzen dituztela gogoratu dute, hala nola, Tecunik 3 milioi euro baino gehiagoko irabaziak ditu, Artechek ia 9 milioi euro, Sidenor taldeak 25 milioi euro baino gehiago, Ormazabal taldeak 11 milioi inguruko irabaziak eta Elduk 6 milioi eta erdiko irabaziak.

Horregatik, «patronalak bere asmoetan tematuta jarraitzen badu», azaroaren 28tik abenduaren 2ra berriro ere ekoizpena geldituko dutela iragarri dute sindikatuek. «Berriz antolatuko gara piketeetan goizeko 5.00etan, eta ez Eusko Jaurlaritzak eta EAJk bidalitako Ertzaintzaren errepresioak, ezta patronalaren gezurrek eta manipulazioek, ez dute geldiaraziko bere lan eta bizi baldintzak amaiera arte defendatzeko prest dagoen sektorea», aldarrikatu dute asteazken honetan Bilbon egindako agerraldian.

Gainera, greba egunak baino lehen eta egun horietan, negozioazioan langileen lan baaldintzen hobekuntzak ukatzen dituzten enpresak aipatu eta blokeatuko dituztela aurreratu dute. «Era berean, langileen alde jarri beharrean, patronalarekin lerrokatzen direnak enpresa eta eragileak seinalatuko eta interpelatuko ditugu», gaineratu dute.

Izan ere, azaroaren 2an amaitu zen Bizkaiko Metalgintzako greben bigarren fasea. Langileek sektoreko hainbat enpresaren ekoizpena 3 egunez etetea lortu zuten. Era berean, langileen aurkako errepresioa salatu dute sindikatuek. Haien datuen arabera, bi langile atxilotu eta beste hainbat identifikazio, isun eta atxikipen izan dira, zaurituez aparte.

ELA, bera kabuz

ELA sindikatuak greba egunak areagotzeko apustua berretsi du, greba mugagabea baztertu gabe. Datozen egunetan, ELAk Bizkaiko Metalgintzako ordezkariak bilduko ditu, erabakiak hartzeko. Orain arte bere kabuz deitu ditu grebak.