INFO

Martxel Iztueta, aurreikuspen guztiak betetzen hasteko prest den atzelaria

Pilotari tolosar dotoreak 18 urterekin egingo du ostiral honetan debuta Baikorekin eta Bilboko enpresan itxaropen handia dute lehen mailako pilotaria izatera helduko dela.

Martxel Iztuetak bi urterako sinatu du Baikorekin. (BAIKO PILOTA)

«Azkeneko urtebete honetan afizionatu mailan gorakada handiena egi duen pilotaria da. Momentu honetan afizionatuetan atzelaririk hoberena, nahiz eta oraindik oso gaztea izan. Normala denez, oraindik marjen handia du, baina oso atzelari konpletoa da, bi esku on ditu, klase handiko pilotaria da, ikusteko oso gustagarria, oso sueltoa, kantxan oso ongi dabilena. Zorte pixka bat baldin badu, eta orain bezala lanean jarraitzen badu, nire ustez atzelari handi bat izan daiteke», hitz hauekin deskribatu zuen Aimar Olaizola, Baikoko kirol zuzendariak, ostiral honetan bere enpresan profesionaletara jauzia emango duen Martxel Iztueta atzelari tolosar gaztea. Hitzok argi uzten dute enpresan bertan, eta baita afizionatu mailako pilotazaleen artean debut honek sortutako ikusmina, are gehiago azken urteetan atzeko koadroetan egon diren gabeziak ezagututa, baina ezin ahaztu 18 urteko pilotari batez ari garela eta gaur egungo esku pilota profesionalean gazteekin izaten den gero eta pazientzia txikiagoarekin, espero dugu ez daitezela presio iturri bilakatu.

Baina gauzak ongi, pilota joko bat da eta asko dira eragiten duten faktoreak, lehen mailan bide luzea egiteko dohainak dituen atzelari batek bere lehen partida jokatuko du profesionaletan bere bigarren etxea izan den Beotibar pilotalekuan. Tolosaldeako harrobiak fruituak ematen jarraitzen du eta azken urteetan Olaetxea anaiek bertan egindako lan eskergak beste ale bat eman du eta bi izango dira Gipuzkoako hiriburu izandako herriko profesionalak. Debuterako Unai Laso, egungo Buruz Buruko txapelduna, izango du lagun eta Erik Jaka eta Aitor Aranguren izango dituzte parean, lehen azterketa zaila baina egokia dirudiena, aginagarra ez delako hausten duen atzelari horietakoa.

Debut zaila baina egokia

Lasorekin ez, baina beste biekin hamaika entrenamendutan batera aritutakoa da Iztueta iazko urrian Baikorekin aurreakordioa sinatu zuenetik eta afizionatuetan emandako azken hilabeteetan arreta piztu duen pilotaria izan da, kantxan oso elegantea baita bere mugimenduetan. Fisikoki, gaur egun puntaren puntan dauden atzelarien profila betetzen du goitik behera, altua, fina eta palanka handikoa eta zailtzea izango da bere erronka sinatuta dituen lehen bi urteetan. 

Gorputza erabat egin gabe eta afizionatuetan oraindik oso gutxi jokatuta, izan daiteke debuta azkarregi datorkiola pentsa dezaketenak, baina badira bizian behin pasatzen diren trenak eta espero izatekoa da, ostiral honetan herrian bertan hartuko duenak urrutira eramango duela. Gainera, pilota enpresak gaur egun eratuta dauden eran, onerako eta txarrerako, parean zakur zahar gutxi topatuko ditu.

Enpresatik ezer esan ez dioten arren, pentsatzekoa azaroaren 25ean hasiko den Promozio mailako Binakako txapelketan sartuko duela enpresak eta horrek beharko luke, presio handirik gabe, maila berrira ohitzeko modurik onena, astetik astera partidak jokatzea baita halako gazte batek aurrera egiteko behar duena, are gehiago azken urtean eskuetan arazotxo batzuek izan dituen atzelari batek.

Pilota Pro Fest Zornotzan

Bestalde, Zornotzak esku pilota profesionaleko lau jaialdi hartuko ditu abenduan hasi eta martxora bitartean hilabete bakoitzeko lehenengo ostiralean, eta Lehenengo mailako Binakako Txapelketako partidak jokatuko dituzte lau jaialdietan.

Abenduaren 2an, urtarrilaren 6an, otsailaren 3an eta martxoaren 3an, gaueko 22:00etan, antolatu dituzte lau pilota jaialdiak. Musikaz girotuta egongo dira eta Baikoko zein Aspeko kirol materiala zozketatuko dute.