Hezkuntzaren gaineko eztabaidan, posizioa azaldu eta erronkak zehaztu ditu EH Bilduk
Sare sozialetan zabaldutako bideoan, EH Bilduko kide Pello Otxandianok eta Ikoitz Arresek Hezkuntza Akordioaren osteko testuinguruaz koalizioak egiten duen irakurketa azaldu eta legearen helburu eta erronkak zehazten dituzte. Unea historikoa dela nabarmentzen dute.
EAEko Hezkuntza Legearen bidean eztabaida bizi-bizia denean, EH Bilduk auzi honetan duen posizioa zehaztu eta aurrera begirako erronkak azaldu ditu, betiere unearen izaera historikoa nabarmenduz. «Badaukagu tresna bat, nahiz eta oraindik legea falta den, euskal hezkuntzagintzaren fase berri bat abiarazteko», aipatzen du Programa zuzendari Pello Otxandianok bilkideei zuzendutako bideoan. Berari dagokio irakurketa orokorra egitea, eta Hezkuntza idazkari Ikoitz Arresek Hezkuntza Akordioa onartu ostean emandako pausoak azaltzen ditu.
Hasteko, hezkuntza arloan eta esparru politikoan dauden adostasunak aipatzen ditu Otxandianok, eta hauek sistemaren deszentralizazioaren eta iraultza pedagogikoaren beharrean, eta euskalduntze prozesuan zein euskal kulturaren transmisioan eskolak bete behar duen funtsezko paperean kokatzen ditu. Hortik aurrera, desadostasunak eta ikuspegi ezberdinak badirela aitortzen du, eta helburu horiek erdiesteko jarraitu beharreko ibilbidean eta estrategian ematen direla esaten du.
Aurrekariak eta hipotesiak
Diferentzia horiek berriak ez direla oroitarazten du koalizioaren Programa zuzendariak, eta 1980ko hamarkadan izandako akordio saiakerak, porrot egin zutenak, gogora ekartzen ditu. 1993ko Hezkuntza Legea ezintasun horren isla izan zen eta hezkuntzagintzan egoera «traumatikoa» sortu zuen, bideoan azpimarratzen duenez.
Horregatik, berebiziko garrantzia ematen dio apirilaren 7an erdietsitako Hezkuntza Akordioari, eta «bi posizio ustez antagoniko historiko horien arteko sintesi bat» dela esaten du, «lehen aldiz forma instituzionala hartu duena».
Parlamentuko lau talde nagusiek zabaldutako bidearen alde gehiengo bat dagoela nabarmentzen du EH Bilduk, baina onartzen du badaudela, baita ere, sisteman sartu nahi duten ikastetxe kontzertatu guztien publifikazio prozesu bat gertatu behar dela esaten dutenak, «aurrebaldintza bezala, desio dugun ipar horretan elkarrekin bidea egiteko».
Beraz, berriz ere mahai gainean bi hipotesi garaikide daude: publifikazioarena eta akordioan planteatzen den konfluentziarena. «Biak dira balekoak edo koherenteak hipotesi gisa, eta biek dituzte tolesturak», dio Otxandianok, bakoitzaren indarguneak eta arriskuak azalduz.
Iragan ikasturtean hipotesi baten alde egin zela azpimarratzen du, eta aukeraren izaera historikoa gogoratzen du, nahiz eta gaineratzen duen oraindik ere «korapilo dezente» askatu behar direla, «herri gisa funtsezkoak direnak». Segregazioa, euskalduntzean eskolak egin beharreko ekarpena, eraldaketa pedagogikoa, deszentralizazio prozesua aipatzen ditu.
Borroka estrategikoa
Otxandianok ohartarazi zuen badaudela «segregazioaren kontrako borroka eta euskalduntzea eta euskal kulturaren garapena kontrajartzen dituzten ahotsak eta hor dikotomia bat marrazten dutenak»; eta haiei erantzunez, adierazi zuen hor ez dagoela dikotomiarik, «elkarren eskutik ulertu behar diren bi prozesu daude». Hau esanda, «kohesio soziala independentismoarentzat funtsezkoa» dela azpimarratu zuen.
«Ez badago kohesio sozialik, ez dago herririk; herririk ez badago, ez dago naziorik; eta naziorik ez badago, ez dago estaturik», ondorioztatu zuen EH Bilduko kideak. Gaineratu zuen «klase eta jatorriagatik segregazioaren kontrako borroka estrategikoa» dela independentismoarentzat, «berdintasunaren nozio ezkerreko batetik eta ikuspegi independentista batetik».
Hausnarketa biribiltzeko, gogoratu zuen historikoki demostratu dela «euskal kulturaren defentsa eta garapena, eta gizarte berdintasunaren aldeko borroka eskutik joan daitezkeela».
Otxandianok legeak bermatu beharreko hiru osagai aipatu zituen: Euskal Hezkuntza Zerbitzua arautzea, hori baita «Hezkuntza Akordioaren muina»; «euskalduntzean eman beharreko saltoa» zehaztea; eta «sistemaren gobernantzan deszentralizazioan urrats argiak» egitea. «Eskuartean dugunaz jabetu beharra daukagu: ez da aukera bat gauden lekuan geratzea».
34 eragileen ekarpenak
Hezkuntza Legearen tramitazioak aurrera jarraitzen du, baina EH Bilduko kideek zehazten dutenez, oraindik pauso asko ematea falta zaio. Alde horretatik, irailean Hezkuntza Sailak zabaldu zuena lehenengo aurreproiektua dela gogora ekartzen dute, «zirriborro bat besterik ez den txostena».
Aurreproiektu hori publiko egin eta jarraian ekarpenak jasotzeko bidea zabaldu zen, eta, Arresek aipatu bezala, 34 eragileren ekarpenak jaso ditu hasierako fase horretan. Aurreproiektu berri bat egin behar du orain Lakuak, eta espero da, bideoan aipatzen denez, Gobernuak abenduaren bukaeran edo urtarrilaren hasieran lege proiektua onartzea. Baina, hori gertatzen denean, eztabaida hasiko da Ganberan, beharrezko zuzenketak egiteko. «Ez dago ezer itxita», azpimarratzen du EH Bilduko kideak. Bide luzea dago.