INFO

Euskaraldiak erreleboa hartu dio Errigoraren kanpainari, euskara hauspotzen segitzeko

Errigorak eta Euskaraldiak agerraldi bateratua egin dute Iruñean. Baten kanpainaren amaiera besteraren hasierarekin lotu dute, euskararen aldeko errelebo hori irudikatuz.

Errigorako eta Euskaraldiko kideak, elkarrekin. (Errigora)

Iruñeko Geltoki espazioan bildu dira gaur Errigorako eta Euskaraldiko kideak, izan ere, Errigoraren kanpaina bukatu berri da eta Euskaraldia lau egun barru hasiko da. Gaurkoan, errelebo hori irudikatu dute.

Ibai Sueskun Errigorako kideak gogora ekarri du azken kanpaina. «Nafarroa erdi eta hegoaldeko dozenaka nekazarik bildutako uztatik 24 ekoizlek saskietako produktuak jarri dituzte, Errigoraren ehunka boluntariok mezulari eta eskaera biltzaile lanak egin dituzte, Aek, Sortzen eta Ikastolen Elkartea antolaketaren parte izan dira,  hainbat eragile eta erakundek bat bere egin du kanpainarekin eta milaka kontsumitzailek egin du eskaera».

Honen ondotik, «200.000 euro gehiago» izango dira Lodosa, Tutera eta Bianako ikastoletan, Ager osoko Aek-ren euskaltegietan bekak bantzeko, eskoletan D ereduko lerroak bultzatzeko eta  Agerraldia egitasmoaren baitan urte guztirako agenda zabala osatzeko.

Sueskunek, era berean, azpimarra jarri du Azaroaren 5ean Azkoienen egin ziren Agerreko euskaltzaleen Topaketetan. «Hunkigarria izan da nola bat egin duten euskaltzaleek, elkar ezagutu eta elkarrekin euskararentzako erronka zahar-berriak partekatzeko. Karkar, Zarrakastelu, Tutera, Mendabia, Biana,  Lizarra, Kaseda, Zangoza, Oteiza, Tafalla, Kaparroso,… Ager zonaldeko herri eta eskualdeen ordezkaritza zabala batera eta ilusioz aritzea itzela izan da» azaldu du.

Orain, Euskaraldiarekin «bete-betean» bat egingo duela esanez bukatu du Sueskunek. Hau hasteko lau egun baino gelditzen ez direnean, Saioa Goñik, Euskaltzaleen Topaguneko kideak «mugimendu handia» sumatzen dela adierazi du, eta «urteek ematen duten esperientzia» ere nabari dela «ariketa azaltzeko eta ulertzeko sakontasunean».

«Milaka» belarriprest eta ahobizik baieztatu dute jada ariketa sozialera batuko direla, baina oraindik egin ez duenak webgunean egin dezake.

Aurten, Euskaraldiak, ariketaren inguruan belarriprest eta ahobiziek izan ditzaketen «erronkak» ikustarazi nahi ditu. Goñik aditzera eman duen moduan, «askotariko erronkak dituzte herritarrek 15 egun hauetarako: buruan duzun lagun horrekin 15 egunetan euskaraz mintzatzea, saltoki berrietan lehen hitza euskaraz egitea, okindegiko saltzailearekin elkarrizketa elebidunak izaten saiatzea…. Aldaketa txiki, ertain eta handiekin etorriko baita aldaketa hizkuntza ohituretan».

Ahobizi edo belarriprest izango diren guztiei egin die eskaera: «Grabatu mugikorrarekin zuen erronka, eta igo zuen sare sozialetara, @euskaraldia aipuarekin eta #HitzezEkiteko traola erabilita».

Bestalde, Euskaraldiaren ikusgarritasunak «garrantzia handia» du ariketa egiteko unean, adierazi duenez. Beraz, balkoietan, leihoetan eta erakusleihoetan banderatxoak jartzeko deia egin dute Euskaltzaleen Topagunetik eta ikusgarritasun horrekin lotuta, ariketa egiteko hain beharrezkoa den txapa egunero-egunero paparrean jantzita eramateko deia egin du Goñik, «ariketa egin edo ez egitearen aldea egon baitateke inguruan txaparik ez topatzeak».