INFO

‘Lur gainean, itzal azpian’, emakume nekazariak ezagutzeko, estereotipoen estalkia kenduta

Josebe Blanco hitzaurrearen egileak adierazi bezala, emakume nekazarien ahotsak beren eztarriak behar ditu, beren ahots kordarik gabe tonua galduta dator. Afinatzaile trebeen gisan, Leire Milikuak mimo handiz jaso ditu euren hitzak ‘Lur gainean, itzal azpian’ Susarekin argitaratutako liburuan.

Mahaian, ezker-eskuin, Josebe Blanco, Leire Milikua eta Jule Goikoetxea, ‘Lur gainean, itzal azpian’ liburua aurkezten, Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Leire Milikua Larramendi idazleak idatzitako saiakera da ‘Lur gainean, itzal azpian. Emakume nekazariak eta parte hartzea’. Lisipe bildumako ale berria, hamabigarrena, Susa argitaletxearekin plazaratua. Astelehen honetan aurkeztu dute, Donostiako Pandora tabernan, «geldirik egoten ez dakiten» hiru emakumek: idazleak, Josebe Blanco nekazariak eta hitzaurrearen egileak, eta Jule Goikoetxea bildumaren arduradunak.

Liburu honetan emakume baserritar askoren ahotsak daude bilduta. Blancoren hitzetan, «aukera ezin hobea da gu ezagutzeko, estereotipoen estalkia kenduta». Izan ere, azpimarratu duenez, «hiritik eta hirira bizi den mundu honek ez gaitu ikusten, inondik inora». Landa eremua inon azaltzen bada, betelanean da. «Baserritarrok ere toki gutxi izaten dugu eta azkenak gu gara, emakume baserritarrok, beti itzalpean, fokurik gabe».

Idazleak adierazi duenez, «modu asko daude kolektibo horren alde egiteko, eguneroko erosketetatik hasi eta iruditegia hedatzeko diziplina sortzaileetan toki bat emateraino. Sektorea ez dago bere onenean, parte hartzea ez dago bere onenean, emakume izatea ez da izan onenaren sinonimo, eta emakume hauek hor daude eta gure ardura da beraiek ikustea, itzaletik ateratzea, erdigunera ekartzea, behar-beharrezkoak ditugulako».

Obra honek gure begirada argitzeko, zabaltzeko eta eraldatzeko balio izatea desio du, eta liburuek duten gaitasun garraiatzailearen bitartez kontatutakoak mintzagai bihurtzeko ere bai.

«Harrituko zaitu»

1985ean sortua, Arkitektura ikasia, hainbat eremutan ibilia da Milikua, agroekologian eta genero berdintasunean besteak beste. Begirada poliedrikoa aldarrikatzen du sutsuki, eta alderdi ezberdinak uztartzen dira liburuan ere.

«Emakumeak patriarkatuan bizi dituen biolentzia ezberdinak landa eremura ekartzen ditu, batez ere sinbolikoa», azaldu du Goikoetxeak. Galdera asko planteatzen dituela esan du: parte hartzeak zer erlazio du lanarekin (ordaindua eta ez ordaindua), eta politika publikoekin? Zer gertatzen da boterearekin? Nola hartzen dituzte erabakiak? Nola aldatu da gaur egungo egoera gure amonekin alderatuta? Ba al dute emakume landatarrek kosmobisio berezirik?

«Hiritik irakurtzen bagaituzu ezustekoak hartuko dituzu. Hori nahi dugu, harridura», nabarmendu du Lisiperen arduradunak.

Leiho eta bozgorailu

«Liburu honek izan nahi du leiho eta bozgorailu», agertu du egileak. Hiru atalek eratzen dute. Lehenengoak ‘Lur gainean’ izenburua du eta liburuaren begirada enmarkatzen den leihoa da. «Paisaiak beti dira ispilu eta isla, eta gaur egun begiratu egiten dugu baina ez dugu asko ikusten, are gutxiago ulertzen», ohartarazi du. «Lurretik urrundu egin gara, eta kuriosoa da nola mantentzen diren iruditeria kolektiboan landa eremua eta lehen sektorea lotzea, baita landa eremuko emakumea eta emakume baserritarra ere».

Nekazari emakumeak dira protagonista obran, «baina nekazaritza jarduera nagusi duten zenbat emakume ezagutzen dituzue?», egin du galdera Milikuak. Halako itaunak ugari dira liburuan, baita argazkiak ere. Adibidez: EAEko biztanleriaren %89 bizi da herrigune edo hiri eremuetan eta horiek hartzen dute azalera osoaren %12. Eta alderantziz, azaleraren zati handienean, %88an, bizi da biztanleriaren %10 pasatxo.

Hiru aldiz subalterno

Idazleak nabarmendu duenez, hiru aldiz subalterno dira emakume nekazariak, hiru aldiz ertzeko eta botere hegemonikoa dutenen mendeko; landatarrak, nekazariak eta emakumeak direlako urbanozentrista, kapitalzentrista eta heteropatriarkala den sisteman. Eta, era berean funtsezkoak izan dira eta dira.

«Egiturazko funtzioa dute gure bizitzan, baina ez ditugu aliatu, are gutxiago subjektu edo eragile kontsideratzen».

Bigarren atalean, ‘Itzal azpian’ izenekoan, leiho funtzioari bozgorailu funtzioa gehitzen zaio. «Ahotsa badute eta. Gu gabe ere badira. Non dira? Itzalean». Sektorea historikoki gizonen mundu gisa irudikatu da, eurak joan dira feriara, tratura, ordezkaritzara. Baina emakume nekazariak beti egon dira gure paisaiak eratzen dituzten lurretan.

«Honek beti bezala jarraitu behar du»

‘Ordezkatuak eta ikusgarriak’ ikerlanetik abiatu zen liburu hau. Emakume nekazarien ahotsak jaso zituen Milikuak bertan. Sektoreko emakumeen erantzunen arabera, gizonezko adinekoenen artean, historikoki erabakiguneetan parte hartu dutenen artean, mantra bat errepikatzen da: «Honek beti bezala jarraitu behar du». Eta, horrekin lotuta, bigarren bat: «Zer erakutsiko didazu zuk niri?».

Hirugarren atalak ‘Mugimenduan’ titulua du. Bertan gogoeta bat egiten da: gaur egungo emakume nekazariek lana biderkatu behar dute hitzaldi eta mobilizazioetan parte hartzeko, beren biziraupenaren alde borrokatzeko. Prest daude baina ezin dute bakarrik egin, beren espezieak Euskal Herrian irautea nahi badugu behintzat. «Gaia potoloegia da, erantzukizuna handiegia, eta bidegabeegia, zama osoa beraien gain soilik jartzeko. Aliantzak beharrezkoak dira, batzea biderkatzea baita».