INFO

Pasaiako badiako ur maila 50 zentimetro eta bi metro bitarte igo daiteke 2100 urterako

Klima aldaketak Pasaiako badian eragin zuzena izan dezake; datuek erakusten dute mende honen bigarren erdian uholdeak jasateko arrisku handia dagoela eta 2100 urterako 50 zentimetro eta bi metro bitarte igo daitekeela uraren maila.

Pasaiako badiako uraren maila igotzea ekar dezake klima aldaketak (Jon Urbe | FOKU)

Pasaiako Udalaren eskutik aurkeztu da astelehen honetan klima aldaketak bertan eragindako kalteberatasunari buruzko ebaluazio txostena. Klima aldaketaren ondorioz itsas maila igotzeak badiako udalerriei nola eragingo dien aztertu da. Ondorioek adierazten dute mende honen bigarren erdian uholdeak jasateko arrisku handia dagoela Pasai Antxo, Herrera eta San Pedron eta Donibaneko zati batean. Halaber, aurreikuspenik txarrenen arabera, portua ere urpean geratuko litzateke.

Gipuzkoako Itsasoaren eta Kostaldearen Behatokiaren Focus txostenak adierazten duenez, Bizkaiko Golkoko itsasoaren batez besteko maila 1,7 eta 3,4 cm artean igotzen ari da hamarkada bakoitzeko, 90eko hamarkadatik.

Pasaiari dagokionez, Asmatu enpresak egin du ikerketa, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru Departamentuak eskatuta. Asmaturen txostenak aurreikusten du 2100 urterako uraren maila 50 cm eta 2 m arteanigoko dela. Ondorio horietara iristeko, azterlanak hainbat faktore analizatu ditu: uraren tenperatura, olatuen aldaketa edo gizakiak ibai eta itsas ertzeetan duen eragina.

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azpimarratu duenez, «ezagutza eta zehaztasun zientifikoa ezinbestekoak dira klima aldaketaren ondorioei aurre hartu eta klima ekintzarik egokiena diseinatzeko, hala ondorioak arintzeari nola egokitzeko politikei dagokienez. Eta, jakina, Pasaiaren kasuan bezala, beharrezkoa da erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa, udalerriaren eta herritarren etorkizuna zaintzeko estrategia klimatikoak ezartzeko orduan».

Hartu beharreko neurriak

Etorkizunean itsas mailak gora egiten badu eraginak jasango lituzketen udalerriak babesteko neurriak izango dira ingurunea babestekoak, eta horrek lurraren estetika aldatuko du, baita portuko jarduna ere. Proposamenetako bat da horma perimetral bat eraikitzea, funtzio bikoitzarekin: ura Pasai Antxon ez sartzea eta Molinao errekastoa bideratzea. Portuaren barneko eremua eta aldameneko herriak babesteko 10 km-ko horma bat eraiki beharko litzateke, perimetroko babes dikeekin. Neurri zuzentzaileen artean ere aurreikusten da badiara sartzeko eta irteteko itsasartean esklusa bat eraikitzeko aukera, portuaren barneko ur maila erregulatzeko.

Izaskun Gomez Pasaiako alkateak adierazi due «arau subsidiarioak» berrikusten ari direla aurreikusitako arriskuei aurre hartzeko: «Txostenak administrazioei adierazten digu modu koordinatuan jardun behar dugula, eta horretan ahaleginduko naiz, hala gai honetan nola pasaitarren bizikidetza egokia lortzeko beharrezkoa den gainerako gaietan»

Rafaela Romero Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako kogobernantzaren garrantzia azpimarratu du: «Gure zeregina izan da bultzatzaile gisa jardutea balizko agertoki batzuk aztertzerakoan. Balizko konponbideak gauzatzeko Foru Aldundiak ez ezik, Udalak eta Portu Agintaritzak ere jardun behar dute. Azken urteotan egiten ari garenaren ildotik, administrazioen arteko elkarrizketarako eta lankidetzarako politikatik soilik izango gara gai konponbideak gauzatzeko».