INFO

Aland uharteak, autonomo eta estrategiko Baltikoan

Itsaso Baltikoan, Suedia eta Finlandia artean, bada estatus berezia daukan artxipelago bat: Aland uharteak. Finlandiako Estatuaren baitan dira irlak, baina suediera da bertako hizkuntza ofizial bakarra. Duela ehun urte lortutako autonomia egoeraren ondorio da.

Aland uharteen argazki panoramikoa. (ALAND-EKO TURISMO BULEGOA)

Duela 100 urte Nazioen Ligaren bultzadaz sortutako autonomia egoeraren ondorio da Aland uharteek bizi duten errealitate bitxia. Aurten, mendeurrena ospatzeaz gain, autonomiaren baitan azpimarratzen den beste elementua –suedieraren nagusitasunarekin batera– gogora ekarri dute: Aland uharte desmilitarizatuak dira. Finlandia eta Suedia NATOko kide bihurtu diren honetan, desmilitarizazio horren garrantzia inoiz baino handiagoa da.

Stockholmetik datorren ferrya uharte harritsu txikien artetik igarotzen da, tarteka izeiren bat nabarmentzen dela, Mariehamn Alandeko hiriburuko portura iritsi aurretik. Mugikorrean erlojuak ordubete egin du aurrera, Finlandiako ordutegiarekin bat etortzeko, eta euroa da bertako diru ofiziala, Suedian koroa erabiltzen duten artean. Hortik kanpo, ontzitik jaitsitakoan, nabarmena da asko dutela berezitik uharteok: teknikoki Finlandian daude, bai, baina ez da finlandierazko seinalerik ageri, dena dago suedieraz idatzita, horixe baita Alandeko hizkuntza ofizial bakarra. Uharteak autonomoak direla eta desmilitarizatuta daudela esaten du Mariehamn hiriburuko seinaleak, eta berehala ohartzen gara urte berezia dela hau, 1922-2022 dioten afixak eta ikurrak nongura baitaude, Alanden autonomiaren mendeurrena ospatzeko.

Desmilitarizazioa

Debekatuta dago inolako tropa militarrik egotea uharteotan. Zehazki, «desmilitarizatua eta neutralizatua» da nazioarteko agiriek jaso zutena, eta garrantzitsua da ñabardura: azken puntu hori 1921eko urrian erantsi zuten, eta estatu guztiak behartzen ditu artxipelagoan inolako fortifikaziorik ez eraikitzera, irlak ez daitezen sartu inolako gatazka armatutan eta, ondorioz, ez daitezen estatu batentzat ere mehatxu izan.

Milaka irlaz osatutako artxipelagoa da Aland. 30.000 biztanle ditu eta 12.000 hiriburuan bizi dira (ALAND-EKO TURISMO BULEGOA)

Viveka Löndahl Alandeko Historia Museoko arduradunak uharteotako egoera berezia laburbildu digu: mendeetan Suediako erresumaren mendean egon ostean, 1809an Errusiako Inperioaren kontrolpean geratu ziren Finlandiarekin batera. Garai hartan, uharteak leku estrategiko garrantzitsutzat hartu zituzten, Baltikoaren kontrolerako eta San Petersburgo hiriaren defentsarako. Sobietar Iraultzara arte egon zen Finlandia Errusiaren mendean; jarraian independentzia lortu zuen herrialdeak, «Alandeko biztanleek Suediarekin bat egiteko aukera ikusi zuten, eta hala izatea eskatu zuten. Baina Finlandiak artxipelago berria berari zegokiola defendatu zuen». Azkenean, I. Mundu Gerraren ostean sortu berri zen Nazioen Ligak ebatzi zuen Finlandiaren subiranotasunaren baitan geratuko zirela Aland uharteak, baina autonomia zabala izango zutela bertako hizkuntza eta kultura babesteko. Ondorioz, «Alanden autonomia ez da Finlandiaren barne auzi bat soilik, nazioarteko akordio bat ere bada». Ziur aski, I. Mundu Gerraren ostean sortua eta II. Mundu Gerrara arte iraun zuen eta NBEren aurrekaria izan zen Nazioen Ligaren akordioetatik indarrean dagoen bakarretakoa da.

Mende bat joan da, eta Aland irlek badute Interneteko «.ax» luzapena, matrikula eredu propioa daukate ibilgailuek, eta euren aulkia ere badute Iparraldeko Herrialdeen Kontseiluan. Danimarka, Suedia, Finlandia eta Islandiarekin batera, estaturik gabeko hiru lurralde autonomo daude Kontseiluan: Faroe, Groenlandia eta Aland uharteak. Era berean, burujabetza fiskala du, ez Finlandiaren baitan, baita EBrekiko ere, BEZ zergarik gabeko lurraldea da. Baltikoan dabiltzan ontzi eta ferry erraldoiek, esaterako, tax free salerosketak egiteko baliatzen dute Aland uharteetako eremua igarotzea.

NATOko kide

Finlandia eta Suediaren arteko harremanak duela 100 urte baino askoz hobeak dira gaur egun, eta elkarrekin dihardute hainbat esparrutan. Aland uharteek eta, “Aland konponbideak”, bien arteko zubi hori islatzen dute neurri batean. Helsinkik eta Stockholmek elkarrekin egin dute aurten NATOn sartzeko eskaera ere, urte luzez aukera hori baztertu ostean. Errusiaren erantzunetako bat, hain zuzen ere, Aland uharteetako estatus bereziari buruz izan da. Madrilen uztailean egindako goi bileran, NATOko kide diren estatuek ez zioten oztoporik jarri lurralde desmilitarizatu gisa jarrai dezan, baita Finlandiak elkarte militarrekin bat egiten duenean ere. Alandeko Gobernuko lehen ministroak ere argi esan du: «Zergatik aldatu beharko genuke? Baltikoan egonkortasun faktore bat da gu desmilitarizatuta egotea».

Aland uharteak autonomoak direla eta desmilitarizatuta daudela esaten duen kartela (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Mariehamnen bizi dira milaka irlaz osatutako artxipelago honetako biztanleen herenak baino gehiago: 30 mila alandarretatik 12 milak dute bizilekua hiriburuan. Hiriburuan zein kanpoan, itsasoa beti dago gertu, uharte harritsuak ageri dira, baso berde oparoak, harrizko eliza zaharrak eta egurrezko arkitektura, eta ontzigintzaren garrantzia nabarmentzen da hainbat txokotan. Desmilitarizazio eta neutralizazio horren adibidea Mariehamnetik ordu erdira daukagu errepidez. Kastelholm Erdi Aroko gaztelu dotorea atzean utzita, Bomarsund-eko gotorleku erraldoiaren hondakinak daude. Errusiarrek eraiki zuten 1830eko hamarkadan, Baltikoko pasabideak kontrolatzeko. 1854an Krimeako gerra piztu zenean, handik gutxira Frantziako eta Britainia Handiko armadek eraso eta gotorlekua txikitu zuten. 1856ko Parisko Hitzarmenean Errusiaren mende jarraitu zuen Finlandiak, Aland uharteak barne, baina, lehen aldiz, artxipelagoa lurralde desmilitarizatu izendatu zuten. I. Mundu Gerra amaitzean berretsi zen desmilitarizazio estatus hori; garai hartan Sobietar Batasunak ez zeukan oraindik nazioarteko aitormen handirik –gerra zibila zegoen piztuta– eta ez zegoen Nazioen Ligan. Handik hogei urtera, baina, Stalin Finlandia konkistatzen saiatzean piztu zen Neguko Gerraren ondoren, Moskuk eta Helsinkik bake akordioa izenpetu zuten. Ordutik, sobietar (1992tik errusiar) kontsulatu bat dago Mariehamnen, Bakearen Institutuaren ondo-ondoan. Moskuk otsailean Ukraina inbaditu zuenetik, egunero-egunero egiten dituzte elkarretaratzeak arratsaldeko bostetan Mariehamneko egoitza diplomatikoaren aurrean.

Finlandia ofizialki estatu elebiduna da, suediera hiztunak ehuneko 5 baino ez diren arren, herrialdearen mendebaldeko eta hegoaldeko kostaldean batez ere. XX. mendean zehar murriztuz joan da suedieradun biztanleen kopurua Finlandian, eta finlandiarrek ere, eskolan suediera eskolak hartu arren, nahiago dute sarritan ingelesez hitz egin Suediara baldin badoaz… edo Aland uharteetara. Historia eta Kultura Museoko bisitan, argazki erakusketa baten irekierarekin egin dugu topo. Suedieraz izan da aurkezpena nagusiki, eta argazkilariak, finlandiarra izanik, ingelesez egin du. «Aland uharteetan gehienek ez dakite finlandieraz, edo oso gutxi dakite», diosku Löhndalek, «Suediako telebista ikusi ohi dugu, eta suedierazko hedabideak kontsumitzen ditugu. Museoan bertan, panelak hiru hizkuntzatan ditugu, baina batzuek nahiago lukete suedieraz eta ingelesez soilik izatea». Desmilitarizazioaz gain, motibo praktiko bat ere ba omen dago Alandeko mutilak Finlandiako derrigorrezko soldadutzatik salbuetsita egoteko: ezin parte hartu hizkuntzarik ulertzen ez duten armada batean, finlandieraz baitira aginduak Finlandiako armadan.

Museoaren parean dagoen parkean hiriari izena ematen dion Maria Alexandrovnaren eskultura dago, errusierazko eta suedierazko hitzekin. Mariehamn 1861ean fundatu zuten, artxipelagoa Errusiaren mende zegoela, eta Alexander tsarraren emaztearen omenez jaso zuen izena.

Festa giroa Mariehamn hiriburuan (ALAND-EKO TURISMO BULEGOA)

Parkearen aurrez aurre, udazkeneko eguzki freskoarekin dabiltza paseoan herritarrak oinezkoen gunean. Aldamenean, Aland uharteetako Parlamentua dago. Bertan baino ez dugu ikusi Finlandiako bandera, Suediakoa ere aldamenean duela. Eta Aland uharteetakoa, noski, aurreko biak bezala gurutze nordikoarekin, baina kolore hori, urdin eta gorriz.

Zortzi alderditako 30 diputatu daude Parlamentuan, horietako batek, Ålands Framtid edo Alanden Etorkizunak, egungo statu quoa aldatzea proposatzen du, ez Suediarekin bat egiteko, herrialde independentea eratzeko baizik. Aulki bakarra daukate Legebiltzarrean. Gaur egun gaia ez dago agenda politikoan, baina denek argi dute demokraziarako ona dela planteamendu guztiak egotea mahai gainean.

 

PETRA GRANHOLM: «ITXAROPENAREN UHARTEAK IZAN NAHIKO GENUKE»

Aland uharteetako Bakearen Institutuak 30 urte bete berri ditu. Bertako ikerketa koordinatzailea da Petra Granholm.

Petra Granholm (Urtzi URRUTIKOETXEA)


Zer lan egiten du Bakearen Institutuak?

80ko hamarkadako herri mugimendutik dator, behetik gorako ekimen gisa; lan akademikoa, hezkuntza eta aktibismoa zituen helburu. Gaur egun erakunde akademikoa gara nagusiki, argitalpen ugari ditugu Aland uharteetako ereduaren bidez ezagutza bultzatzeko. Hiru osagai dituen ideia da: autonomia, desmilitarizazioa edo neutralizazioa, eta gutxiengoen babesa. Duela 100 urte piztutako arazoak dira: batetik, nola partekatu boterea; segurtasuna, bestetik, Itsaso Baltikoaren inguruan, eta babesa gutxiengoen kultura eta hizkuntzari dagozkie, euskaldunek erraz uler dezakezuen gisan. Beste lurralde autonomia eta gatazka egoera batzuei begiratzen diegu, batzuetan inspirazio izan gaitezkeelakoan, eta beste batzuetan haiengandik geuk ikasteko.

Hemen suediera ez doa atzera, Finlandiako beste leku batzuen gisan.
Aland uharteetako suediar nortasuna oso desberdina da Finlandiako suediar gutxiengoaren aldean. Nire lana, esate baterako, Finlandiako legearen arabera koordinatzen da; ni ez banago, finlandieraz soilik egingo lukete, baina ni egonez gero, suedieraz egiten saiatzen dira. Haien suediera maila kaskartzen joan da belaunaldiz belaunaldi; nik ere xume jokatzen dut, nire finlandiera ez baita oso ona. Eta ez dira horiek herrialdeko hizkuntza bakarrak, hor daude samiak ere iparraldean. Dibertsitatea ospatu beharko litzateke.

NATOn sartzeak aldaketarik dakar desmilitarizazioan?

Labur erantzunda, ez. Gure politikariek hala berretsi dute, atzerri ministroak, lehen ministroak zein NATOko beste kideek. Gogoratu NATOko beste kide batek ere baduela gune desmilitarizatu bat: Norvegiak Svalbard uharteetan. Beraz, hemen ere ez litzateke ezer aldatu beharko. Bruselan NATOren bileran egindako azalpenean argi utzi zen estatusa ez zela aldatuko. Desmilitarizazioak esan nahi du uharteetan ez dela armadarik izango eta ez dela fortifikaziorik eraikiko. Praktikan, alandarrek ‘bakearen uharte’ deitzen diogu; akatsak dauden bakoitzean nabarmendu dituzte 80ko hamarkadatik. Esaterako, entrenamendu militar baterako itsasontziz garraiatzen bazituzten militarrak gure uharteetatik igarota, protestak izaten ziren, desmilitarizazio estatusaren urraketa bat delako.

Ukrainako inbasioak iritzi publikoa aldatu zuen Finlandian eta Suedian, NATOn sartzearen aurka egotetik ados egotera. Alanden ere bai?

Ez dakit inkesta ofizialik ba ote dagoen, sentipen orokorra da jendea pozik eta ados dagoela; niretzat ezustekoa eta desengainu puntu bat izan da. Arrain handi bat irentsi dugu, pixka bat etsita nago ez delako eztabaida demokratiko gehiagorik izan erabaki hau hartu aurretik. Hemengo iritzi orokorra (NATOri buruz) beti izan da, ‘ez, orain ez’, eta bat-batean dena aldatu da. Nire ustez beldurrean oinarritutako erabakia izan da, eta bestalde, hori ere sentimendu humanoa eta naturala da.

Aipatu duzu badagoela Errusiako kontsulatua.

Bai, parean daukat; udazkeneko giroa dago, fresko, orbelak erortzen, zuhaitzak gorritzen, Ukrainako bandera bat dago kalean, dena dago oso baketsu. Protestak egiten dira arratsaldeetan, beti izan dugu bake mugimendu indartsua hemen, baina ez dago aparteko besterik. Esan izan zen Turku hiriko (Finlandia) kontsulatua itxiko ote zuten, eta ea hemen ere ondoriorik izango zuen. Gakoa da hemen aldebiko akordioa dagoela eta nire iritzian ez litzateke inteligentea izango ezer aldatzen hastea. Besteak beste, Vienako Konbentzioak daudelako tartean nazioarteko agiriak aldatzeko.

Estatus berezia duzue EBn ere.

Suediak eta Finlandiak EBrekin bat egin zutenean, 1995ean, ez zegoen argi Aland uharteak ere sartuko ote ziren, posible zen Danimarkaren mendeko Faroe uharteak eta Groenlandia bezala kanpoan geratzea. Bi erreferendum egin ziren, eta azkenean, zalantzazko baietza izan zen, baldintza batzuen baitan, gutxiengoen babesa bermatuz, baita etxebizitza araua ere. Teknikoki bazterketaren aurkako EBren arauetatik kanpo dago Alandeko etxebizitza eskubidea, baina baldintza bat da hauteskundeetara aurkezteko edo bozkatzeko, baita negozio bat edo lursail bat izateko ere. Jaiotzaz daukazu hemen jaio bazara, eta kanpoan sortu eta bertara etorri bazara, baldintza batzuk daude: bost urtez bertan bizi izana, finlandiar herritartasuna izatea eta suedieraz dakizula frogatzea. Finlandieraren eraginaren aurrean hartutako babesa da; inor ez dadin kanpotik etorri eta uharteak erosi. Neurri konplexua da.

100 urteren ostean, ezer aldatzekorik?

Aland ez da kopiatu eta itsasteko eredu bat, guk nabarmendu nahi dugu badugula 100 urtez funtzionatu duen konponbide baketsu bat, sormena erabilita krisiak konpontzeko. Aland bakearen uharteak dira, baina itxaropenaren uharte izatea ere nahiko nuke. Egun batean Ukrainako gerra amaituko da, eta hor konponbideak aurkitu beharko dira, baita gutxiengoentzat ere.