Bi urteko etenaldiaren ostean, presoen aldeko aldarriak Bilboko kaleak beteko ditu urtarrilean
Urtarrilaren 7an, «Etxera bidea Gertu» lelopean, manifestazio jendetsua izango da Bilbon euskal presoen eskubideen alde. «Bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen aldeko mezua» zabaldu nahi dute Sarek eta Bake Bideak, gaur goizean egindako agerraldian adierazi dutenez.
Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, heldu den urtarrilaren 7an presoen eskubideen aldeko mezuak Bilboko kaleak hartuko ditu berriz ere. Aurrekoetan ez bezala, manifestazio bakarra izango da, Baionan ez baita mobilizaziorik egingo, eta Sarek zein Bake Bideak eta Bakegileek bat egin dute Bizkaiko hiribururako deialdian.
Gaur goizean egindako agerraldian, Bego Atxa eta Joseba Azkarraga Sareko eledunek nabarmendu dute «duintasuna, bizikidetza lortzeko itxaropena eta euskal presoei zein haien familiei eragiten dieten giza eskubideen errespetuaren exijentzia eramango dugu ozen kalera».
Bi urteko geldialdiaren ondoren, «orain da garaia», azpimarratu dute, «asko baitira lortu gabe dauden helburuak». Horiek erdiestea, neurri batean «euskal gehiengo politiko eta sindikalaren bultzadaren esku» dagoela aipatu dute, baina gaineratu dute «funtsean, jendartearen mobilizazioaren menpe» dagoela.
Urruntze politikaren amaieraren atarian
Atxak eta Azkarragak gogoratu dute duela zazpi urle luze Sare Herritarren Sarea sortu zenean bazekitela «erronkak zailak zirela», eta oztopo handiei aurre egin beharko zietela, azken finean, «egoera aldatu nahi ez dutenak ere badirelako».
Baina, hala ere, aurrera egitea lortu dela azpimarratu dute. «Gaur, euskal presoengan eta haien familiengan hamarkada luzeetan pairatutako eskubide urraketeetako bati amaiera emateko atarian gaude: urruntze politikaren amaieran, alegia», nabarmendu dute.
Sareko kideek esan dutenez, nahiz eta oraindik 19 preso urrunduta egin, «hamarkadatan tematu den» eskubide urraketa horri bukaera emateko zorian gaude Hego Euskal Herrian, eta gaineratu dute Ipar Euskal Herrian «Ion Parot eta Jakes Esnalen baldintzapeko askatasunarekin etapa berri baten perspektiba» abiatu dela.
Salbuespen egoera amaitu
Horiek hala, iragarri dute urtarrilaren 7an eta aurrerantzean «ahalegin guztiak» egingo dituztela «espetxe-politika arrunta aplika dadin eta behin betikoz orain arte aplikatu den salbuespen egoera buka dadin».
«Frantzian ala Espainian presio taldeak ditugu parean, konfrontazioa eta sufrimendua betikotzeko interes handia dutenak ditugu parean», aipatu dute, baita ere, eta talde horietako bat Auzitegi Nazionala dela nabarmendu dute. Izan ere, gogoratu dutenez, «Ministerio fiskalaren bidez etengabe blokeatzen ari da presoen etxeratzeko bideari hasiera ematea».
Hau esanda, Atxak eta Azkarragak adierazi dute ez dutela beharrik «inorekin gatazkan aritzeko», baina argi dutela «eskubide urraketa horiek jarraitzen duten bitartean ez garela geldirik egongo».
Zentzu horretan, eta urtarrilaren 7ko ekimenari dagokionean, azaldu dute goizean «ekitaldi garrantzitsua» izango dela Euskalduna Jauregian, alderi politiko, sindikatu eta gizarte-erakundeen parte hartzearekin, eta bertan «bizikidetza baten aldeko bidean nola aurrera egin elkarrekin hausnartzeko».
Eta arratsaldean, 17.00tan, hain zuzen, manifestazioa egingo dute Autonomia kaletik abiatuta Bilboko Udaletxeraino, «Etxera bidea Gertu» lelopean.