INFO

Aiara Industrial Lab, eskualdeko eraldaketa ekonomikoa sustatzeko ekimena abian da

Aiara Industrial Lab martxan jarri dute ostegun honetan Amurrioko Reforren. Ekimena Berehalako Jarduera Planean jasotako neurri multzoaren parte da, eta Aiaraldeko enpresa hornitzaile eta laguntzaileak garatzeko eta proiektu berriak asmatzeko sortu da, eraldaketa ekonomikoa sustatzeko.

Molinuevo, Garcia de Salazar, Castresana eta Añibarro Amurrion izandako agerraldian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Aiara Industrial Lab ekimena aurkeztu dute ostegun honetan Amurrion. Eskualdeko enpresa hornitzaile eta laguntzaileak garatzeko eta proiektu berriak asmatzeko sortu da, eta Aiaralderako Berehalako Jarduera Planaren (BJP) parte da. Aldundiak milioi bat euro bideratuko ditu.

«Aiara Arabako ekonomiaren eragilea izan da betidanik, eta funtsean bere industria indarrari esker izan da. Industria berrasmatzen ari da, eta Aiarak eraldaketa prozesu horren abangoardian egon behar du», adierazi du Pilar Garcia de Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren, Berrikuntzaren eta Demografia Erronkaren Saileko diputatuak.

Honek azaldu duenez, Aiara Industrial Labek bitarteko eta zerbitzu aurreratuak eskaini nahi ditu, hala nola berrikuntza irekiko sistema bat garatzeko zerbitzuak; ekintzaileen, barne ekintzailetzaren eta startup-en garapenerako aholkularitza eta laguntza; enpresa ekimen berriei laguntza estrategikoa, finantzarioa eta komertziala ematea; eta eskualdeko behar espezifikoetara bideratutako prestakuntza.

«Eta horretarako, funtsezkoa da erakundeek elkarrekin lan egitea eta eskualdeko ekonomia sarearekin lankidetzan aritzea», gaineratu du, Aiaraldeak enpresa handi ugari dituela gogoratuz, batez ere hodien, beiraren, automobilaren osagarrien, trenbideen eta zuraren transformazioaren sektoreetan, «eta haien inguruan enpresa laguntzaile ugari biltzen dira».

Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak ere industriaren garrantzia nabarmendu du. Esan duenez, «gure eskualdea ekonomiaren eragilea da lurraldean, bere industriari esker. Proiektu horren bidez, bai Amurrio bai Aiara bultzatuko dira, eskualdean berrikuntza eta ekintzailetza sustatuz aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoa den eraldaketa horri aurre egiteko».

Ander Añibarro Laudioko alkateak enpresekin sustatu beharreko lankidetza goraipatu du, eta eskualdea osatzen duten herrien elkarlana nabarmendu du. Izan ere, Amurrio Bidean, Laudio Hazi eta Aiarako Kuadrillako Ekonomia Sustatzeko Zerbitzuak, eta Araba Garapen Agentzia foru agentziak parte hartu dute Aiara Industrial Laben sorreran.

Halaber, Añibarrok adierazi du Araialdea ez dela «beharrean dagoen eskualdea», baina «sortzen den guztia positiboa» dela ohartarazi du, «lehentasunezko era batean». 

Azken urteetan lan gatazka ugari bizi izan dira Aiaraldean, eta ahaztezina da Tubacexeko langileek egin zuten greba luzea. Borroka horren ondorioz SOS Aiaraldea ekimena jarri zen abian; manifestazioa deitu du ostiral honetan. Laudioko kaleetara aterako dira ‘Zuen aberastasuna gure miseria!’ lelopean.