ELA eta LAB sindikatuek bat egingo dute «aktiboki» Euskaraldiarekin
Uste baino gehiagotan euskaraz komunikatzea posiblea dela frogatu nahi dute ELAk eta LABek eta, horretarako, kanpo komunikazio konfederala euskara hutsean egingo dute. Era berean, sindikatuen bozeramaileek ordezkari eta langileak ahobizi edo belarriprest izatea sustatuko dute.
ELA eta LAB sindikatuek adierazi dute «aktiboki» parte hartuko dutela ostiral honetan hasiko den Euskaraldiaren hirugarren edizioan, eta urtean zehar ere lan mundua euskalduntzeko konpromisoa berretsi dute.
Azaldu dutenez, eguneroko harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzeko asmoa dute eta, era berean, uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatu nahi dute. Horretarako, Euskaraldiak irauten duen bitartean, ahozko kanpo komunikazio konfederala euskara hutsean egingo dute, eta abian dituzten borroka sindikalak proiektatzerakoan, borroka horien protagonista diren ordezkari eta langileekin lanketa egingo dute Euskaraldiari atxiki eta aktboki ahobizi eta belarriprest izan daitezen.
Bi sindikatuek ohar baten bidez adierazi dutenez, urteak dira Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera lankidetza ildo iraunkorra abiatu zutela. Horrela, besteak beste, azken hileotan administrazioa euskalduntzeko proposamena aurkeztu dute, administrazioaren jarduera eta barne funtzionamendua ahalik eta arinen euskalduntzeko.
Gainera, gogorarazi dute duela bi urte eskatu zutela 50 langiletik gorako enpresetan, lanbidearteko akordioaren bidez, euskara planak bultzatzeko neurria, hau da, enpresak edo langileek eskatuta euskara plana gai ordenean jartzeko konpromisoa protokolarizatzea.
«Izan ere, norbanakoak euskalduntzea bezain garrantzitsua da espazioak euskalduntzea. Bide motza luke norbanakoak euskalduntzeak, horren ondoren, norbanako horiek euskara erabiltzeko espazio erosoak izango ez badituzte», adierazi dute.
Euskaraldiaren ostean
Sindikatuen iritziz, «euskararen erabilera erosorako eremua» izan behar du lantokiak eta, norabide horretan, ariguneen bidez enpresek Euskaraldian parte hartzea bultzatuko dute. Ondorioz, 50 langiletik gorako enpresetan dituzten delegatuen bidez, langileen artean konpromiso proposamenak adostu eta enpresako zuzendaritzei aurkeztuko dizkiete, euren inplikazioa eskatzeko. Halaber, konpromiso horiek langileen zein zuzendaritzen artean adostasunez garatu daitezen lan egingo dute.
ELA eta LABen arabera, Euskaraldiaren ondoren, «ezinbestekoa da euskaldunok euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea bermatzeko urratsak egitea». Horrela, 150 enpresa baino gehiago identifikatu eta, ordezkari sindikalen bidez, dinamikak sortuko dituzte lantoki horietan, euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeari begirako neurriak har ditzaten, euskara planak abian jarriz, Bai Euskarari Ziurtagiaria hartuz, euskara batzordeak sortuz zein diagnostkoak eginez. Gainera, horretarako, Euskaraldiaren testuingurua baliatuko dute, bai eta bertan sortuko diren ariguneak ere.