INFO

«Justizia feminista» aldarrikatzeko Iruñeko kaleak hartuko dituzte azaroaren 25ean

‘Indarkeria matxistaren aurka, justizia feminista’ lelopean, Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeon Plataformak mobilizazioa egingo du azaroaren 25ean Iruñean, 20.00etatik aurrera.

Azaroaren 25eko mobilizazioa aurkeztu dute Iruñean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Hilaren 25ean, ‘Indarkeria matxistaren aurka, justizia feminista’ lelopean, Euskal Herriko mugimendu Feministak berriz ere hiriak, herriak eta auzoak hartuko ditu. Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeon Plataformak gaur Iruñean egin duen agerraldian, nafar hiriburuan egingo duten mobilizazioaren berri eman dute. 20.00etan abiatuko da, Gaztelu plazatik.

«Nazkatuta, haserre, nekatuta eta gogaituta gaude. Urtero aldarrikapen, eskaera, kexa eta erreklamazio berdinak egin behar izateaz aspertuta gaude», adierazi du Edurne Erreak. Gogora ekarri du, aurten «ofizialki» Euskal Herrian «hiru emakume erail dituzte, 38 espainiar Estatuan eta ehunka mundu osoan». «Guztiak ez gara indarkeria fisiko honen biktimak, baina indarkeria psikologikoa, sexuala, ekonomikoa, instituzionala....denak dira indarkeria matxistaren aurpegiak eta korapilatu egiten dira, gu guztioi modu batean edo bestean eraginez», nabarmendu du.

Eta indarkeria horiek arlo ezberdinetan eragiten dietela azpimarratu du, eta «are eta gogorragoa» dela emakume zaurgarrienekin. «Gure borrokaren eremu publikoa, kalea, gaua, festa... konkistatu dugu, eta behin eta berriro, haietatik kanporatzen eta etxean zokoratzen saiatzen dira, komunikabide, klase politiko eta gizarteak berak indartutako mezuak emanez», salatu du Erreak. «Baina errealitatea oso ezberdina da eta emakume gehienok pairatzen dugun indarkeria ezagutzen ditugun gizonen eskuetatik dator. Gure lagunak, bikotekide, familia, lankide edo militantzia kide diren gizonengandik dator», adierazi du. «Jotzen, umiliatzen, bortxatzen... gaituztenak, gutarrak dira. Patriarkatuaren seme osasuntsuak».

Hori dela-eta «gure hitza sinestea, aurrera pausu bat ematea eta zuen inguruan inongo bortizkeriarik ez onartzea» eskatu dute.

Urrian jardunaldi batzuk egin zituen mugimendu feministak eta bertatik atera zuten mezu berarekin egingo diote aurre azaroaren 25eko mobilizazioei, bide penal eta punitiboei alternatibak bilatzea. «Instituzioetatik emakumeok indarkeria sala dezagun eskatzen da eta badirudi penala dela bide bakarra. Baina emakume aunitzek ez dute bide hau hautatzen, artatzen dituzten langile juridikoen artean, ez dagoelako hortarako ez formakuntzarik ez sentsibilitaterik eta ondorioz, ez dutelako ez bide seguruena, ez eraginkorrena aurkitzen».

Bide judizial hori jorratzen dutenen artean ere, adierazi dute emakume salatzaileek «bertsioa zalantzan jartzen duten galdeketa bortitzak jasaten dituztela, hala nola birbiktimizatu egiten dituzte eta baita umildu eta gutxietsi ere». Hori dela-eta, «justizia patriarkalak ez digula balio» gaineratu du. «Bere azken xedea zigorra da, eta ez erreparazioa, sortutako kaltearen onarpena eta are gutxiago emakumeok libre bizi gaitezen mekanismoen sorkuntza».

Era berean, bortizkeria matxistatik bizirik atera diren emakumeek behar dituzten baliabideak ere azpimarratu dituzte. «Klase politikoak ezin du lazo morea soinean jarri eta elkarretaratzetan parte hartu, arreta integralean, abegi-etxe eta pisuetan sei hilabeteko itxarote zerrendak dituen bitartean. Behar adina aurrekontu ezarri behar dituzte indarkeria jasaten duten emakumeen susperraldiari aurre egiteko. Izan ere, ez da onargarria indarkeria gaitzestea indarkeria arintzen lagunduko duten mekanismorik eman gabe. Baliabide integralak, publikoak eta kalitatezkoak behar ditugu, itxaron zerrendarik gabeak, emakume erabiltzaile eta langileentzat baldintza duinak dituztenak», nabarmendu du Erreak.

Gizonei mezua: «Gu ez erasotzea»

Justizia feminista horren aldarriaz gain, azaroaren 25ean gizonei mezu zuzen bat igorriko diete: «Gu ez erasotzea edo eraso horien konplize izateari utz diezaiotela». Instituzioei, aldiz, «haien lana egitea» exijitu diete.

«Menpekotasun bizitza batera eta biolentzia ezberdin ugarietara zigortzen gaituen kultura patriarkal baten existentzia ukatzen duten diskurtsoen areagotzearen aurrean, mugimendu feministatik antolatuta eta kaleak hartzen jarraituko dugu», gehitu dute.

Bestetik, espainiar Estatuan onartu eta martxan jarri den lege Sexu-askatasunaren Berme Integralari Buruzko Legea (‘Soilik bai da bai’ izenez ere ezaguna) ere izan dute aipagai, kazetariek galdetuta, batez ere hedabide ezberdinetan espetxe zigor batzuen murriztea albiste eta polemika bihurtu ostean. «Kaltegarria ikusten dugu fokua soilik zigorrean eta erasotzailean jartzea. Hortik atera daitekeen ondorio bakarra zigorra da. Zigor handiagoa edo txikiagoa. Horrek biktima bere biktima paperean uzten du eta bere bizitza ibilbidea mugatu egiten du. Fokua erasotako emakumearengan jartzen badugu, izan erreparazio bidez izan aitortza bidez, orduan eraikiko dugu zerbait duina, zerbait osasuntsua gizarte bezala».