INFO

Uztailaren 23ko blokatze egunean parte hartu zuten hainbat herritar auzipetu dituzte

Bake Bideak eta Bakegileek ostiral arratsalde honetan Baionan jakitera eman dutenez, heldu den abenduaren 15ean, Akizen, eta otsailaren 2an, Baionan, iragan uztailaren 23an hainbat blokeo ekimenetan parte hartu zuten 20 bat euskal herritar epaituko dituzte.

Hainbat auziperatu presente zirela agerraldia egin dute gaur arratsaldean bakegileek Baionako tren geltokian. (Guillaume FAUVEAU) (Guillaume FAUVEAU)

Bake Bideak eta Bakebideak Baionako geltokian antolaturiko agerraldian jakitera eman duenez, iragan uztailaren 23an Ipar Euskal Herriko hamaika tokitan dagoeneko etxeratu diren Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal presoen askatasuna eskatzeko garatu zen blokatze egunean parte hartu zuten hainbat herritar epaituko dituzte ondoko hilabeteetan.

Ekintza horietan parte hartu zuten hainbat lagun, horien artean auzipetuko dituzten ekintzaile batzuk, presente zirela Anaiz Funosas Bake Bidea elkarteko lehendakariak zehaztu duenez, heldu de abenduaren 15ean, Landetako Akize hiriko auzitegian Bokalen trenbidea blokatu zuten bederatzi bakegile epaituko dituzte.

2023ko otsailaren 2an, berriz, A64 eta A63 arteko autobide eremua, Baiona parean, hestera eraman zuen blokeo ekimenean parte hartu zuten bertze hamaika ekintzaile epaituko dituzte, kasu horretan Lapurdiko hiriburuko auzitegian.

Bake Bideak eta Bakegileek herritar horien sostenguz antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu dute. Akizera joateko autobusak antolatuak izanen direla baieztatu dute.

Esnal eta Parot, libre

Bi eragileek oroitarazi dutenez Ion Kepa Parotek eta Jakes Esnalek baldintzapeko askatasuna lortzeko aurkezturiko galderen gainean erabakiak ezagutzeko bezperetan burutu zen iragan uztailaren 23an antolaturiko blokatze eguna.

Fiskaltza antiterroristak 32 urte preso bete zuten preso horien kasuanatxiki zuen ohiko jarrera hertsia gogoan izan dute Bolokik eta Funosasek.

«Muturretako egoera batera» eraman zituztela preso horiek eta horren aurrean herritarrek engaiamendua hartu zutela egoera hori aldarazteko azpimarratu dute biek ala biak.

Bilan baikorra egin dute desobedientzia jardunaldi horretaz, «bere lehenengo erronka lortu zuelako». Finean, blokatze egunaren bidez Ipar Euskjal Herriko ohiko erritmoa motelarazi eta aste batzuetara ezagutarazi zirelako Esnal eta Parot baldintzapeko askatasunean libre uzteko erabakiak.

Parot joan zen urriaren 13an zeharkatu zuen Mureteko espetxearen atea.

Jakes Esnal, berriz, urriaren 18an utzi zuen atzean Lannemezango espetxea.

Garaipen kolektibo gisara jo dute erabaki horiek Bake Bidea eta Bakegileen bozeramaleek.

Era berean, frantses Estatuak gatazkaren ondorioak era integral batean konpontzeari begira agertu duen borondate urriaren aurrean, «Aieteko Konferentziatik honat euskal gizarteak eginiko prozesua aintzat hartu zuela bere deliberoan epaitegiak», nabarmendu dute.

«Herri bat Parisen itxukeriaren aitzinean». Esaldi horrekin laburbildu du Funosak, debekuen gainetik 1.700 herritarren parte-hartzeari esker garatu zen blokatze eguna eta esker oneko hitzak izan ditu arriskuak hartuz, baina era antolatuan, egun hori posible egin zuten herritarrentzat.

Ekintzaileak, trenbidean, Bokalen. (Jon URBE | FOKU)

Hiru puntu nagusietan garatu ziren blokatze ekimenetan –Biarritzeko aireportuan, A64-A63 autobidean eta trenbidea Bokalen– orotara 26 herritar atzeman zituztela oroitarazi du. Ekimen horiek eholako istripu edo arazorik ez zutela sortu mahaigaineratuz.

«Erantzukizunarekin» jokatu zutela herritar horiek «ekintza legitimo bat» era baketsuan aurrera eramanez nabarmendu dute Bakegileek eta Bake Bidea elkarteak.

Horrendako auzietara begira antolatuko diren sostengu egunetara lotzeko gonbidapena luzatu diete euskal herritarrei.