INFO

‘Itsasargia’ herri dinamika abiatu eta Tourra jomugan jarri du Gure Eskuk

Gure Eskuk ostiral honetan jakinarazi duenez, ‘Itsasargia’ eztabaida herritarraren bidez finkatuko du datozen urteetarako norabidea. Prozesua amaitzeko, Nazioarteko Konferentzia bat antolatu dute, eta Tourreko Euskal Herriko etapetan hainbat «ekintza deigarriak» egiteko asmoa dutela iragarri dute.

Gure Eskuk 'Itsasargia' herri dinamika aurkeztu du. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Gure Esku ekimenak ‘Itsasargia’ eztabaida herritarra aurkeztu du ostiral honetan, mugimenduaren datozen urteetarako norabidea adosteko antolaketa eredua birpentsatzeko asmoz. Apirilaren 22an Nazioarteko Konferentzia egingo dute eta, uztailean, Tourra Euskal Herritik abiatuko dela baliatuz, hainbat «ekintza deigarriak» iragarri dituzte ibilbidean zehar.

Josu Etxaburu Gure Eskuren bozeramaileak prozesuaren berri eman du Bilboko La Bolsa jauregian egindako prentsaurrekoan: «Datorren ekainaren 8an hamar urte beteko ditu herri dinamikak, eta une ezin hobea iruditu zaigu arnas luzeko hausnarketa eta eztabaida prozesu bat antolatzeko. Azken aldian, etorkizuna behe-laino artean edo ilun ikusteko joera zabaldu da gure artean. Horregatik uste dugu behar-beharrezkoa dugula etorkizuna argitzen lagunduko digun itsasargi bat. Eta uste dugu, zintzoki, herritarrok garela bidea argituko dugunak, uztailaren 2an Pirinioetan erakutsi genuen bezala».

Eztabaida horren oinarria ‘Itsasargia’ proposamen politikoa izango da. Edukiari dagokionez, hamaika puntuk osatzen dute dokumentua, tartean subiranotasuna, burujabetza, lurraldetasuna, herri akordioak edo «burujabetzarako bidean» dauden munduko beste herriekin elkartasuna. Zentzu honetan, «eragile subiranista» eta «burujabetza artikulaziorako eremu estrategikoa» gisa agertzen da Gure Esku.

Gainera, Gure Eskuk antolaketa eredua ere birpentsatu nahi du prozesu honetan. «Azken urteotan, herri mugimenduak zailtasun handiak izaten ari dira orain arteko ereduari eusteko. Egoera horren aurrean, agortze bidean dirudien eredu batekin tematu baino, pixkanaka bestelako eredu baterantz jotzeko apustua egitea planteatzen dugu, eredu hori zehazki zein izango den oraindik ez dakigu aitortuz, askotan esan ohi dugun bezala, bidea ibiliz egiten da. Orain arte ezagutu izan dugun egituraketatik sare izaera handiagoa izango duen antolaketa berri baterantz jo nahi dugu», zehaztu du Etxaburuk.

Gure Eskuren bazkideak izango dira erabakietan parte hartu ahalko dutenak ‘Plaza’ plataformaren bidez. Dena den, atea zabaldu diote bidelagun izan nahi duen mundu guztiari. Era berean, eztabaida saioak antolatu dituzte herri eta hirietan. Lehenengoa Tolosako Kultur Etxean izango da, abenduaren 15ean, eta Gipuzkoa osoko jendea bildu nahi dute bertan. Gutxienez, lau Hegoaldeko hiriburuetan mahai-inguruak egingo dira, eta herrietako kideen ekimenez, nahi adina herri eta eskualdetan.

Nazioarteko Konferentzia eta Tourra

‘Itsasargia’ prozesua amaitzeko, apirilaren 22an Nazioarteko Konferentzia antolatu du Gure Eskuk, Irungo Ficoban, duela 10 urte mugimenduaren sorrerako agerraldia egin zuten toki berean. «Munduko esperientzia subiranistak gurera ekarriko ditugu, Euskal Herrian politikoki eragin asmoz. Gure Eskuren komunitateko kideek urteurrena ospatzen hasteko hitzordua ere izango da», azaldu du Etxaburuk konferentziari buruz.

Udara begira, Tourra Euskal Herritik abiatzea aprobetxatuko du gure Eskuk bere aldarriak «lau haizeetara zabaltzeko». «Ezinbestekoa iruditzen zaigu Euskal Herria zazpi lurraldek osatzen dugula ozen esatea, eta herri gisa, gure etorkizuna erabaki nahi dugula aldarrikatzea. Horretarako, ekintza deigarriak egin nahi ditugu ibilbidean zehar», hain zuzen lurraldetasunaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriak, jakinarazi du Gure Eskuren bozeramaileak.

2023ko Tourra Bilbotik hasiko da uztailaren 1ean. Bigarren etapak, uztailaren 2an, Gasteiz eta Donostia lotuko du. Hirugarrenean, uztailaren 3an, txirrindulariak Zornotzatik abiatuko dira eta, Bidasoa gurutzatu ostean, Baionan bukatu dute ibilbidea. Guztira, Tourrak egingo du 530 kilometro Hego Euskal Herrian.